Ikasturte berria, gobernu berria

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2016ko ira. 29a, 02:00

Ikasturte berriarekin batera euskal erkidegoko gobernua hautatzeko aukera eman zaigu, eta horregatik bi izenburuak elkarrekin lotu ditut. Ikasturte berria hasteko uda atzean utzi behar: udako beroaldiak, argia, hondartza, itsasoa; finean oporraldia. 

Eta jada udazkenean sartu gara. Egunak laburragoak dira; eguzkia epelagoa eta itsasoa hotzagoa da. Udak kanporatzera bultzatzen gaitu; Udazkenak, aldiz, barneratzera, isiltasunera, hausnarketara. Natura bera ere, gainbehera hasten da: hostoak horitzen; zuhaitzak biluzten. Udazkenak badu bere xarma, udak edo neguak duen bezala. Iritsiko da udaberria; zuhaitzak sortuko dituzte kimu berriak eta gugan ere sortuko dira energia eta asmo berriak. Naturaren zikloan murgildurik gaude.

GOBERNU BERRIA
Ikasturte berriarekin batera, esan bezala, hauteskunde berriak izan ditugu. Oraingo honetan Lehendakaritzarako eta Legebiltzarrerako. Besteetan, idatzi izan dut hauteskunde garaian baina, oraingoan, kanpaina jarraitu dut eta, egia esan aspergarri samar egin zait. Zarata asko, hitz ugari, agindu gehiegi eta mami gutxi. Horrekin ez dut esan nahi ez dutela interesik, pertsonok norbanakoak eta herri baten partaide baikara. Eta emaitzak ezagutu ondoren, ba, nire hausnarketatxoa egitea erabaki dut Aiurriko zutabean, ikasturte berria estreinatuz horrela.

Hauteskunde aurretik inkestak zabaldu ohi dira bozka nori eman zalantzan daudenak mugiarazteko, baina, ez naiz harritzen inkestak nola egiten diren ikusita, zenbaitetan huts egiten dutela eta emaitzak guztiz alderantzizkoak izatea. Halere, gaurkoak ez dira inkestak datu errealak baizik. Dena den, nire irudiko, oraingoan eta Euskal Herriari dagokionez, nahiko ondo asmatu dute.

Alderdiei dagokionez, EAJk bozka asko lortu ditu abantaila handia lortuz. Bozka horiekin Urkulluk lehendakari izateko ez du zailtasunik izanen. Gehiengo absolutua, ordea, zorionez, ez du izango eta itunak, akordioak lortzen saiatu beharko da. Hori beti da onuragarria herritarrontzat. Jakina, itunak egiterakoan kontuan hartu beharko du batekin lortzen duena besteak kanpo utzi ez ditzan. Nire ustez, era askotako itunak egin daitezke. Badirudi borondate hori egon badagoela. Kontua izango da PSOErekin itun itxia egiten badu, nola demontre garatuko duen hainbat aldiz errepikatutako mantra hori: status berriarena, alegia.

EH Bilduk nahiz eta aurrekoarekin alderatuz botoak galdu, gorantz egin du. Aitortu behar dut kanpaina ona egin duela, beti ere, Arnaldok duen karisma kontuan hartuta. Espaniako Gobernuari inhabilitazioa ez zaio merke irten. Ondo jokatu dute, ez dira probokazioan erori eta bereari ekin diote. Bestalde, eta beti ere nire ustean, jende eta aurpegi berri asko sartu dira, batik bat, emakumeak. Lehengo aurpegiak atzean geratu dira eta, berriek aire berria eman diote. Nik uste, oposizioan lan sakona egin dezaketela Elkarrekin Podemosekin, eta zenbaitetan PSOErekin ere bai. Zergatik ez? Bakegintzan, biktima guztien errekonozimenduan, presoen hurbilketan eta erabakitzeko eskubidean ildo berriak ireki ditzake. Badago aitzurra non sartu.

Elkarrekin Podemos indartsu sartu da. Jakin banekien ez zituela Espainiako hauteskundeetan lortutako emaitzak errepikatuko. Hauteskunde bakoitzak, testuinguruak kontuan harturik, erabat desberdinak dira eta halaxe gertatu da. Beraz, ez da analista zorrotza izan behar datu hori kontuan hartzeko. Alor sozialetan zein enpleguaren sorreran eta abarretan EH Bildurekin bat egin dezake eta nola ez, erabakitzeko eskubidearen aldeko lanean ere bai.

Ez da guztiz erraza izango, ezen badakigu Elkarrekin Podemos ez dela independentista eta, ez duela inondik ere Kataluniako bidea hartuko. Baina nire ustez, eta hori gustatuko litzaidake, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos adostasun batzuetara iristea, eta hor adosten dutena herriari bozka dezan proposatu. 

Askotan esan dut erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa dela eta ez dela nahastu behar independentziarekin. Gai badira adostasun batera iristeko, bejondeiela. Bakegintzan, biktimak direla nahiz oroimen historikoa dela, gai hauetan ere hiru alderdiek elkarrekin asko egin dezakete. Badago zeregina.

PSOE eta PPk beherakada nabarmena jasan dute. Agian konturatuko dira non dauden eta nolako erantzuna eman behar zaion herri honi. Lehen ere esan dut EAJk hainbeste aldarrikatzen duen status berria eraikitzeko, nahiz eta PSOEkin lege akordioa egin, eskuak libre behar lituzkeela beste alderdiekin ere zenbait arlo eta proiektu garatzeko. Ikusteke dago EAJk zein bide hartuko duen, edota norekin “ezkondu” nahi duen.

Ikusi egin behar. Politikatik harago, gure bizitza aurrera doa eta gure barne oreka ez dago politikoen esku. Gu geu gara gure bizitzaren kudeatzaileak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!