Dena den, zutabe honetako erabakitze eskubidearen aldeko edukia, herri gisa gure herri honi zein egitura eman nahi diogun inguruko galdera da. Gai honi buruz, Aiurrin bertan, artikulu bat baino gehiago idatzi ditut eta errespetuz, nire kezkak eta zalantzak agertu ere bai. Nire kezka izan da, eskubide demokratikoa izanik ez ote dugun independentziarekin berdintzen; eta Bai/Ez dioen galdera batean independentziaren alde ez egon, baino gaurko egituratik aldentzen direnek ba ote duten aukerarik bere erabakia agertzeko.
Kezka horrekin nenbilela Donostian hitzaldia antolatu zuen bertako erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak. Kontxo, esan nion nire buruari: oraintxe diat nire kezka hau argitzeko aukera eta bertara hurbildu nintzen.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko hitzaldia baino, galdeketaren aldekoa zen. Bertan ziren Goierrikoak, Debagoienekoak, Azpeitikoak eta gonbidatu gisa Etxarri Aranazkoa, zeinean dagoeneko egina baitute galdeketa.
Bailara bakoitzeko ordezkoak galdeketarengalderaren berri eman zuen: Goierrikoak burujabetasunaren aldekoa; Debagoienekoak independentzia eta Azpeitikoak ere berdina. Hori, noski, galdera. Arrazoizkoa ikusi nuen herri bakoitzak aukeratu behar duela zer nolako galdera egin, guztiz demokratikoa baiteritzot. Nire galdera izan zen: Bai/Ez horien artean ez ote zegoen ñabardurarik. Hau da, Ezezkoek ez ote zuten aukera beraien herriarekiko egitura forma agertzeko. Ez ote zen komeni lehenik erabakitzeko eskubidearen aldeko bozketa egitea. Erantzun zidaten erabakitzeko eskubideak ez duela galdeketaren beharrik, ezen eta eskubide natural bat baita eta eskubide hori garatu egin behar zela, eta hortik, galdeketaren beharra. Ados nago erabakitzeko eskubidea gizakiok dugun eskubide funtsezko eta naturala da, baina nire irudiko, herritarrek ez dute barneratu eskubide horren konzientzia eta, agian, eztabaidatzen jarraitu beharko dugu. Pentsarazi zidan erantzunak, baina kezkak nire baitan jarraitzen du. Donostiako taldeak, aldiz, esan zuen hiriburuan galdera “Erabakitzeko eskubidearen alde al zaude? Bai/Ez” izanen zela. Horri ongi iritzi nion.
Horrela, bada, ekainaren 5ean galdeketak garatu dira, eta nire kezkak gorabehera, baikor ikusi dut jendearen partaidetza eta txalotu behar da herritarren erantzuna. Eguna historikoa agian, ekarriko du zer esanik hedabideetan.
Donostian
Lehen esan dut Donostiako taldeak erabakitzeko eskubidearen inguruko galdera antolatu zuela, Bulebarrean festa giroan, noski. Pozik hurbildu nintzen, nolabait, nire kezka uxatu baitzen nire ustezko hasierako galderarekin bat baitzetorren. Ez nuen nik uste bezain jende ikusi, baina giro atsegina, lasaia, musikaz inguratutakoa sumatzen zen. Eta, ez dut sekreturik: erabakitzeko eskubidearen aldeko bozka eman nuen. Ez ditut ezagutzen Donostiako portzentaiak, baina, lehen esan bezala, han hemengo iritziek ez didate buruhausterik sortzen. Nire eskubide bat, eta horrelakoak asko nahi nituzke, garatu nuen, praktikan jarri nuen, eta, hori da niretzat garrantzitsuena. Ikusi egin beharko da Donostiak hurrengo galdera zer nolakoa adosten duen. Adosten dena adosten dela, errespetuz jasoko dut eta nire eskubidea garatzen jarraituko dut.
Herri galdeketarekin paraleloki Eusko Legebiltzarrean ere “Estatus” berria hizpide da. Bi bideak batuko al dira eta adostasun horretatik ateratzen dena herritarrek erabakiko al dute? Hortik ikusten dut orain hasitako bidea: Herriarena eta Erakundeena eta, agian, aldebakarrekoa. Auskalo!! Batek daki!