Gure herri honetan ere torturak baditu izenak. Uko egin zaio baina herritarren kontzientean beti egon da presente eta testigantza ugari ditugu torturaren errealitatea frogatzen dutenak. Euskal Herrian errepresioak garai edo denbora desberdinak izan ditu. 1936ko gerran eta gerra ondorenean tortura bortitzak eman ziren, tortura fisikoak zein psikologikoak. Diktadura garaian, 1960tik aurrerako urteak izan ziren errepresioa indartu zenekoak, non torturak eginkizun eta ondorio gogorrak ekarri zituen. Gipuzkoari dagokionean Donostiako Gobernu Zibila eta Antiguako Guardia zibilen komandantzia izan ziren torturaren gune esanguratsuenak. Gogoan dut, garai hartan torturatuak izan zirenen argazkiek torturaren errealitateaz ez zutela zalantzarik sortzen. Garai hartako asko gara Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzatik testigantzak jaso eta biktimatzat hartu gaituztenok. Denok izan dugu guk jasandako torturak batzorde batean aitortzeko aukera. Onartu dizkigute eta zenbaitek ondorio fisikoak ere izan ditu.
Beraz, tortura nork bere gorputzean sentitu duenean, torturarik ez dagoela esateak ez du sinesgarritasunik, askoren bizitzan esperientzia bat izan baita, gogorra, eta esperientzia hori ezin daiteke uka.
1977ko urtetik aurrera ere tortura kasu bortitzak egon dira. Urnietan bertan badugu bat, Gurutze Yantzi komisaldegian hila. Beste kasu nabarmena Joxe Arregirena izan zen; bere torturen argazkiak ezin gogorragoak izan ziren. Amparo Arangoaren argazkiak ere, nafarra bera, izugarriak izan ziren. Gaur Euskal Herrian ez du inork torturarik ukatzen. Eta honetan izan dute erantzukizunik diktadura ondorengo gobernuek.
Kontua da, duela gutxi torturaren errealitatea salatu nahian Iruñean tortura hitza agerian jartzeagatik zenbait pertsona atxilotu zituztela, eta berehala azaldu zen PPko Barne Ministroa Espainian torturarik ez zegoela esanaz. Baina ez du sinesgarritasunik. Areago: Prada juezak berak esan du, oker ez banago Tolosan emandako hitzaldi batean, tortura kasuak eman direla. Beraz, zertara datoz atxiloketak errealitate baten berri eman nahi izan dutenean? Nik dakidaneraino, gainera, pankartak tortura hitza soilik zeraman; beraz, pankarta oso aseptikoa zen, baina zenbaiti kontzientzia txarra sortarazi zion, eta, hortik erreakzioa.
Argentinako kereilan era badago torturatua izan denik, hemengoak eta hangoak. Servini epaileak baditu zenbait torturatzaileen izenak, hala nola: “Billy el Niño” delakoa, Martin Villa Gasteizko hilketekin zerikusia duena, Andoni Arrizabalag ondarrutarraren torturatzailearena eta abar...
Epailearen asmoa Audientzia Nazionalean aipatu torturatzaileei aitorpena hartzeko orain apirilean etortzekoa zen, baina Gobernuak eskaerari uko egin dio. Halere, Argentinako bideari jarraitu beharko zaio amore eman gabe. Azken berri bat ere jaso dugu, alegia, Servini epaileak Vatikanoari gerra denboran eta gerra ez geroz apaiz eta fraideei eginiko tortura eta emandako hilketen berri eman dezan eskatu dio. Ni ere, hor sartuko nintzateke, Argentinara bidaiatu bainuen Zamorako kartzelan egon ginen garai hartako apaiz eta fraideen izenean eta handik pasatutako denek izan ginen torturatuak. Hortik aparte, badira gerra denboran torturatu eta fusilatuen arteko familiartekoen salaketak ere. Argentinako abokatu eta zenbait plataforma gogor ari dira kereila hau aurrera eramaten eta. Itxaropena hor dago.
Halaber, torturarekin jarraituz, duela egun batzuk Donostiako Unibertsitatean, maiatza aldean epaituak izanen direnak, hauen artean irakasle batzuk, hitzaldia antolatu zuten torturari buruz. Hizlariak: Landa Unibertsitateko irakaslea eta Eusko Jaurlaritzan Goza Eskubide sailean aritua; Lorea torturaren aurkako abokatu kidea eta Pako Etxeberria aski ezaguna, torturatuen hainbat testigantza lortu dituena eta Gernikan bonbardaketaren aurtengo urtemugan saritua izan dena. Moderatzailea epaitua izanen den irakasle horietakoa; torturatua eta torturak salatutakoa. Hirurek ere hitzaldi borobila eta ikuspegi askotatik jorratu zuten. Testigantza gogorrak!
Ondorioa: Giza eskubideen esparrua bermatuz joan behar dugula torturaren lakra behin betiko desagerrarazteko.
Azken hausnarketa: ETAk su-etena igarri zuenetik, herria bizikidetza mailan urrats asko ematen ari da. Egun hauetan plazaratu da Errenterian bizpahiru urtez isilean elkartu den taldea, non batekoak
eta bestekoak zeuden. Bide egokia da, noski. Baina historiaren kontaketa partekatua nahi badugu, derrigorrez onartu beharko dugu torturaren inguruan ETAk ere baduela zerikusirik, hainbat heriotza ere tortura baitira. Sufrimendu partekatua, bateko eta besteko biktimak, denok egin beharko dugu, biktima guztiok alegia, ahalegin bat bestearena gurea egiten eta besteek gurea. Errenteriakoa urrats bat da, jarraituko ahal du bide horrek.