Naturaren oreka hori, ordea, ez da bizi dugun gizartean nabaritzen. Gaur, gezurra dirudien arren, hainbat injustizia bizi dugu: hor ditugu gerraren ondorengo hainbat eta hainbat errefuxiatuen norabide gabeko ihesaldiak, deportazioak. Eta hain urrutira joan gabe, gurean ere badira injustizia franko, ekonomikoak zein politikoak, genero zapalkuntzak, gure kaleetan egunero populazioaren manifestazioetan islatzen diren klase guztietako injustiziak, alegia. Banan bana aipatzea ezinezkoa litzateke. Hor adibide gisa: Panamako paperak, PPren ustelkeria eta abar luzea.
Udaberri ondorengo zutabe honetan, halere, hauteskunde ondorengo desoreka, nahasmena eta norabide eza aipatu nahi nituzke, nahiz eta abendu ondorengo hauteskundeei buruz lehen ere idatzi dudan, hainbat bilera, itun eta abarren ondoren azkenetan baikaude. Nork ditu bere ideiak eta pentsaera, eta nik ere bai noski eta analisiak beti izanen dira nahiko subjektiboak baina pentsarazteko baliagarriak.
Abenduko hauteskunde ondorengo emaitzak poztasuna eta itxaropena sortarazi ziguten, bipartidismoa desagertu eta indar berriak eremu politikoan sartu baitziren. Horrekin batera berehala hasi ziren zurrumurruak, desioak eta kinielak: nor norekin ezkonduko ote zen alegia. Hasieratik egon ziren mesfidantzak eta traizio txikiak, esan nahi baita, Kongresuko mahaia osatzerakoan, batzordeak eraikitzerakoan eta, orokorrean, antolakuntzari dagokionean. Kongresuko jesarlekuak hartzerakoan ere batak besteari hitz gogorrak jaurti zizkioten. Sonatuena, noski, Pablo Iglesias, Podemoseko buruzagiak Sanchez sozialistari Felipe Gonzalez jokabidea aurpegiratu zioena, karea zela eta, Lasa eta Zabalaren kasua, alegia. Iritziak desberdinak izan ziren. Niretzat gertakari horiek gogoratzeari ongi deritzot oroimena bizirik iraunarazteko. Erregearekin ere ibili ziren harat hona eta, azkenean, PSOEk bere gain hartu zuen gobernua eraikitzeko ardura. Eta hor ibili dira agerian eta ezkutuan hauteskundeetan agindu zutena alde batera utzi eta nabarmen boterearen atzetik. Kontua da, PSOE bi aukera zituela: bata, ezker aldera, eta, bestea eskuinera. Baina hemen dator gaurko egoeraren arrazoia eta kausa: abenduaren 20an PSOEko batzorde federalak argi eta garbi esan zion Sanchezi: inondik ere ez Podemosekin eta nazionalistekin. Eta hala gertatu zen: PSOE eta Ciudadanos ezkondu ziren eta, jakina, nahiz eta sozialistak adarrak jartzen ibili, leku guztietara biak joaten ziren. Biek sinatu zituzten zenbait puntu, eta gazteleraz esan ohi den bezala: “Lentejas: las comes o las dejas”. Gurea sinatzen duzu, edo bestela, zurekin ez dugu kontatzen. Eta azken kausa, nire irudiko, batzorde federalean esandakoa edota agindutakoa: PSOEko baroiek, eta, batik bat, Andaluziakoak, atzetik ibili dira ariak mugitzen Sanchez desbideratu ez dadin. Eta hor kontua. Orain erraza erruak Podemosi aurpegiratzen. Jakina, Podemosek ere ez ditu urrats guztiak ongi eman, eta ulertzekoa da; berriak dira, giza mugimenduetatik datoz eta hori dena kudeatzen ez da erraza.
Baina, niretzat, PSOEk hasieratik ezkerrera jo izan balu, besterik izanen zen. Orain ea PPrekin elkartzen diren. Lotsagarria litzateke, baina politikan dena da posible. Iloba batekin bazkari bat jokatu dut: berak baietz PSOE eta PP elkartu; nik, berriz, ezetz. Honi buruz, azken apuntetxo bat: nire irudiko ez litzateke aukera okerra izanen Podemos beste indar asko bezalaxe, abstenitzea; oposizioan lana egin inguruko alderdi nazionalistekin batera eta erabakitzeko eskubidearen inguruan erabakiak hartu. Ez dakit. Ikusi behar.
Aberri eguna, 2016
Aurtengo Aberri eguna xelebrea izan da niretzat. EAJ eta Eh Bildu aho zabalik utzi ditu Podemosek Aberri eguna ospatu duelako. Jakina, zergatik ez. Edo independentista izan behar al da Aberri eguna ospatzeko? Podemosi bozka eman diotenak ere euskaldunak dira, hemen bizi dira, erabakitzeko eskubidea defendatzen dute. Zer gehiago behar da. Andoni Ortuzarrek zioenari astakeria bat deritzot: Ezkerrekoa ala abertzalea. Ea garai bateko fantasmak berpizten diren: garai hartan autodeterminazio eskubidea defendatzen genuenok españolistak ginen, ez ginen euskaldunak. Orain, Podemosek erabakitzeko eskubidea defendatzen duenez, ba españolista da. Gaindituko al ditugu mamu horiek, modernizatuko al gara zertxobait, eta, gai honen inguruan, demokrata deitzen diren guztiak elkartuko ote dira? Eta Herriak erabaki dezala.