Donostia 2016 hiriburutzaren testuinguruan herri honetan indarkeriaren biktima izan garen orori aitorpen eta oroimen berezia egitea erabaki dela. Jakina, horrelako ospakizun batek beti du oihartzun zabala, eta ongi deritzot Europako kultur hiriburu izanik, biktimei, bizikidetzari eta honen inguruko gaiei leku berezia ematea. Larunbatean, 1960-1978 bitartean Estatuko indarren ondorioz hilak, torturatuak eta orokorrean giza eskubideak urratuak izan ziren biktimei egin zitzaien aitorpena. ETAkoen biktimei ere eginen zaie, noski. Orain arte, eta ondotxo lagundu dute horrela izan dadin zenbait komunikabide eta Estatuko Gobernu zentralak, ETAren biktimak aitortu dira soilik. Besteak ahaztuta egon gara: poliziak eraildakoak, torturatuak izan direnak. Lehendakariak ekitaldian zioen bezala, argia egin beharra dago gu ere biktima gisa onartuak eta aitortuak izan gaitezen.
Ekitaldiaren formatuari edo egiturari dagokionean denbora ongi banatua izan zen, gehiegikeriarik gabe. Ohiko sarrera eta txostenaren egileen aurkezpena ondoren, zazpinaka mahai baten inguruan jarri ginen. Zazpi historia, zazpi kontaketa eta zein baino zein gogorragoa! Hiru puntu izan ziren aztergai:
1. Beharrak.
2. Helburuak.
3. Jarrerak.
- Beharrei dagokionean garbi geratu zen biktimaren lehen beharra bere sufrimendua norbaiti adierazi eta entzuna izatea dela. Nik, nire aldetik, garbi utzi nuen guztiz beharrezkoa eta terapeutikoa dela barnean daramagun sufrimendua kanporatzea; barnean geratzen bada usteldu egiten baita eta ustelkeriak barne osoa pozoitzen du. Bazegoen emakume bat, zeinen anaia poliziak manifestazio batean hil zuten, bere amari eginiko irainak eta mehatxuak kontatzen zituena. Niri eta beste bati eginiko torturak ere gainontzekoen harridura sortu zuen. Ez genuen elkarren sufrimenduaren berririk eta, besteei kontatze hutsarekin emozioak pil-pilean sortzen ziren baina baita lasaitasuna ere, bakea ez esatearren.
- Helburuari dagokionean, berriz, aurretik informatu gintuzten lege zirriborro bat aurkeztu dela parlamentuan, hau dena lege baten bidez bermatu nahi baita. Nik, bederen, ez dut lege hori ezagutzen baina taldean garbi utzi nahi izan genuen legeak biktima oro jaso behar dituela; herritar guztiek parte hartu behar dutela lege horren eraikuntzan.
- Eta jarrerei dagokionean, azkenik, jarrera etikoak aipatzen ziren eta jarrera barnerakoia kanpoan inor utzi gabe.
Jakina, errekonozimendua egon badago, baina Justizia? Hemen azpimarratzen zen Gobernu zentralak ez duela errazten. Adibide gisa Argentinako kereila, Justizia Unibertsala alegia. Eta lege horrek, nolabait exijitu beharko lioke Gobernu Zentralari 1978ko amnistia legea bertan behera utz dezala garai hartako torturatzaileak eta epaituak izan daitezen.
Bi testigantza ere, biak gogorrak oso, egon ziren. Bideoa ere bai sentimenduz jantzia. Bukatzeko Lehendakariaren hitzak. Autokritika, justizia errekonozimendua ta aipatu zituen. Hitz borobilak, noski.
Nire irudiko, eta nire sentsazio eta emozioei begiratuta esan dezaket Argentinakoa gogorarazi zidala: sufrimenduaren kanporatzea eta errekonozimendua. Ondorioz, lasaitasuna eta bakea! Ea epe laburrean biktima orori, aitorpen bat, bakarra egiten zaigun bata bestearen sufrimendua partekatzeko.