Gaur irakurri dut Idoia Mendiak euskal sozialisten buruzagiak dioena, ez omen dutela amore emango Euskal Jaurlaritzaren status berriaren inguruko planteamenduekin. Hori ez al da marra gorriak jartzea. Jakina, sozialistek Podemosi jaurtiko diote erru guztia Gobernu berriaren osaketan porrot egiten badu. Hasi dira lurra lantzen. Orain diote Podemosek ez badu beraien alde bozka ematen Kongresuan PPkoekin bat eginen dutela, etab. Beraz, gaia baztertuta uzten dut fumata zuria azaldu arte. Egunero sortzen baitira gai berriak Aiurriko zutabea osatzeko. Titiriteroena esaterako. Honek ere badu mamia. Kontua da bi partaideak kartzelan jarraitzen dutela. Non dago Europan hainbeste aldarrikatzen den askatasun adierazpena? Eta askatasun osoz jarraitzen dute zenbait taldek frankismoa goraipatzen...
Heldu diezaiodan, ordea, izenburuari: “Memoriaren ildotik”. Gaia aukeratzerakoan bizpahiru ekitaldi izan ditut kontuan. Bata, Urnietako Udalak antolatutakoa. Aintzane Ezenarro, Gogora institutuko zuzendariak eta Sabino Ormazabalek eskaini zuten hitzaldia. Eta, bestetik, Xabier Lasak Aiurriko azken alean eskaini digun artikulu zabala eta dotorea. Gaurko egunkarietan ere Andoain notizia zen ETAk hildako Joseba Pagazartunduaren heriotzaren urteurreneko omenaldiengatik. Gaur gaurkoz azkenekoa ezin loturikoa aurreko biekin. Dena den, honen ildotik, aitortu behar dut Urnietako Udalaren ahalegina txalotzekoa dela. Kontrapuntu bat ere badu, noski, herritar gutxik erantzuten diola deiari, oso gutxik! Baina tira, ahalegina hor dago, eta aurrera!
Orain, ordea, Gogoaren institutuko zuzendariak maila orokor batean aipatutakoa praktikan jartzea dagokigu eta hor sortzen dira koxkak. Aitortzen dut kanpotik askotan gauzak beste ikuspuntu batetik aztertzen direla, eta, lehen bistan, Urnietako herrian erraza dirudiela, baina alderdien adostasuna lortzea, nonbait ez da hain erraza izan; ezen, Aintzaneren ondotik Sabino Ormazabalek Errenteriako lana eta esperientzia azaldu zuen. Errenterian azken hamarkadatan gertatu denaren kontaketa egin dute, hots, giza eskubideen urraketei dagokionean, Sukalde lana eta herritarren laguntzarekin lortutakoa alderdi politiko guztiek onartu dute. “Memoria partekatu baterantz” izeneko txostena osatu eta aurkeztu dute. Memoriak asko eta era askotara kontatuak izanen dira Euskal Herrian eta herri mailan, baina horiek guztiak partekatu eta onartzea da meritua.
Urnietako bake jardunaldi hauetan parte hartzen dudanean, bihotzean pena sentitzen dut ez baitut ikusten sufrimendua jasan duen inor, esan nahi baita gerra denbora nahiz frankismoaren garaian.
Hala bada, honekin loturik doa Xabier Lasaren artikulua “Heriotzaren triangelua” eta Andoaingo herrian Pagazartunduari egin zaion omenaldia. “Ansatarren jokabidea” darama Xabierren artikuluaren izenburuak eta besteak beste familia horien “isiltasuna, apaltasuna, diskrezioa” aipatzen ditu; eta egin zezaketenaren zerrenda luzea egiten du ondoren. Pagazaurtunduarena, aldiz, gogorra egiten zait, sufrimendua beraiena soilik bailitzan. Ez al da posible bi memoriak partekatzea? Bestearen sufrimendua partekatzea? Ez naiz nor aholkuak emateko, baina Andoaingo Udalak ezin ahal du bitartekari lana egin, ez dakit zein formatutan, baina elkargune bat antolatzeko. Ametsetan ote nabilen esango du batek baino gehiagok. Agian, baina Errenteriako ikusita amets horiek gauzatu daitezke herritar guztien lankidetzarekin.
Memoriaren inguruan irakurri dut notizia pozgarri bat, alegia, Donostiako Ikastetxeko Derrigorrezko Hezkuntzako ikasleek, Batxilergoak ere bai noski, aukera izanen dutela Donostian gerra garaian eman ziren giza eskubideen urraketen guneak ezagutzeko. Gazteek horrela jakin dezakete, lehenik, gerra zibila egon zirela zeinean fusilaketak eta bide bazterretan desagertutakoak. Honetan ere Argentina datorkit burura: gune berezi asko eta erakusketa asko daude herritarrek ezagun ditzaten eta gertatutakoaren ondorioak atzeratzeko. Ekimen interesgarria deritzot, beste zenbait herrirentzat eredugarri. Memoriaren ildotik bagoaz aurrera. Bidea eginez egiten da.