Azaroak 10: Memoriaren eguna. Horrelako egun bereziak ez ditut gustuko, nire irudiko, propaganda kutsu dutelako. Baina tira, aurtengo memoria egunak izan du berrikuntzarik: Gogoa institutuaren irekiera eguna izan baita. Denbora eman du Parlamentuak eraikitzeko agindua hartu zuenetik, aho batez gainera, eta denen gustukoa ez izan ez bada ere, aurrerapauso bat da memoria, bizikidetza, biktimak eta antzeko esparruetan. Aintzane Ezenarro aipatu institutuko zuzendariaren esanetan memoria elkar hizketaren bidez osatuko da. Nork bere memoria du, eta herriak ere memoria asko bizi eta sentitu izan ditu. Memoria horiek guztiak osatuz egin beharko da memoria. Institutuari egitura eta gorputza ematerakoan aniztasuna azpimarratu izan da, alderdi guztiak eta zenbait giza mugimendu agertzen baitira. Talde memorialistak, ugari gure herrian, ez dituzte aipatu baina horretan ari diren talde bereziak izanik, eskaintzeko asko dute.
Memorian egunak –seguruenik espero zitekeen bezala– eskaini zuen argazkia ez zen bakarra izan, zeinean alderdi eta biktima guztiak oroimenean izango zituztenik. Ez da horrela izan bestearen sufrimenduarekin enpatizatzea kosta egiten baita. Argazki desberdinak izan ziren, lehen aipatu arrazoiak medio. Parlamentuan, non biltzen diren herri ordezkariak, PP eta UPyD izan ezik beste guztiak elkartu ziren. Ez da gutxi! Donostiako Udalean, arrazoiak zeintzu diren ez dakizkidalarik, EH Bildukoek aparte egin zuten elkarretaratzea. Nire ustez, horrelako egun bat antolatzerakoan, beharrezkoa deritzot alderdi politikoak ez ezik beste zenbait talde, memorialistak barne, bildu eta denen artean adostasuna biltzea. Baina ez da horrela izan; ez dakit zerbait ikasiko ote dugun.
Ni, berriz, Urnietako Udalak antolatutako elkarteratzera hurbildu nintzen. Urnietako gaurko soziologia ez dut gehiegi ezagutzen baina jende aldetik eskasa iruditu zaitzaidan. Horrez gain, eta beti ere nire irudiko, ekimen hauek testuinguru berezi bat behar lukete hain hotza gerta ez daitezen. Musika bat ezen, azken batean, elkarteratzeak oroimena eskatzen du, isiltasunean egiten da eta isiltasunak barneratzea eskatzen du. Musika, esaterako, lagungarri izaten da. Irakurri ziren azken puntuak gustatu zitzaizkidan. Memoriaren edukiaren osagaiak dira, eta horri eutsi behar diogu. Lau puntuak giza eskubideetan oinarriturik daude eta abiapuntua horrexek izan behar du. Bestalde, bigarren puntuak Biktima guztiak esaten du. Urnietan sufrimendua jasan duten zenbaiten falta ere bota nuen, eta jende hori erakartzeko horrelako oroimen berezi bat egin daiteke. Izan ere, Urnieta herri txikia izanik, ez da zaila sufrimenduaren mapa eraikitzea. Horrelako oroigarri baten inguruan isiltasunean bilkura egiteak beste zentzu bat har dezake. Hauexek nere hausnarketak Urnietako eguerdiko isilaldiari buruzkoak.
Egun honen ildotik, zera aipatu nahi nuke: Errenterian aurkeztu duten partekatutako memoria, udal talde guztiek onartu dutena. Memoriak azken mendeko erdialdean herriak jasandako bortizkeriak biltzen ditu; zenbait ahaztu egin ziren eta beste zenbait erabat ezezagunak dira. Irakurri ditut eta haietako zenbait gogoratzen ditut. 1977an Amnistiaren aldeko Gestoretan lan egin bainuen; Errenteria orduan herri zigortua izan zen. Txalogarria deritzot udalak egin duen lana, eta gisa honetako lanak eta memoria ariketak beharko dira. Etika eta giza eskubideengan oinarritutako memoria, finean. Eguna gazi gozo definitu dut, eta azkenengo hori, gozoen artean kokatuko nuke. Eta, seguruenik, etorriko dira berriak!
FRANTZIAKO ATENTATUAK
Ostiralean izandako atentatuak arnasik gabe eta jota utzi gaitu denok. Ikusi ahal izan ditugun irudiak ikaragarriak izan dira. Zalantzarik egon ez dadin gaitzesgarriak dira eta horrelako sufrimendua jasan duten eta jasaten ari diren familiei gure elkartasuna agertzeko unea da. Tamaina honetako ekintza batek hizpide ugari eta mota askotakoak sortzen ditu. Nik egia esan Frantziako atentatuan hildakoekin batera Frantziak igande gauean bertan, 48 ordura, Sirian erauntsitako zibilen etxeak, hilak, haur erreak eta oroitu ditut. Gerraren izenean dena ote da posible eta zilegi? Galdera asko daude, eta denbora izanen da atentatua alderdi askotatik ikusteko eta aztertzeko.
Nik momentuz, eta Aiurriko zutabe honetatik Frantziako atentatuak eta Sirian Frantziako bonbardaketen ondorioz hildakoek gogora ekarri nahi nituzke.
Frantziako atentatuan hildako, zauritu eta hainbat familia, eta Sirian hildako familia zibil, haur eta errugabeak “In memorian”.