Ezagun duzue jada, aiurritarrok, Andrea neskato galiziarraren kasua. Denon ahotan izan baita, komunikabide ugaritan zein lagunen arteko hizpideetan. Izan ere, horrelako kasu batek gure barnean zirrara sortarazten du, ez baitira berdinak adineko baten edota hamabi urteko gazte baten heriotza. Andrea gaztetxoa zen, Santiagokoa, eta sendabiderik ez zuen gaixotasuna zuen. Ekainaren 10ean eraman zuten erietxera, eta hor hasi zen sufrimendua, neskarena nahiz gurasoena. Hain justu une horretan sortzen dira zailtasunak, oztopoak eta heriotzaren inguruko eztabaidak. Esan nahi baita, zilegi al da gaixotasun sendaezina duen pertsona batek horrela sufritzea? Jakinik, gainera, sendatzeko modurik ez duela? Betiko mamua hauspozten da horrelakoetan: eutanasia.
Heriotzan laguntzea, alegia, eta noraino bete da legeak eskaintzen duen aukera. Gertaera hori dela eta Gipuzkoako komunikabide batek zenbait galdera egin zizkidan. Izenburu gisa esan nion: “Gurasoek hartu duten jarrera maitasun ekintza da”. Alaba gaztea izan ala adineko gurasoa izan, edozein dela kasua, maitasun jarrerak dira eta ez zenbaitek dioten bezala, Jaungoikoarengandik datorkigun absolutu bat.
Badut honen inguruan anekdota bat zuokin partekatu nahi dudana. Eutanasiaren inguruan egin zuten eztabaida batean nengoen eta, nirekin, Opus Deiko apaiz bat ere bai. Nik eutanasia defendatzen nuen, eta gainera maitasun ekintza bat zela erantsi nion. Bere erantzuna oso bestelakoa zen, nik defendatzen nuena pertsona akatzearen pare zela adieraziz. Esan ere, esan nion hitz hori nik txikitan amaren baserriko osabari entzuten niola, aberetxoren bat hil behar zenean. Benetan bihotz eta sentimendu gabea deritzot horrela mintzo denari eta horrelako jarrerak mantentzen dituen erakunde bati. Jar zaitezte guraso zaretenok Adrianaren gurasoen lekuan. Ez dut zalantzarik ez zenuketela semea edo alaba sufritzen ikusi nahi, jakinik gainera bere gaixotasunak ez duela irtenbiderik. Eta seme-alaba esaten duenak aita, ama, anai-arreba esan dezake. XXI. mendean gaude, eta ezer gutxi aurreratu dute eskuindarrek eta Elizak berak.
Eutanasiaren edo hiltzen laguntzeari buruzko eztabaidak gerorako utzita, badira zenbait lege eta arau ongi betez gero heriotz duin bat bermatzen dutenak. Andrearen kasuan gertatu dena zera da: badirudi Ospitaleko Bio Etikako batzordea haurrari ematen zitzaion elikadura kentzearekin ados zegoela, modu horretan Andrea lasai eta bakean hil zedin. Baina medikuak ez zeuden ados eta gatazka hor sortzen da. Jakina, medikuek esan dezakete bere sinismen edo kontzientziaren arabera jokatzen dutela. Baina zer? Mediku bat horrelako erakunde batean sartzen denean jakitun izan behar du non sartzen den, eta zein betebehar dituen. Hortik arazoa epaileengana pasa zen. Eta, azkenean, atzera-aurrera ibili ondoren epaileak ezabatu behar izan du kasua, gurasoen eskabidea bete dadin agindua emanez. Horrela joan da Andrea gaixoa, sufrimenduan, alferrikako sufrimenduan gainera. Horri enkarnizamendua deitzen zaio, gazteleraz: encarnizamiento terapeutico. Espainian bada lege bat “gaixoaren legea “ deitzen dena, eta honen arabera, horrelako kasuetan ez legoke eragozpenik artifizialki mantentzen den bizitzari amaiera emateko. Aipagai dudan kasuan nahikoa zuten azken momentuan epaileren aginduz egin dutena, bere momentuan egitea. Code Penalean, halaber, eutanasia pasiboa deitzen dena aplikatzeko: sedazioaren bidez lotarazi eta bakean hil. Horrez gain, zenbait erkidegotan, hala nola Andaluzian, Aragoin eta Iruñean parlamentuak lege bat egin du zeinean heriotz duina bermatzen den. Hemen ere, Legebiltzarrak horretan dihardu. Zorrotza izan beharko du, legeak onartzen duena ospitalean ahalbidetzen ez den kasuetan.
Hortik harago dago Herbehereak, Belgika, Luxenburgo eta Estatu Batuetako zenbait estatuk defenditzen duten eutanasia, eta hiltzen laguntzea. Ez da azken momentuko gaixotasun edo egoerari mugatzen, baita beste zenbait gaixotasunei ere. Duintasunez hiltzeko elkarteak defendatzen duena zera da: pertsonak bere heriotza aukeratzeko duen eskubidea. Hori pertsonaren askatasunari loturik dagoen zerbait da. Hor dago gakoa. Libre garela gure heriotza aukeratzeko.
Eskuindarrek ordea, eliza barne, eskubide eta askatasun hori kendu nahi diote pertsonari. Entzun edo irakurri dut Erroman gotzainak bilduta daudela Sinodo edo deitzen dioten Batzarrean. Hor dabiltza oraindik ea banandutako emakumeen edota homosexualen ezkontzari buruz eztabaidatzen. Estatu laiko batek ez du zergatik horren menpe egon behar, abortuarekin gertatu ohi den bezala.
Hauteskundeak abenduan. Denek horri begira. Eutanasia aktiboa eta hiltzeari laguntzea defendatzen dugunok ere bai. Entzun dut, elkarte horrek madrilen mahi inguru bat edo antolatu duela, hauteskundeetan aurkeztuko diren indarrek edo alderdiek gaiari buruz zer dioten azal dezaten. Eta, jakina, ezkerrekoek baietz diote. Lege berri bat egin beharko da, Europako herrialde aurreratuenei begira.