Irailaren 27ak, aurtengoak alegia, bi gertakari garrantzitsu ekarri dizkigu: Kataluniako hauteskunde plebiszitarioak, eta duela 40 urte Frankismoak fusilatutako Txiki eta Otaegi eta FRAP-eko beste hiru militanteen oroimena. Bata orainean kokatuko nuke; bestea, berriz, iraganean, oroimenean alegia.
KATALUNIAK HAUTUA EGIN DU
Gora-behera askoren ondoren, independentzia bai, independentzia ez izenpean hauteskunde plebiszitarioak egiteko erabakia hartu zuten Kataluniako agintariek. Denok ezagutzen dugu Kataluniak egin duen gurutze-bidea populazioaren nahia gauzatu eta nazio identitatea eskuratzeko. Estatutu berria ere egin zuten baina Alfonso Guerra sozialistaren esanetan eskuilatu edo orraztu zuten, eta, jakina, Estatutua buru soilik utzi zuten. Galdeketa egiten ere saiatu ziren baina ekimen hori ere Gorenera bidali zuten eta, honek zer esango, ba, ez zela legala. Ukazioaren ukazioz, hauteskunde plebiszitarioak deitu zituzten, horrela, populazioak hauta zezan, Independentismoa bai ala ez. Tartean bazeuden, halere, erabakitzeko eskubidea defendatzen zutenak, eskubide hau erabat demokratikoa baita eta hauteskundeetatik at izan behar bailuke. Nik, askotan esan eta idatzi dut ez zaidala gehiegi gustatu prozesu hau eramateko modua, garbi utzi behar baita erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa dela eta ezin daitekeela Independentziarekin identifikatu. Baina, tira, darraigun 27ko hauteskundeekin.
Kanpaina, aspektu formalean, azalean, forman esan nahi baita, bitxia, normaltasunez jantzia eta osagai askotarikoa izan da. Hala nola, dantzak, musika, indioak, indioen hizkera... Kanpotarrak ere etorri dira, Sarkozy esaterako, PPk beldurra sartu nahi izan baitu, nahiz eta esan hauteskundeak soilik autonomikoak izan. Europearrek ere hitz egin dute: Merkelek. Amerikarrak ere bai, denek ere katalanei beldurra sartzeko. Eta bitxikeria bat: Valentziako Apezpikuak ere otoiz saioa prestatu du España sakratua apurtu ez dadin. Honek ez al dizue gogorarazten Gerra zibila, non Elizak gurutzada bat antolatu zuen? Begira non gauden. Gero harritu egiten gara herriko festetan eta eliza eta estatua besotik ikusten ditugunean. Ba, gazteleraz esan ohi den bezala: ”De aquellos polvos estos lodos”.
Emaitzak, izan direnak dira. Independentistak aulkietan bai, baina bozketan ez dute irabazi. Ciudadadansek gora egin du, nire ustez PPri bozkak kendu dizkio; PSCk behera eta, Katalunia Si es Potek ere ez ditu espero ziren adinako bozka lortu, nahiz eta berak defendatu erabakitzeko eskubidea. Bozketan, ordea, esan bezala, independentismoak ez du irabazi. Hauteskunde ororen ondoren bezala, Katalunian ere, hauteskunde ororen ondoren gertatu ohi den bezala, alderdi bakoitzak bere ondorioak ateratzen ditu, eta, gehientsuenetan denak pozik.
Eta orain? Hor koxka. Batetik hedabide eta tertulia guztiak Masen etorkizunaz aritu dira, ezen badirudi CUP alderdiak ez duela Mas presidente gisa onartuko. Bestetik, egokia al da independentismoak ez badu bozketan gehiengoa lortu aldebakarreko aldarrikapena egitea? Nire irudiko eta, agian nire nahi bezala esango nuke, CUPekin nago Masek ezin duela President izan. Independentzia aldarrikatu dutenak gehi Katalunia Si es Potek parlamentuan gehiengo sendo bat bermatu behar lukete eta lanean hasi. Arazo sozialei erantzun bat ematen hasteko, demokrazia birgarbitzen eta gisa honetako zenbait ekimen aurrera eramaten; herritarren konfiantza sortu eta, Espainiako hauteskundeei begira indar sendo bat lortu erreferendum garbi, eta demokratiko bat egiteko. Ez dut oso egokia ikusten, emaitzak kontutan hartuta, aldebakarreko aldarrikapen bat egitea. Baina hori nire iritzia da. Etorkizunak esanen du.
IRAGANA
Irailaren 27a izan zen Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante Francok hil zituen eguna. Nire omenaldi xumea eskaini nahi diet. Egun hartan Segoviako kartzelan nengoen, eta hilketa hauen kontra agertu ginelako isolamenduan zigorturik geunden. Gogoan dut barnean sentitu nuen zirrara hil zituztela jakin nuenean. Ez litzaidake gustatuko heriotz haiek gaur egun nehork manipula ditzan. 40 urtetan bidea luzea egin baita justizia, erreparazioa eta memoria exijituz. Eta horretan jarraituko dugu talde memorialistek.
Txiki, Otaegi, eta FRAPekook oroimenean zaituztegu eta justizia unibertsalaren izenean justizia, erreparazioa eta memoria eskatzen eta exijitzen jarraituko dugu. Besarkada bana.