Kaixo Aylan:
Aurtengo udan ere, ez da berririk falta izan Aiurriko ikasturte berriko zutabea osatzeko. Baina, zure gorputxoa Turkiako hondartza batean hilik ikusteak barnea astindu eta bihotza ukitu dit, eta beste gertakari eta berriak baztertuz, izanen baitugu denbora urtean zehar gai horiek aztertzeko, urte haserako lehen zutabe hau zuri eskaintzea erabaki dut, Aylan. Bihotza ukitu esan dut, baina pluralean digu esan beharko nuke, zure argazki horrek mundu osoari bira eman baitio, eta auskalo zenbat negar malko isuri den mundu zabalean. Hain baita hunkigarria!
Aylan, hondartzako zure argazkiari begira milaka irudipen datozkit burura; hain polita ikusten zaitut: txukun jantzia, oinetako horiek, prakatxoak, nikia.... Amak, barne tristeziaz gainezka, etxea utzi eta noraezean abiatu zinetenean, maitekor jantzi zintuen, hain txukun, hain dotore. Hemengo edozein umetxoren antza duzu. Zuk nahikoa zenuen ama, aita eta anai-arrebak ondoan izatea horien ondoan eta maitasunean seguru sentitzen baitzinen. Naturako elementuek, itsasoa barne, badute zenbaitetan horrelako krudeltasun kutsua, eta nahiz eta zure aitak ahaleginak egin zure eskutxoa bere eskuari lotuta iraun zezan, itsasoak bere indarrez, baina urrikaltasun gutxiz, lotura hori moztu eta bakarrik utzi zintuen olatuen jostailu gisa, jostailu esan dut baina, agian, ez da hitzik egokiena.
Barkatu Aylan. Hor zaude argazkian, itsasoari deika bezala mundu osoak ikus zaitzan. Hilik baina zure izpiritua bizirik dakusat. Hondartzan aurkitu zintuen turkiar poliziak ere, gupidaz beterik, bere semetxoa gogorazten zeniola zioen. Nor ez urrikaldu, Aylan!
Halere, beti dago baina bat, eta zure argazkiaren inguruan egon da niri krudela, gogorra eta perbertsoa iruditu zaidana; alegia Islamiar Estatuak esan du “islamiar ez diren lurraldeetara joatea erabakitzen dutenek bekatu larria egiten dutela, erabaki horrek kristautasunean, ateismoan edo liberalismoan erortzeko ateak irekitzen baitizkiete”. Gainetik! Eurak hasi duten gerra krudeletik ihesi egin nahi dutenek, zure gurasoak barne, dira errudun. Zer egin zezaketen, Aylan, zure aitak eta amak: irtenbide bakarra han Sirian bizia galdu edo lurralde seguruago batera joan. Gainera, jakin dugunez zure aitak familiartekoak ditu Canadan eta eskatua zuen babes politikoa, baina ez zioten eman. Zer gehiago egin zezakeen, Aylan. Zure aitak adierazpen gogorrak egin ditu: “Eskutik joan zaizkit semeak eta emaztea”. “Dena zen iluna, itsasoaren oihuak”. Eta zu, Aylan, itsasoan galdu zinen; itsasoak eraman zintuen baina nora? Bizirik gabe Turkiako hondartza batean uzi zintuen abandonaturik, betirako. Abandonaturik, aitak ez ezik. Gorpuak Kobanera, zuon herrira, eramango ditut -esan du- eta han biziko naiz. Badirudi Kobane Estatu Islamistatik libre geratu dela, baina inor gutxik nahi izan du, nonbait, herrira itzuli. Zure aitak, Aylan, zure oroimenean eta zure amarenean bizi nahi du. Gutxienez, oroimen goxoa eta maitekorra izanen duzu.
Gerra guztiak dira gogorrak eta krudelak. Zuona, Siriakoa, alegia, are gogorragoa ikusten denez. El Assaden aurka hasi zen gerra, hor ere sortu baitzen udaberri arabiarra. Ondoren, Estatu Islamikoa sartu zen eta, dena seguruenik areagotu egin zen. Europa orain, egia da, zenbait herrialde ez ezik, esan nahi baita Hungria, nahiko eskuzabal agertzen ari da eta hor ari dira zenbakiak gora zenbakiak behera zenbakiekin jolasten. Dena den, beti gertatu ohi den bezala, populazioa aurretik doa horrelakoetan: elkartasun sentimenduak eraginda, Estatuak ere mugitzen hastea lortu da. Irudi ederrak ikusi dira telebistan batik bat Austrian eta Alemanian. Hungrian, aldiz, lehen aipatu bezala, jokabide lotsagarria izan dute, eta esan ere esan dute, hiru urteko kartzela ezarriko zaiela muga pasatzen dutenei. Sentsibilitate gutxikoa izan behar du horrelako aitorpena egiteko! Dena den, Europak babes politikoa emateaz gain egin beharko du hausnarketa serioa horrelako gerrak gerta ez daitezen. Ez da nahikoa babesa eta laguntza, sustraietara jotzen ez bada.
Hemen, Aylan, Euskal Herrian, ni bizi naizen herrian, ez gara asko, baina elkartasuna zer den jakin, badakigu. Berrogei urteko diktadura bizi izan dugu eta, askok eta askok ihes egin behar izan zuten. Horregatik, hemen ere erakundeakzein herritar soilak eskaini dituzte bere etxe eta azpiegiturak zuok etortzen zaretenerako. Babeserako Udalak ere elkartu dira. Poza sentiarazten du elkartasun hori guztia ikusi eta bizitzeak. Baina, agian, garrantzitsuena, Aylan, zuon herrialde horietan sortzen diren gerrak ekiditea da, eta horretarako, lehen aipatu bezala, Europak, ere aztertu beharko du bere jokabidea.
Zurera itzuliz Aylan: Oroimenean izanen zaitugu eta zure adineko haurrekin izanen zara gure artean!!! Musutxo bat Aylan eta adiorik ez.·”In Memoriam”.