Grezia Mediterraneoko lurralderik ederrenetakoa da: argitsua, urez inguratuta, irlak harribitxiak bailiran... Europako zibilizazio aberatsenetakoa da: Arte ederretan, eskulturan, pinturan, filosofian, pentsamoldeetan. Hainbat eta hainbat alorretan ispilu eta aitzindari. Zibilizazio aberatsa, benetan. Turismo aldetik badago non aukeratu, batetik bestera joateko itsasontzia ere aproposa da. Lurralde gisa paradisua.
Lurraldea kudeatzerakoan, ordea, politika egiterakoan kudeatzaileek ez dituzte gauzak ondo egiten. Han ere, bakar batzuk ustelkeriaren bidez aberastu dira, zorra ugarituz eta azkenean, herriak pairatu behar izan ditu ondorioak, alegia, miseria gorria eta horrek dakarren bizimodua. Eskuina zen nagusi azken aldian, “Nueva Democracia” deituriko indarra, eta hemen gertatu ohi den bezala, Europaren aginduetara makurtuz, murrizketa ugari egin zituzten. Hainbeste ezen herriak ezin izan zuen gehiago eta hauteskundeak deitu zituzten. Horrelako egoeretan gertatu ohi denez, populazioak ezkerreruntz jo zuen eta Syrizak irabazi zituen hauteskundeak. Herritarrengan poza eta ilusioa berpiztu ziren. Tsiprasek, alta, bere aginduak bete ahal izateko orduan, Europakoa harresiarekin topo egin zuen. Eta hor hasten da paradisutik infernurako bidea. Tsiprasek maila handiko gobernua osatu zuen; Varoufakis finantza ministroa esaterako. Joan etorri asko egin dituzte Europara. Zorra hain da handia ezen ezin zuten ordaindu eta derrigorrez negoziatu behar. Alemania orain harro harro dabil baina ez da ahaztu behar Alemaniari Europako beste herrialdeek bigarren mundu gerra bukatu ondoren zorra barkatu ziotela. Memoria ahula dute, nonbait, alemaniarrek. Hor ibili dira negoziatzen baina Eurotaldekoak behin eta berriz, belauniko jarrarazi ditu greziarrak eta, hauek erreferenduma egitera beharturik aurkitu ziren. Herriak erantzun zuen eta, gehiengoz, ezezkoa atera zen, alegia, Europako erreformei ezezko borobila. Ezer gutxirako balio izan dio Tsiprasi herritarren ezezkoak. Jarraitu dute elkarrizketek, baina egunez egun, Greziako gobernua zapalduta, umiliatua izan da. Benetako terrorismo moduekin kolpez kolpe makurtu dute duintasuna lapurtu arte. Ikusi denez, alemaniarrak -Kristau Demokrazia deituko dira gero- kolpe honen aitzindari izan dira. Eta azkenez, gaur jakin dugu akordio batera iritsi direla, akordio baino gehiago inposaketa esango nuke nik. 75 ordu eman dizkiote legeak aldatu eta neurri gogorrak martxan jartzeko, hala nola: pentsioak, BEZa, pribatizazioak etab. Umiliazio handiagorik! Hauek dira kate luze honen ondorio krudelak.
Tsiprasen alderdiaren barnean izanen dira hausturak eta, nire irudiko, hauteskunde berrien atarian gaude. Baina, nik uste geratutakoaren aurrean hausnarketa egin behar dela azalean geratzeko arriskua ekidituz.
1.Europar Batasunaren eskuin jokoa bistan geratu da. Ekonomiak bai, baina baita ideologiak ere zer ikusia izan du arazo honen inguruan. Eta nik uste, azkar edo berandu izanen duela Europan bertan ondorioa. Europako ezkerrak lanean jarraitu behar du balizko beste Europa bat eraikitzen.
2. Greziar herriak eta agintariek jarrera duina eta etikoa agertu dute. Bai, ozenki esan beharra dago, terrorismo instituzionalaren aurrean errebelatu egin dira, eta beste balio batzuk jarri dituzte. Eta ez da gutxi gaur bizi dugun gizarte giroan. Miresten ditut Tsipras, Varoufakis eta hainbat intelektual zeintzuk beste akordio bat posible zela esan duten. Beste akordio bat giza balioetan oinarritua.
Elkartasun sentimenduaren eraginez Kavafis poeta greziarraren “Itacarako bidaia”ren zatitxoa eskaini nahi nieke: “Itacarantz abiatzen zarenean bide luzea izan dadila eskatu behar duzu, abenturez betea, ezagupenez jantzia. Bidea luzea izan dadila eskatu behar duzu, egunsenti asko izan daitezela zure begiek ezagutzen ez zuten portuetan sartzeko, eta joan zaitezela jakintsuen hirietara. Izan bihotzean Itacaren ideia. Hara iritsi behar zara, hau da zure helmuga; baina ez bortxatu inoiz zure ibilbidea. Hobe da urte askotako bidaia izatea...”. Aurrera Grezia!!!
Gaia aldatuz, Urnietari zorionak. 400 urte, erraz esaten da. Urnietan eman nituen haurtzaroko urterik onenak: Xoxoka, Oiarbi, Enbutegi, Idiazabal kaleko zelaiak: San Juan plazako umetako bizipenak.
Hainbat eta hainbat bizipen. Zorionak Urnieta! Aurrera egin ezazula tradizioak gaurkotuz, modernizatuz. XXI. mendean gaudela konturatuz, eta ez XX.ean.
Uda on guztioi!