Erabakitzeko eskubideari buruz behin baino gehiagotan idatzi dut zutabe honetan. Aiurritarrok, agian, asperturik zaudete behin eta berriro gai honi buruzko hausnarketak irakurtzeaz. Baina hil honen 21ean futbol zelaietan ospaturiko jai erraldoiaren ondoren, badirudi beharturik gaudela ideia batzuk plazaratzera, ezen beti baita interesgarria iritziak, kritika baikorrak, hausnarketak egitea... korronteak eraman ez gaitzan.
Jaialdia formari buruz ikusgarria izan zen, eta prestakuntzan parte hartu zutenak herritarron eskerrona merezi dute, nirea behintzat bai. Eta lerrootatik doakie. Futbol zelaiak gainezka eta festa giro bikaina, eta oihua ezin ozenagoa, nahiz eta aulki batzuk hutsik geratu. Aurreko urtean giza-katea izan zen, jendetsua dudarik gabe; eta aurtengoak jendetza aldetik seguruenik gainditu egin du.
Gure gizartea, ordea, oso anitza da eta horrelako jai baten errebindikazio inguruan iritziak ere desberdinak izaten dira eta izan dira. Komunikabide desberdinetatik zenbait jaso ditut eta ekarpenak aberatsak dira. Niri, beti bezala, zalantzak ere sortu zaizkit eta lehengoak ere nire barnean diraute. Zenbaiten iritziz, hurrengo urratsa erabakitzeko eskubidea bozka bidez gauzatzea litzateke. Beste norbaiti entzun nion irrati saio batean, bera euskalduna, alegia erabakitzeko eskubidea independentzia zela, eta, alderdi horretatik, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidea ez zuela batere garbi ikusten. Jakina, asko eta asko izan dira, eta ni ados nago, behin eta berriz errepika dutenek erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa dela, eta ez duela, derrigorrez, independentzia esan nahi. Zenbait hedabide, bestalde, betiko moduan muturra sartu eta manipulatzen iaioak, beti dabiltza bai elkarrizketetan bai iritzi artikuluetan dena nahasi nahian. Galdera guztietan erabakitzeko eskubidea independentziarekin nahasten dute asmo garbiarekin, noski. Urkulluk Legebiltzarrean oposizioko zenbaiti erantzunez bere iritzia eman du. Jakina, Lehendakari gisa, erantzun neurtuak eman ditu, horren aldekoa da baina urrats seguruez eta legediaren barnean nahi lukeela gaineratuz. Ez legoke gaizki kaleetako oihu hau Parlamenturaino iritsiko balitz eta oihartzuna lortuko balu. Ez dut erraza ikusten baina gai honen inguruan beste hausnarketa bat da. Antolatzaileek dioten bezala seduzitzen joan beharko dute ahalik eta alderdiek onar dezaten.
Halere, lehen esan dut nik nire zalantzak ditudala eta entzundako beste zenbait iritzi entzunda, zalantzak areagotu egin zaizkit. Esaterako, entzun dut zenbait herritan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko medioak jarriko direla; beste batzuk esan dute hurrengo urratsa bozka ematea izanen dela eta bide horretatik... Nik, herritar gisa, galdera egiten dut: zein galdera egingo didate? Zein oinarri juridikorekin egingo didate? Eta, batik bat, erabakitzeak aukera askoren artekoa eskatzen duenez, galderak bat baino gehiago izan beharko dute aukera dezadan; aukeratzerik ez badago, alta, betikoan ginateke. Gustatuko litzaidake norbaitek erantzungo balit. Komunikabideetan, bestalde, ez dut ikusten gaiaren inguruan eztabaidarik, ez eta hitzaldirik, pedagogiarik ere ez. Aiurrin bertan, eta eskualdean badira mugimendu horretan sartuta dabiltzanak ez dut aurkitu iritzi artikulu bat ere gai honen inguruan. Herritarrok joera handia dugu jai erraldoietan parte hartzeko, baina oso gutxi gure barne iritziak azaleratzeko eta kontrajartzeko; eta mila bider esan dut baina Aiurri bezalako aldizkari bat eduki, eta tristea deritzot ez erabiltzea gure iritziak errespetuz adierazteko. Labur bilduz: bi urteotan egin diren jaialdi erraldoi horien aldekoa naiz, eta beharrezkoa dira; ados nago Erabakitzeko Eskubidea eskubide demokratiko dela eta bere horretan defendatu behar dela; baina ez dut ikusten oraindik garbi nola gauzatuko den edo gauzatze horren bidea. Horregatik eskatzen dut eztabaida eta iritzien kontra jartzea.
ALKATE ETA ZINEGOTZIEN SOLDATAK
Azken Aiurrin hauteskundeetako itun dantza bukatutzat eman nuen. Baina entzundakoa entzun da, izan dira, batik bat, Estatuko zenbait lekutan, non alkate eta zinegotziek irabaziko duten soldataz hitz egin duten. Giza mareen plataforma bidez boterea lortu dutenek esan dute beren soldata jaitsiko dutela. Kontxo, hemen, soldatei buruz ezer ez edo ezer gutxi. Hori bai, entzun dut Arrigorriagakoak, lehen batzar orokorrean bere soldata igo duela eta ez gutxi.
Ez legoke gaizki herritarrak krisiaren ondorioz sufritzen ari direna kontuan hartu eta, politikoek ere keinutxo bat eginen balute. Bartzelonan, Madriden eta Valentzian eta zenbait tokitan egin dute.
Agian, gu desberdinak gara!