Itun dantza bukatu da

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2016ko ots. 2a, 01:00

Hauteskundeak bukatu bezain laster, itun dantza hasi zen. Eta dantza, edozein dela musika, aproposa da  erakartzeko, seduzitzeko. Jakina, baziren zenbait bikote lehendik harremanetan hasita zeudenak; baina badirudi, gertakizunen arabera , harremana ez zegoela erabat bermaturik. Dantzaldietan beti egoten da jende multzoa eskuan zerbait hartuz  honi eta  hari begira: ezkutuko muxuak, arrumakoak eta  jarrera goxoen testigu.

Ba, dantzaldi luzea izan da, hain luzea ezen azkeneraino suspertzen utzi baikaituzte. Hau honekin joango ote zen; bestea harekin; beste zenbait  ez hirunaka bosnaka,zazpinaka  askoren arteko orgiaren antzera. Euskal Herriari dagokionez, EAJ eta PSOE izan dira bikote gisa nabarmen deklaratu direnak; baina hor ibili dira  azkeneraino  bikotea hautsi dela esan eta handik bi egunera berriro bakeak egin dituztela esanez. Politikoek abilezia dute dantza eta antzerkirako, ez ba esan nahi dena azkeneraino.  Eta etorri da ezkontzeko eguna eta zeremonia bitxiak suertatu dira. Zenbaitek baiezkoa ematerakoan atzera egin eta ezkontzako banketea ozpindu dute.

Andoain
Andoaingo kasua Estatu mailako  berria izan da hemen eman baita, batik bat, istorioak kontatzen dutena, alegia bikotea aldarera joan eta han baiezkoa eman behar zenean ezezkoa eman eta atzera egin eta denak planto utzi. Zeremonia zuzendu behar zuena, Joseba Egibar andoaindarra, alegia, txundituta geratuko zen eta frustratuta, seguruenik, hain egun ederra zapuztuko zen-eta. Berari larunbat goizean entzun nion bezperan Andoaingo EAJkoekin bildu zela eta , nahiz eta bertakoek zailtasunak agertu, leialtasuna mantenduko zutela, horretan seguru zegoela. Baina iritsi da eguna,  zeremonia hasi da eta, hor, ateratzen da EAJko bat PSOeri bozka ematen ez diona. Eta, ondorioz, PSOE ez baina EHB Bilduk jasotzen duen alkatetza, lehen alkate zenak alegia. Aztertzekoak izanen ziren hango aurpegiak, zeren  komunikazio ez berbala ere  ematen baita, eta, askotan, aurpegi batek mila hitz baino gehiago adierazten du. Hor ez da geratzen haserrea: PSOEk mendekua hartu eta Gasteizen ezezkoa ematen dio EAJri eta Maroto bai Maroto ez, ba Maroto ez eta denak pozik. Bikoteen kontuak, haserreak, mendekuak; baina dirudienez, prest daude haserreak utzi eta  berriro elkarrekin joateko. Horregatik, badirudi  gertaera horrek ez duela ondorio larririk ekarriko.

Gainontzean, Euskal Herrian aurrez ikusten zena gertatu da. Ni irudiko, normala Andoaingo EAJko batek PSOEri bozka ez ematea. Herrian denak ezagutzen dira  eta alderdi batekoak nahiz bestekoak elkarrekin bizi dira. Eta, honi kosta eginen zitzaion alderdiaren agindura makurtzea. Gainera, hor dago norberaren kontzientzia. Partidarekiko jarrera horiek fraide denboran bizitakoa gogorazten dit: alegia, nagusiek zioten egin behar zenuen nahita ez. Hori despertsonalizazio hutsa da, gizakiok dohairik handiena askatasuna baita.

Estatu mailan
Aipagarrienak eta niri, poz handiena eman didatenak, zergatik ukatu eta errespetu osoz diot, Madril, Bartzelona eta Valentzia izan dira. Bi emakume eta gizonezko bat. Bitxia da  beste gauza askoren artean soldata jaitsiko dutela esan dute. Ez da gutxi hasteko. Aurreko zutabean esan nuen hemen ez dela korraleko lurrikararik izan, eta ez dira entzun horrelako kontuak. Ez legoke gaizki horrelako adierazpen bat, baina, hemen horretan ere desberdinak gara!

Joseba Asiron (Iruñeko alkatea)
Josebari aipamen berezia egin nahi diot. Atentzioa eman dit gizon honen gizatasun eta etika jarrerak. Alkatetza hartu zuen egunean, bere hitzaldian ere esan zituen baina aurretik horrelako kode etiko bat  aldarrikatu zuen eta beste  ideia askoren artean zera esan zuen:  biktima guztien alde egingo zuela oroimena, justizia eta erreparazioa lor zezaten, eta giza eskubide guztiak defendatuko zituela eta biolentzia guztiak gaitzetsi. Bizikidetzarako bi dei nagusi, noski.

Facebookean ikusi nuen eta zoriondu ere bai. Erantzuna jaso nuen. Inor gutxik aipatu ditu ideia horiek. Iruñeak bai  izan du aldaketa eta Asiron bezalako gizon jatorrak behar ditugu. Zorionak ba, Aiurritik ere, Joseba!!! Bukatu da itun dantza. Jaitsi da teloia. Lanean hasi eta agindutakoa betetzeko ordua. Bizitzak aurrera darrai, eta izanen dugu denbora gai hauetaz aritzeko garaia eta parada. Zortea denei herrigintzan eta zintzotasuna jarreretan.

Tomas: In memorian
Urnietako Tomas, Tomasito ere joan da. Kintoak ginen eta kinto guztien izenean oroimenean iraun dezala opa diot. Urte asko bizi izan ditu eta bizitakoa hor dago.

Agur Tomas: Adorik ez!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!