Hauteskunde ondorengo galdera: Eta orain?

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2016ko ots. 2a, 01:00

Azken zutabean, duela hamabost egun, hauteskunde hauetako ezaugarritako bati buruz aritu nintzen, alegia, aldaketari buruz. Eta, adierazita zegoenez, aldaketa etorri da eta ez txikia. Jakina, hirietan gehiago  nabari izan da baina hauetako zenbaitetan ere aldaketa eman , eman da. Adibidez, EH Bilduk zituen zenbait udal EAJren edo PSEren eskura  joan dira. Dudarik ez, ordea, aldaketa, batik bat, estatu mailan, hiri handietan eman dela, hala nola, Madrilen, Bartzelonan, Valentzian... Nafarroan,galanta gainera!

Erkidegoan aldaketa EAJ eta EH Bilduren artean eman da, eta, hemen azpimarratzekoa Aldundian Podemos indartsu sartu dela. Donostiako udaletxean ez hainbeste, baina Irabazik bi sartu ditu eta ez dago batere gaizki.

Emaitzak
Aipatu dudanez, emaitzak desberdinak izan dira autonomien arabera, eta, nola ez, herrien arabera. Gureari dagokionez, lehen ere esan dut   giza marea hori ez da hain indartsu sartu, baina,  tira Aldundian Podemos-eko  sei batzarkide  sartu dira. Hasteko ez dago gaizki.

Beraz, ez dugu shock handirik izan Euskal Herrian. Beno, baieztapen hori ez da zuzen-zuzena  EAJ eta Bilduren arteko politika forman zein edukian ez baitira berdinak. Analista gehienek, eta ni ere ados nago, EAJk eta PSEk akordioa jada izenpetua dutela, baina bidean gora beherak, eta ez txikiak, izanen dituztela. Nire irudiko, zenbaitetan  sozialistak hurbilago egon daitezke Bildu eta Podemosengandik, hor ikusten baitut ezkerraren gunea.

Baina, egia da, bestalde, sozialistekin ezin daitekeela asmatu. Esaterako, Legebiltzarrean etxebizitzaren legea dela eta  sozialistek eta Bilduk bat egin dute EAJ-PNV eta PPen kontra. Eta nik, lege hori ezkerrean kokatzen dut. Baina, tira, Markelek izango ditu nahiko lanak  Bidegi eta errauskailua bideratzen. Errauskailuari buruz zera: niri gustatuko litzaidake  herri galdeketa bat behin betiko ea herritarrek zer nola pentsatzen dugun jakiteko. Aurreko Gobernuari  inposatzaile izana leporatu diote, ea  oraingoek konpontzen duten eta demokratagoak agertzen diren.  Beste puntu bat erabakitzeko eskubidea, subiranotasuna izango da. Podemosek garbi esan du erabakitzeko eskubidea dela, beraz demokratikoa, eta ez dela beraien lehentasuna. Baina ez direla oztopo izango. Gai hori dela eta, ez nau harritu ERCko   Junquerak irratian esan duena: Ada Colauri bozka emateko honek independentziaren alde agertu beharko duela. Zertan  gabiltza: erabakitzeko eskubidea independentzia al da? Noiztik? Erabakitzeko eskubidean independentzia beste aukera askoren artean egon daiteke, baina ez berdindu erabakitze eskubidea eta independentzia. Ez dut ulertzen!

Itunak
Bertatik hasita, Urnieta eta Andoaingo emaitzak eta ondorengo analisiak lehengo asteko Aiurrin Jon Ander Ubedak argi baino argiago agertu dizkigu.

Urnieta eta Andoain herri desberdinak dira, beti izan dira.  Agian Urnietan harrigarria izan da Bilduk gehiago ez lortzea eta EAJ eta Bilduren arteko aldia areagotzea. Baina, hori Gipuzkoako herri askotan gertatu da eta Urnietara ez da, dirudienez, ezkerreko giza marea hori iritsi, esan nahi baita beste zenbait herritan sartu diren mugimendu berri horiek Urnieta alde batera geratu direla. Beraz, UrnietaN ez dute itun beharrik. Mikel Pagolaren adierazpenak  alegia, oposizio inplikatu nahi duela, jarrera  heldua  eta  jatorra deritzot, herria  eraikitzeko elkarlan hori berme bat da.

Andoaingoa konplikatuagoa ikusten dut, baina Ubedak dioen bezala, badirudi Andoainen ezker multzoa badagoela eta hori bizigarria da, egoera ez baita Urnietan bezain lineala. Nork jakin, agian, egunen batean.

Dena den, txarrenera, Carrerek eta  beste bi indar berri horietako ordezkariek oposizioa egin dezakete.

Nafarroakoa itxaropentsua ikusten dut, eta Uxuerengan denok dugu itxaropena. Eta Madrilen eta Bartzelonan, Valentzian eta hainbat lekutan zer gertatuko den jakin arte urduri gaude. Estatu mailan giza marea hori indarrez sartu da. Ea PSOEk zer nolako joera hartzen duen. Ea inoren aurka jo gabe alternatiba ezkertiarrak sortzeko gai diren.

Ai Carmena Carmena!!! eta Ada eta Valentziako Compromiseko emakume sutsu hori. Emakumeek eman diezaiokete kutsu berri bat politikari.

Dena den, eta bukatzeko, paktuak paktu eta emaitzak emaitz, bizitzak aurrera eginen du eta guk geuk kudeatu beharko dugu geure bizitza. Politikoek lagun diezagukete baina, azken batean, bizitzan orekan bizitzeko aukera geuk sortu eta eraiki beharko dugu. Hori seguru.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!