Azken hauteskundeetatik gizarte bizitza asko aldatu da: krisi larria, herri mugimenduen sorrera, hala nola, M15 izenekoa, etxe kaleratzeak, langabeziaren igoera, ustelkeria, bake eta bizikidetzaren gora-beherak eta gizarte bizitza osatzen duen beste hainbat aldaketa. Azken lau urteotan, ustelkeria, Espainakoa, batik bat, goruntz joan da. Dirudienez, hemen ere, Aldundiaren kasu, Bidegi dela eta epaileek zerbait ote dagoeneko susmoan esku hartu dute. Jakina, ezin daiteke Espainiakoarekin alderatu baina noizbehinka sagar ustel batzuk agertzen dira gurean ere eta horrelakoak herritarrek ezin dituzte eta ez dituzte begi onez ikusten. Dagokion alderdi politikoak neurriak hartu behar lituzke eta ez, egin ohi denez, beste aldera begiratu.
Kontua da egungo egoeraren aurka sorturiko mugimenduak, asko eta asko, behintzat, alderdi gisa antolatu eta hauteskundeetara aurkeztu direla. Horixe esaten zieten gainontzeko alderdi tradizionalek: aurkeztu zaitezte hauteskundeetara ea norarteko indarra duzuen jakin ahal izateko. Ba, hor ditugu. Ciudadanos izeneko alderdia, Bartzelonan jaioak, ez du zer ikusirik aipatu herri mugimendu horiekin, baina alderdi gisa estatu osoan aurkeztu da, indartsu aurkeztu ere. Besterik da Podemosen kasua ezen honek gehiago biltzen baitu herritarren haserrea.
Hori dela eta, hauteskunde hauek aldaketaren hauteskundeak izenaz bataiatu dituzte. Kanpainaren nondik norakoa ikusita, eta esandakoak entzunda, aldaketa da gehien entzuten den hitza, eta horrek herritarrei itxaropen berri bat sorrarazi die. Asperturik baitago populazioa, hauteskundeetan egin ohi diren aginduak ez direlako betetzen. Horregatik, herriak benetako aldaketak nahi ditu eta neurri batean indar berriengan itxaropena jarri du, gutxienez, bipartidismoa hautsi eta indar berriak eszena politikoan sartzen direla ikusirik. Egia esan, hemen, Euskal Herrian ez da nabarmentzen EAJ eta EH Bilduren inguruan baikabiltza baina, tira, inkesten arabera Podemos eta Irabazi, bata Aldundian eta bestea udaletxeetan sar daitezke. Horrek aldaketaren bat ekar dezake. Estatu mailan nabarmenagoa da indar berrien sarrera eta, ondorioz, baita ere aldaketarako joera. Nafarroakoa ere itxaropentsu dator. Azken batean, aniztasuna beti da itxaropentsua eta hauteskunde hauek aniztasun horretan oinarritzen dira.
Horrela bada, sarrera hau testuinguru gisa jarrita, koka ditzadan niri azpimarragarrienak iruditu zaizkidanak. Esan behar dut herrietako egoera ez dudala hain ongi ezagutzen. Andoaingoa eta Urnietakoaren berri Aiurri astekaritik datorkit, baina orokorretik abiatuko naiz.
EAJ eta EH Bilduren arteko lehia
Orokorrean, eta euskal herrian bi alderdiok gehiengoa izanik lehia bizian dabiltza, zenbaitetan dialektikatik haratago joaten delarik, batik bat Donostian udaletxean zein Foru Aldundietarako hautagaien artean. Bestetik, normala da. Zenbait eztabaidatan Diputazioan pil-pilean dagoen Bidegi auzia aurpegiratu dio Bilduk EAJri eta, nire irudiko, EAJkoak ez du jakin horri aurre egiten.
Gehientsuenetan Bilduri hauteskundekeria igorri dio; baina hori ez da kontua. Ustelkeriaren usaina bera ere herritarrek ezin dute jasan eta, EAJk eman beharko luke azalpen bat.
Itunak
Kazetarien galdera: Prest al zaude EH Bildurekin itunak egiteko edota prest al zaudete Donostiako Udaletik, esaterako, Bildu kanporatzeko itunak garatzera? Ez dut ulertzen normaltasun eta errespetu falta hori. Gehiengoa ateratzen duenak beste alderdiekin hitz egin beharko du ea gobernagarritasuna lortzen duen. Eta lortzen badu, aurrera. Proiektuak aurrera ateratzeko batekin eta bestearekin hitz egin beharko du. Podemosi ere galdera maltzurrak egiten zaizkio. Nire ustez, Podemos Foru Aldundian sartzen bada egin behar duena da Gobernuan sartu ez baina gehien bozkatua izan denarekin programak kontrajarri. Eta ahal bada adostasun batzuetara iritsi. Hor dugu Andaluziako kasua. Erraza da bestearengan gure gabeziak proiektatzea baina Diazek jakingo du zergatik aurreratu zituen hauteskundeak. Oposizioak eskubide osoa du marra gorriak uste duen lekuan jartzeko.
Erabakitzeko eskubidea
Kanpainan entzun diot Asier Arraizi EH Bilduk defendatzen duela soilik erabakitzeko eskubidea. Nire irudiko ez da egia. Badira beste alderdi batzuk ere eskubide hori defendatzen dutenak, eskubide demokratikoa baita. Ez dakit, beste behin eskubide demokratikoa independentziarekin nahasten ari ez ote garen. Baina Oiarbidek, ekimen hori martxan jarri zuenetariko bat, garbi esan dio eskubide hau ezin daitekeela tresna ideologiko gisa erabili. Horra hor arriskua! Nire ustez, EH Bilduk ikasi beharko du Euskal Herrian ere indar berriak badatozela, gero eta anitzagoa dela eta aniztasun hori kudeatzen ikasi behar duela. Indarrak metatu egin behar direla eta ez sakabanatu.
Besarkada
Manuela Carmena Madrilgo alkatetzako hautagaiari lerrootatik besarkada bat eta zorte on. Ezaguna dut eta benetan emakume ona deritzot, frankismoaren errepresioa jasandakoaren bermearekin.
Eta nola, ez, Urnieta eta Andoainen ere aniztasuna islatu dadila denen artean. Herri justu bat egitea errazagoa baita. Urnietako kasuan ez dut uste aniztasun gehiegi emango denik. Bi izanen dira nagusi baina proiektuak eta asmoak metatuz Urnieta pentsaeraz anitza, justuagoa, ongizate hobeagoa, laikoa eta aurrerakoiagoa izatea lor dezakete.