Jakin, badakit, hautatu dudan gaia ez dela hain sinplea eta erraza. Gaixotasun asko daude, oraindik, jakitunen azterketetatik kanpo, nahiz eta osasun arloan ere aurrerapauso asko eman den. Gorputza eta, gizakia bera, oso konplexua da, eta arlo asko dira eta denak daude elkarren artean loturik. Ez gara soilik gorputz fisikoa; gogamena ere badugu eta izpiritua ere bai, noski. Gaur egun, zenbait gaixotasun genetikari lotzen zaizkio, esan nahi baita, gurasoengandik jaso duguna gerora garatuz doala. Gure artean ohikoa da esatea minbizia, diabetesa, etab..., gaur nik pairatzen ditudan gaixotasunak gure gurasoek ere pairatu zituztela.
Gaixotasuna bere testuinguruan kokatzerakoan, ordea, kontuan hartu behar dela uste dut gizakiok gorputza, gogamena eta izpiritua ere bagarela. Izpiritua esaterakoan ez dut esan nahi mendeetan zehar Eliza katolikoak berea egin duen izpiritu hitza eta hortik sortu direnak: espiritualitatea, haurdunaldi izpiritualak etab... Gogamena litzateke gaztelaniaz: mente. Non sortzen diren gure pentsamenduak eta izpiritua. Gizaki ororena den zerbait hori, non kokatzen ditugun gure sentimenduak, emozioak, bizipenak. Ekialdean hiru elementu horiek erabat elkarri lotuak ikusten dituzte, eta hortik batak bestearengan izan dezakeen eragina. Beraz, gure gaixotasunek ere badute genetikatik aparte beste sorrera edo iturburu mota bat, eta mendebaldean ere gaur asko aipatzen da psikologia arloan “psicosomatico” hitza, esan nahi baita gure psikean, gure izpirituan sortzen diren sentimendu, emozio, beldur, antsietate, estres eta abarrek askotan gure gorputz azalean islatzen direla.
Kontua da, gaiari guztiz interesgarria deritzodala gaurkotasun berezia duelako. Eta hor, ustekabean eta harriduraz, jakin dudan, berak aitortu baitu, Joanmari Torrealdaik minbizia duela, eta gaixotasuna atxilotua izan zeneko torturekin lotzen duela. Gogoan dugu, noski, Euskaldunon Egunkaria 2003an itxi zuteneko gertakaria, itxi eta atxilotuak izan zirenak nola tratatuak izan ziren atxiloketaren unean eta ondorengo egunetan. Berriro ere torturak mahai gainean jarri ziren. Atxilotuen artean Joanmari Torrealdai izan zen. Administrazio Kontseiluko presidentea zen. Hainbat libururen egilea, beti ere kultur arlokoak eta 2007an Euskaltzaindiaren euskaltzaina izendatu zuten. Lehen esan dudanez, torturak oso sonatuak izan ziren. 2003an itxiarazi zuten Euskaldunon Egunkaria eta bide luze eta sufrikarioz betetakoa egin ondoren, 2010an absolbitu zituzten.
Honen haritik, duela gutxi, eta arazoa publikoa delako aipatzen dut, Joanmari berak aitortu zuen Baionan ospatu ziren torturari buruzko jardunaldietan nola eta zein tortura mota jasan zituen. Eta, ondoren, irrati publikoan elkarrizketa bat egin zioten eta berak garbi esan zuen torturak jasan eta gero psikiatra euskaldun batengana jo zuela, nolabait bere barnean zeraman karga hori dena kudeatzeko asmotan eta honek garbi esan ziola: orain bizi dituzun emozio eta sentimendu horiek denek ondorio fisikoak ekarriko dizkizu. Eta kazetariaren galderari: Minbizia al duzu? Joanmarik zalantzarik gabe “bai” erantzun zion. Joanmari ezagutzen dut eta bai hori nire barnean sentitu nuen.
Gertakari hori hasierako testuinguruarekin lotu nahi nuke. Gure mundu emozionalak: estresak, beldurrak, antsietateak etabar luze batek gure osasunean eragina izan dezakeela eta baduela.
Somatizazioa ez dela tontokeria bat, errealitatea baizik. Gorputza, gogamena eta izpiritua garela, eta hiru esparru edo arlo horiek ongi kudeatzen ikasi beharko dugula. Eta Joanmarik berak esaten zuenez kanporatzen jakin behar dugu nahiz eta kosta egiten zaigun.
Dena den, Joanmariren kasua aipatu eta aspalditik ezagutzen dudanez, Aiurriren zutabe honetatik besarkada beroa bidali nahi nioke. Bere ausardia miresten dut.
Hiazintori zorionak
Ba, zorionak Hiazinto eta besarkada beroa. Urte askotan izan gaituk elkarrekin Aiurriko zutabe idazleak. Ez beti pentsaera berdinekoak, baina hori duk aniztasunaren balioetariko bat. Aurretik ere, biok urnietarrak izanik, izan genizkian elkarrekin jarduera berdinak. Eta ibilbide desberdinak jorratu ondoren, Aiurrin elkar topo egin genian. Gaur bakarrik jarraitzen diat eta askotan botatzen diat faltan besteen iritzea, nirea nolabait kontrajartzeko. Baina, tira, idaztea gustatzen zaidak eta ahal dudan arte hor jarraituko diat nire eta hire izenean Hiazinto. Zorionak!