Seminarioan kurtso bat egin nuen eta ohi diren kurtsoaren bukaerako oporrak ere bai; han Eguberrietan ohi dira. Ni jesuiten elkartean bizi nintzen eta tartean lau jesuita euskaldun; eta tartean batek anaia zeukan Buenos Airesen, eta gure solasaldietan aipatu genuen bisitatzera joatea, hura kapitalera eta ni lehengusuetara, Panpara. Ni, diruz eskas nenbilen, baina kontuak egin eta ostatuaren gastuak baino merkeago zitzaigun egun guztia autobusean eginda.
Erabaki genuen bidaia egitea. Alderik alde zazpi nazio igaro behar genituen, Andeetako mendikatea pasa, eta hori dena lurrez, ia inork ez du egiten hori dena lurrez, gehienek abioia erabiltzen dute. Bi motxila hartu, ibili beharreko denak sartu, karta bat idatzi bagindoazela adieraziz eta atera ginen. Aurreneko partea Kolonbiatik Kuzkora, zeren eta gure jesuita batek, donostiarra bera, anaia zeukan Kuzko inguruan eta Eguberrietako hau bisitatzera joan ginen eta handik aurrera Anjel eta biok. Ni kartak idazten oso motza izan naiz: nire motibaziorik handiena Kontxita zen eta baita neure aita ere, badakit oso gogoko zuela nik bidaia hura egitea...; bada erabaki nuen egunero karta bat idaztea nire joan-etorri guztiak azalduz, eta aitak hartu eta berehala bidaltzen zien gure tarteriko denei.
Eta horrela egin nuen eta badakit gehiago enteratu zirela nola bizi ziren Ameriketako senideak, eurek bizitza osoan egindako karta guztien bitartez baino.
Lehendabiziko Pastora heldu ginen. Hegoaldera Kolonbiako azkeneko probintzia da. Ilusioa genuen hona iristeko bada Santa Cruz apaiz gerrilaria, Hernialden apaiz egona, hil edo biziko estualdi batetik onik atera eta misioetara joatea agindu zion bere buruari eta, hain zuzen ere, Pastoko elizbarrutira bildu zen. Hemen bi parroki eraiki zituen eta hemen amaitu zuen bizitza. Beraz, lur sakratua guretzat.
Aduanara iritsi ginen eta Ekuadorrera heldu. Gure bidaiak honela ziren: iluntzean hartzen genuen autobusa, gaua honela bertan pasatzen genuen; hurrengo egunean autobusean segi, eta segidan gauarekin uztartu eta segidako eguna deskantsu egiteko, eta iluntzean berriro planari jarraitzeko. Gauez, noizbehinka, ohean egiten genuen lo, jesuiten etxeetan. Beraz, inoiz beste lekuren batean ez genuen lorik egin; eta honek denak bi hilabete eta erdi iraun zuen. Kito da kapitala. Munduaren erdia seinalatzen duen arrastoa ondo seinalatuta dago. Hanka bat erdiz gora aldean jarri eta bestea behera aldean eta argazki bat atera eta abiatu ginen behera aldera. Hemen pasa ginen Kiosko misio lurretatik eta Peruko atarira heldu.