Joan diren opor egunak, hots, tradizio katolikoan Aste Santua deitzen direnak, liturgia bereziz beteriko egunak dira. Bada, egun horiei Udaberriko oporrak deitzen dionik ere, nolabait gizarte zibila eta edozein erlijio tradizio bereizteko asmotan. Estatu laiko batean ospakizun horiek esparru pribatuan dute gunea, eta horretan sinisten duenak egun horiek bizi ditzake bere sinesmenaren arabera, eta hori ez duenak beste erabatera.
Bada, ordea, egun horietan beste liturgia zibila gure herrian aspaldidanik ospatzen dena: “Aberri Eguna”. Pazko igandean ospatzen da eta ez da kasualitatea egun horretan ospatzea, esan nahi baita tradizio katolikoan Jesusen berpizkundea ospatzen den egun berean. Jakina, egun hori jarri zuenak tradizio horretan sinetsiko zuen eta hortik tradizio katolikoa eta aberria lotzeko asmoa eta egun horretan Aberri eguna ospatzeko ohitura. Agian garaia da, XXI. mendean baikaude, batasunean eta inongo erlijio tradiziotik haratago Euskal Hiriaren eguna ospatzeko. Dena den, oro aldatzen den gisara, ospakizun hauek ere aldatuz doaz azalean nahiz edukian. Gogora datozkit Frankismoaren garaiko Aberri egunak! Ah zer nolako errepresioa izaten zen! Alderdiek, aurten ere, nork bere erara ospatu dute. Independentziaren aldekoak, estatus berri baten aldekoak, beste zenbaitek askatasuna eman die egun hori nahi bezala ospa dezaten eta azkenik, beste alderdi batzuk aurka agertu dira. Azken hori ez dut ulertzen, nork bere identitatea ospatzeko askatasuna hain ederra izanik. EAJko eskua luzatu diola EH Bilduri; honek independentzia zailtasun guztien gainetik gauzatzeko erantzun diola..., eta hor doaz bakoitza bere aldetik. Eskuak elkartzeko gauzak nahiko argi eduki behar dira. Gai asko daude oraindik erantzunaren zain, hala nola: bakea, bizikidetza, presoak, biktimak, bake ponentzia,... gai potoloak dira egun batetik bestera konpontzeko. Bidea egiten jarraitu beharko da.
Honen aritik, Gure Esku Dago ekimenari heldu nahi nioke. Gehiegikeria ote esatea nork berea defendatu beharrean horrelako egun seinalatuan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea, nire ustez, hori baita oraingoz lehentasuna duen gaia. Herriari galdetu eta herriak aukeratu dezala herri honi eman nahi dion egitura: Independentzia, autonomia, estatus berria, autogobernua, federalismoa etab. Hain zuzen, zutabea idazten nagoela irakurri ahal izan dut Gure Esku Dago mugimenduak aurkeztu duen egitaraua, non Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baionan izanen diren ospakizun nagusiak. Bestalde, “Oihal eguna” ere antolatuko da Antigua auzoan, esan nahi baita oihal horiek herritarren borondatearen sinboloak izanen direla eta kolore anitzeko oihal horiekin kutxa erraldoiak eginen direla.
Ez dago gaizki berriro azpimarratzea erabakitzeko eskubidea ez dela Independentzia. Eskubide demokratikoa baizik. Kontuz ibili behar da alderdi honek edo hark errebindikazioa bereganatzeko tentazioa izan dezakeelako. Hau ere askotan esan dut baina nire irudiko Katalunian ez dira gauzak ongi egin eta hortik oraingo komeriak. Herritar guztiek, edozein dela defendatzen duten alderdia, eskubide demokratiko hori defenda dezakete, eta eskubide hori gauzatzen denean zein egitura nahi dugun erabakitzeko aukera izanen dugu. Ekaineko ekintza nagusi hori garrantzitsua dela deritzot eta uste dut edozein alderdi demokratikok defenda dezakeela.
Pagazaren postontzia
Honen harira gutun irekia idatzi nuen, sufrimendua dela eta ez dela. Sufrimendua sufrimendua dela pentsatzen jarraitzen dut, eta sufrimendua ezin daitekeela norbere alderdi politikoaren alde erabili. Eta postontzi hori zela eta postontzi handi zabalagoaren alde agertu nintzen. Andoainen ere sufrimendua leku askotan eta pertsona askorengan urratu baititu sentimenduak.
Udaletik atera den agindua, postontzia kentzekoa alegia, eta ondorioz sortu diren erreakzioak ez dira egokiak, ezta justuak ere. Udalari sentsibilitate falta atxikitu zaio batik bat PP eta PSOEren aldetik. Badirudi Udalak araudi bat duela gai honen inguruan eta Udalak hori bete nahi duela. Eta nik diot: ze gertatuko zatekeen alderantizko egoeran?
Udalari dagokio biktima ororen oroigarri duin bat eraikitzea Andoaingo herrian sufrimendu guztiek bere agerpena izan dezaten. Ezin dezakegu justizia gure esku hartu eta gure probetxurako erabili. Izan gaitezen helduagoak!