Dotrina aipatzen dudanean ez dut esan nahi dotrina ikaskuntza gisa, dotrina ematen den gune gisa. Gure belaunaldiarentzat eta aurrekoentzat dotrina hitzak bi esanahi edo zituen; batetik, ikasketa, eta bestetik, gunea, hots, dotrina ematen zen gunea. Bitxia dirudien arren, eskolan, neska eta mutilak bananduta egoten ginen eskolan. Ez zen erlijiorik ematen. Gogoan dut, entziklopedia genuela, non bildurik zeuden gai desberdinak eta hauen artean, Eskritura Sainduak ere bai, baina ez dotrinaren ikasketa.
Horretarako, alta, eskolatik kanpo denbora eta gune bereziak zeuden. Alegia, gunea sakristia zen, eta han ematen zen, ongi bereiztuta, dotrina. Txikienak apaiz bat eta beste birengandik pasa ondoren nagusienak erretorearekin aritzen ziren; azken kurtsoa esango genuke gaur. Pasa dira ba urteak eta neurri batean atzera pausoa eman dela esan genezake.
Erlijioa eskolatan aspaldidanik gai eztabaidagarria izan da. Diktadorea hil ondorengo urteetatik eta gobernu diferenteak ez dira gai izan arazoari erantzun egoki bat emateko. Funtsean, eta nire irudiko, nahiz eta teorian Espainiako Estatua akonfesional dela esan eta aldarrikatu, praxian ez du frankismoak Elizarekin egin zuen ezkontza hori hautsi. Esaterako, Zapaterok zertxobait egin zuen “Educacion para la Ciudadania” delakoarekin, erlijioaren gaia baino zertxobait aurreratuagoa zena. Noski, eta nolabait esateko, Elizari aurre egin zion. Baina, hona hemen PPren gobernua eta, giza arlo gehienetan bezala, hezkuntzan ere are eskubirago jo du. LOMCE izeneko legearen bidez erlijioa ebaluagarritzat jarri baitu. Honek esan nahi du zenbait ikaslek, nota hobeagoa lortu ahal izateko, klaseetara joanen direla, nahiz eta bost axola kontu hori. Erkidegoan ere izan dira iritzi kontrajarriak sindikatu eta Hezkuntza kontseilaritzarekin, baina azken batean, eta orokorrean, Madrileko esanetara makurtu direla dirudi. Eta hori gutxi balitz, edukiak ere agertu dituzte; gotzaniek ezarritako gaiak. Hala nola, ikasleek munduaren sorrerari buruz ikasi behar dutena: Jainkoak sortutakoa dela mundua alegia, eta familia dela soilik egitura absolutua eta horren barruan eman behar direla harreman sexualak, eta beti ere espeziaren ugaltzeari begira. Horiek bi perla besterik ez dira.
Badira, halere, gaiaren garrantzia neurtu eta benetako estatu laikoaren alde apustu eginaz horretan diharduten talde eta elkarteak. Hauetako bat “Europa Laíca” izenekoa. Talde honek urteak daramatza erlijioa eskoletatik atera dadin lanean, uste baitute konbikzio pertsonalak, erlijiosoak barne, ez direla eskolari dagozkionak. Eta, bide horretan, hauteskunde urtean gaudelari, hitzarmen antzeko bat sinatu nahi dute zenbait hautetsirekin boterea lortzen badute ekimen hori aurrera eramango dutela aginduz. Hitzarmenaren zenbait puntu honako hauek:
• Lehen aipatutakoaz gain, erlijioak beste zenbait arlori denbora kentzen dio.
• Erlijioaren zenbait eduki doktrinamendua dira, zientziaren eta giza eskubideen aurkakoak. Hala nola, orientabide sexuala, emakumearen askatasuna, unibertsoaren sorrera etab.
• Mutil eta nesken arteko hezkuntza ez dator bat zenbait dogma erlijiosorekin, non emakumea gizonaren menpekoa den.
Ikusten denez, mila arrazoi daude erlijioa garai bateko guneetara itzultzeko, hau da dotrinara, katekesira bideratzeko. Horrela, gizarte anitz batek eskatzen duen egiturara itzuliko ginateke, nor bere tokian jarriz, eta honen harira erakunde publikoak eta eliza ez lirateke sasi-ezkontza batean nahasiko.
KORRIKA
Gure herri eta herrixkak zeharkatzen dabil. Gaur Donostiatik igaro da eta lagun artean hizpide izan dugu, eta ados geunden jende gutxi ikusi dugula parte hartzen. Dena den, horrelako ekimenak ongi daude beti ere gero euskara praktikan lantzen badugu, elkarbizitzan nahiz idazterakoan, irakurtzerakoan etab. Eta zutabe hau aprobetxatu nahi dut, berriro, esateko, harrituta nagoela nola Aiurri zabaltzen den eskualdean, ez dagoen kezka gehiago idazteko, iritziak emateko, eta, horrelako tresna bat, euskara suspertu, landu eta erabiltzeko, eta, nola ez, gizarteari buruz ideia desberdinak aurrez aurre jartzeko, beti ere errespetu giroan. Honetan ez badugu aurrera pausorik ematen, Korrika bezalako ekimenak sinbologia hutsean geratzeko arriskua dago.