Maite Pagazaurtunduari:
Aiurrin idazteak, ezagutuko duzu noski, ematen didan aukera aprobetxatuz, gutun irekia idaztea erabaki dut, bai baitakit Aiurrik adierazpen askatasuna errespetatzen duela , eta ez didala inongo eragozpenik jarriko. Ongi legoke zuk ere aldizkari honetan zerbait idaztea ez baitizue erreparorik jarriko; eta Aiurri bezalako astekari bat ere izan daiteke bizikidetza eta erreparaziorako bide egokia.
Duela egun batzuk, irakurri ahal izan dut “Josebaren postontzi edo gutunontzia” jarri duzuela eskultura zaintzen duen zuhaitzean. Hamabi urtean urtero gogoratuz, Oroimenaren proiektua berrasmatu nahi izan duzue, eta Andoaingo biztanle baten aitorpenarekin estreinatu: “Nik beste aldera begiratu nuen. Sentitzen dut eta lotsatzen naiz”. Artikulua irakurtzen jarraitzen dut: “Pagaza” familiak Josebaren heriotzaren hamabigarrenari esan nahi berezia eman nahi izan dio, eta postontziaren ideia sortu zen” (Nik euskaratua). Dirudienez, zure ideia izan zen, Maite, Europatik zentozen bidaia medio. Postontzi honen bidez, idatzi anonimoak zein sinatuak jaso nahi dituzue familiari egindako kaltearen erreparazioa itzuliz, krimen harren erantzukizun sozial eta politikoak onartuz. Badirudi, denbora laburrean buzoian bertan gutun bat jaso duzuela, eta internet bidez mezu gehiago. Sare sozialetara ere hedatu da nonbait eta badira ehunetik gorako aitorpenak. Nabarmena Andoaingo biztanle batena, zeinak lekuko izan baitzen hilketa gertatu zenean. Kanpotik bidalitakoak ere badira dirudienez. Eta Ana Carrere Andoaingo alkateari zuzendutakoa ere bada: “Ez dizut soilik postontzia ez erretiratzeko eskatzen baizik eta isiltasunetik atera zaitezela eta bat egin ezazula terrorismoa gaitzesten dutenekin”. Vargas Llosa idazle ospetsuak ere esan du: “Ongi dago hilketa gehiago ez egotea baina beharrezkoa da izandakoak ez ahaztea”. Arantxa batek dio, “Oroitzeak duintasuna eman du”.
Maite hau dena oso hunkigarria da eta Oroimena, Justizia eta Erreparazio lortzeko benetan tresna egokia da. Benetan pozten naiz eta nik ere postontzira idatzitxoa bidaliko nuke honako hitz hauekin: Josebak ez zuen inoiz bizia galdu behar. Hil zutenek erantzun behar dute eta “oroimena, justizia eta erreparazioa” eskatu behar dira, eta egindako kaltea bere gain hartu behar dute. Hau guztia esan eta onartu ondoren, ordea, eta zuokiko nire elkartasuna adierazi ondoren, ozenki zenbait hausnarketa egin nahi nituzke. Errespetu guztiz egin ere.
Nire irudiko Andoaingo herrian zein Euskal Herri osoan, postontzi indibidualak jarri ordez, edo biak, sufrimendu guztiak bildu edo oroitu ditzakeen postontzia jarri beharko litzateke, herriz herri hasita. Sufrimenduak ez du ideologiarik, ñabardurarik. Sufrimendua barne esperientzia da, latza eta gogorra, noski; eta sufrimendu orok behar du oroimena, justizia eta erreparazioa. Ze ezberdintasun dago zure sufrimendua, nirea, Lasa eta Zabalaren senitartekoena eta hainbesterenen artean.
Bernardo Atxagak zioen: Bizitza bizitza da. Ba, nik esango nuke: Sufrimendua sufrimendua da. Jakina testuinguruak desberdinak direla baina esperientzia bezala ez dut desberdintasunik aurkitzen. Ni eta beste asko 1960tik 1977ra bitartean gogor torturatuak eta zigortuak izan ginen. Eta hori dela eta sortu zen Goldatu frankismoaren garaiko errepresaliatutakoen oroimen taldea.
Argentinan ere izan gara justizia eske baina Espainiako gobernuak deusik ere ez du laguntzen. Espainiako gobernuak Gasteizen egin nahi duen ETAk hildako biktimen aldeko oroimen erraldoi horretan sartzen al dira biktima guztiak? Horra hor galdera. Halere, orain Andoain bertara nator.
Duela gutxi 36ko gerran hildakoen biktimen aldeko Oroituzek deituta, bertan izan ginen Goldatuko bi kide eta Gasteizko Martxoak 3 elkarteko beste bi. Gerran fusilatutako argazki ugari zegoen eta ni, benetan, inpresionatuta geratu nintzen. Familiarteko horien sufrimendua desberdina al da?
Sufrimenduari hitza jartzea zaila da, Maite. Horrelako ekintzetan parte hartzea ez legoke gaizki guztien sufrimendua erreparatzeko eta partekatzeko eta, Andoainen izanen dira, beste arrazoiren batzuengatik sufritu dutenak.
Baikorragoa izanik, azken aldian ematen ari dira zenbait topaketa, non biltzen diren ETAk eta motibazio politikoengatik sufritu dutenak. Ikusi izan ditut Pili Zabala eta ETAk hildakoen senitartekoak sufrimendua konpartitzen. Ez zaitut hor ikusi. Gaur bertan egin zaie Buesa eta berarekin hil zuten ertzainari omenaldi bat oroimenaren barnean. Eta poztu naiz ETAk ez baina Estatuko indarrek hildako beste zenbait familiartekoak ikusteaz. ETAri behin betiko desagertzea eskatu behar zaio, jakina eta kaltearen erreaparazioa eskatu ere bai, baina baita ere Estatua krimenak egin zituztenei eta, nola ez, hor nagoelako, frankismoaren garaiko torturatzaileei, hiltzeko agindua eman zutenei ere eskatu beharko zaie. Argentinako Servini epaileak aginduak eta izen abizenak jarri dizkie erantzukizuna izan zutenei, hala nola, Martin Villa, etab. Europako Parlamentuan zaudenez interesgarria litzateke Espainiako Gobernua frankismo garaiko krimenak ez dituelako aztertu nahi saltzea eta proposamenak han aurkeztea. Maila honetan Amnistia Internazionalak asko egin du.
Maite, errespetuz esan nahi izan dizkizut hausnarketa hauek guztiak, eta, sufrimenduaren esperientzia pairatu dugun guztiokin ikusi nahi zaituztegu. Adeitasunez.