Greziari begira

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2015ko ots. 12a, 11:12

Grezia beti da eta izan da erakargarria hainbat arrazoiengatik: Geografia, kultura, artea, pentsamendua. Geografiari dagokionean, paisaia ezin hobeak ditu, batik bat, itsasaldera, hondartza ederrez hornitua. Barnealdeak ere badu bere xarma. Kultura mailan, Grezia zibilizazio ospetsua izan da eta, historia ikasi duen edonork gogora ditzake arte mailan izan duen garrantzia. Eta, nola ez, Grezia pentsamendu berri baten sortzailea izan zen. Gogora ekarrita, Platon, Sokrates, Presokratikoak, etab.

Zibilizazio orok bezala, ordea, Greziak ere gorabehera asko izan ditu eta bizi garen momentu honetan krisiak gogor jo du han. Europar Batasunaren eraketak eta, batez ere, Troika osatzen duten gobernuen eraginez, zorra metatzen joan da, eta murrizketa basatiak egitera behartu dituzte. Horrez gain, han ere ustelkeriak esparru asko irabazi du eta guzti horren ondorioz, populazioa miseria gorrian jauzi, eta ezin izan ditu oinarrizko beharrak ere bete. Jakina, Greziako alderdi politiko guztiak ez dute filosofia berdina eta krisi larri horretatik ateratzeko estrategiak ere desberdinak dira. Esan dezagun orain arte gobernatu duen eskuinak, hemengoa genuke horren isla garbia, murrizketari eman dio lehentasuna eta, politika horrek, populazioaren  miseria areagotu egin du. Amorrua bizitu egin da eta protestak ugaritu. Horren isla hemengoa ere bada. Gogora Maiatzak 15 eta beste zenbait mugimenduk mugiarazi duten jendetza. Syriza, oraingo hauteskundeetan lehen indar gisa atera den alderdi politikoa, lehen ere aurkeztu zen, baina ez zuen gobernatzeko aukerarik izan jasotako bozkak ez baitzioten eman aukerarik. Parlamentuan, ordea, lanean jarraitu zuten. Oraingo hauteskundeetan, azkenik, lortu du; ez gehiengoa baina bai lehen indarra izatea. Egia esan, asko gustatu ez zaidan eskuinarekin osatu behar izan du gehiengoa. Dirudienez, eskuineko gobernukide horiek, bakar batzuk alegia, ados daude Europar Batasunaren eraketa ereduan.

Beraz, Tsiprasen gobernua nahiko gai da Greziaren norabidea markatzeko. Eta, antza, hasi da markatzen. Hasi dira harreman diplomatikoak. Kontua da duen zor hori nola konpondu eta horretarako nola zuzendu edo berritu Europa Batasunaren eraketa. Hor ibili dira Frantzian eta Erroman konplizeak bilatzen. Gogoratu behar da 1953an Greziak eta Espainiak besteak beste, Alemaniari zorra barkatu ziela. Bada esaera bat: “Hurkoaren txakurrari ogia ematen dionak, ogia zein txakurra galtzen ditu”. %60a baino gehiago barkatu zioten bi gerra ondoren, alegia, Alemania bigarren Mundu Gerraren ondoren miseria gorrian geratu baitzen. Ez dakigu zertan geratuko den auzia baina espainiar estatuan, eta noski Euskal Herrian ere bai, Greziari begira jarraitzen dugu.

ESTATU ESPANIARRA?
Azken aldi honetan, hemen ere giza mugimenduak eraginda hainbat protesta sortu eta eman dira. Eta horrelakoak sortu zirenean politikoek berehala esaten zuten “antolatu daitezela indar politiko batean” eta giza errealitatea eraldatzeko parte har dezatela erakundeetan. Ba hor dugu “Podemos, Ahal Dugu” alderdi politiko gisa haserre eta amorru bizi horren isla. Eta indartsu sortu da. Europar Hauteskundeetan alderdi nagusien bitasun hori hautsi zuen eta nahiko txukun joan zaio Europan. Denbora gutxian, indar hori ugarituz joan da. Jada eraikuntza mailan aurrera doaz, eta. Esaterako, gaur hasiko dira Euskal Herrian, hiru hautagaietatik bat aukeratzen. Horrenbestez, Erkidegoan zuzendari bat izanen da.

“Podemos, Ahal Dugu”ri buruz gauza asko esan da eta esaten ari dira; eta ez beti errespetuz. Irainez baizik. Alderdi politiko tradizionalek ezin dute irentsi horrelako giza mugimendu baten indarra eta komunikabide guztiak erabili ohi dituzte aipua kentzeko. Nire irudiko, alderdi berri horren norabide osoarekin ez nago ados, baino kontxo, izan dezagun errespetu pittin bat eta egitekotan, egin diezaiogun kritika politikoa eta ez irain. Non geratzen da etika? Utz diezaiegun bidea egiten. Inkestek diotenez, Estatu espainiarrean lehen indarra lirateke. Euskal Herrian ez hainbeste, baina badirudi indarrez sartuko liratekeela Erkidegoko erakundeetan. Niri, egia esan, ez zaizkit gehiengoak gustatzen; nahiago elkar lana. Horretarako “Podemos, Ahal Dugu” formazioak ere uste dut apal jokatu behar duela, eta ez bestea ukattzea norbera berresteko. Errespetuz jokatu behar duela uste dut, eta gizartea aldatzeko programaren arabera elkartu.

Itxaropen horrekin, ongi etorriak eta elkar ikusiko dugu!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!