Frantziako atentatua

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2015ko urt. 30a, 13:00

Ni ere Charlie Hebdo naiz baina ñabardurak kontu...!

Horrelako sarraskia edo atentatua gertatu ohi denean berehala eta, gehiegi pentsatu gabe, iritziak, gaitzespenak jaurtitzen dira, modu konpultsiboan. Gisa honetako erreakzioak, bestalde, batik bat pertsonen bizitza tartean dagoenean, guztiz normalak dira. Hamabi pertsonen hilketa ez da, noski, txantxetako gauza. Amorru hori iragan ondoren, ordea, hausnarketa sakona egitea beharrezkoa da, orokorrean ez baitira gauzak beltzak ala zuriak izaten. Hori sinplifikazio erraza litzateke. Hau da nire asmoa, hots, Aiurriko zutabean nire hausnarketatxoa agertzea.

Hilketak ez du justifikaziorik
Lehenik, argi eta garbi gera bedi ideia, aberria edo sinismen bat defendatzeko ez dela zilegi bizitza kentzea. Ideiak, sinismenak ideiekin defendatu behar dira eta ez tiroz. Hausnarketa guztien gainetik eta lehenik hau garbi utzi beharra dago. Maila horretan atentatua, nire irudiko, gaitzetsi beharra dago, nahiz Frantzian ala  Sirian edo  Palestinan. Ezin ditzakegu atentatuak eta heriotzak sailkatu; hipokresia hutsa litzateke –eta hori ere gertatzen ari baita gure gizartean eta mundua osoan–.

Adierazpen askatasunak mugarik ez?
Badira zenbait hitz mendebaldean kristautasunak,agin hobe katolikotasunak monopolizatu dituenak. Hala nola: izpiritua, sakratua etab. Guztiok izan gara  hitz horien kontestuan heziak eta heziketa hori baldintzatua egon da. Kulpabilitatea sorrarazi digute, besteak beste, gorputza zerbait  txarra dela erakutsi baitigute. Hori, agian Ekialdean beste era batera ikusi dute batik bat zenbait herrialdetan, Indian esaterako. Handik iritsi zaigu pertsona  gogamena, gorputza eta izpiritua dela. Horregatik, hasieran aipatutako kontzeptu horiek ez dira arkaismo bat gizakion barne zutabe baizik. Batzuk Jainkoagan jarriko dute hori dena eta hortik abiatuko dira garapen hori lortu nahian. Besteek, Jainkorik ez duten zenbait tradizioetan hala nola Budismoan eta, nola ez, musulmanak Mahoman, Jainko Absolutu bezala hartu eta bide horri ekingo diote.

Frantziako atentatua Mahomaren irudi barregarri eta iraingarri  batzuk medio egin eta burutu zen. Lehen esan dut pertsonen bizitza sakratua dela eta badaudela beste zenbait medio horrelako erantzuteko. Baina, kontxo, ez al dugu kontuan hartu behar pertsonen sinismen horrek  errespetu bat merezi duela? Edo beste modu batera esanda adierazpen askatasunak ez al du mugarik? Zerbait absolutu al da? Nire irudiko, ez dago absoluturik ez erlijioan eta ez adierazpen askatasunean. Eta adierazpen askatasunak baditu bere mugak, baditu hasiera eta bukaera. Bukaerak, hain zuzen, bestearen askatasunaren hasieran dauka muga. Eta adierazpen askatasunaren alde nago, baina ez dut ikusten elkarbizitzarako ona denik gizakiaren sakon-sakoneko sinesmenak astintzen ibiltzea.

Laizismoa
Nik beti defendatu izan dut laizismoa, eta defendatzen jarraituko dut. Frantzia estatu laikoa da. Hemen oraindik tirri-tarra gabiltza. Hortaz asko idatzi dut herrietako festak direla eta, baina gaurko honetan zera esan nahi dut: Laizismoa ere integrista bihur daitekeela eta ez nago, noski, laizismo integristaren alde. Laizismo integristak benetako laizismoa hil dezake. Laizismoa, bai baina errespetu batean.

Neurri AntiterroristaK
Frantziako manifestazio erraldoi hartan han ziren gure gobernariak zeinak adierazpen askatasuna hainbat aldiz hankapetik pasa duten. Han zen Netanyaju Israelgo agintaria. Begira zer egin duen eta zer egiten ari den Palestinako herriarekin. Eta hemen gero eta lege zanpatzaileagoak ezartzen ari da gobernua. Gaur bai eta bihar ere bai, edozein adierazpen tribunaletara daramate. Hipokresia hutsa.

Nire irudiko, adierazpen askatasuna bai, elkarrekiko errespetua eta justizia ere bai. Espainiako gobernuak onartzen dituen legeei norbaitek deitu die  legedi integrista. Beraz, neurri  polizialak eta zanpatzaileak baino hobe hezkuntza ona, adierazpen askatasuna benetakoa eta elkar bizikidetza.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!