Urte berri on 2015

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2015ko urt. 14a, 19:06

Joan dira hainbeste sentimendu kontraesankor  sortarazten dizkiguten Gabonak. Gertakari guztietan bezala, jai horietan ere kontsumoak muturra luze sartzen du. Eskua erraz joaten zaigu, nahiz eta gero damutu. Interesgarria litzateke ariketa gisa egun horietan jasotzen ditugun zorion, desio on, maitasun eta bake hitzak... denak bildu eta Collage antzeko bat egitea. Azterketa bat egin gero, zein diren zintzoak eta zein faltsuak. Ezen eta hipokresia eta itxurakeria asko dago.

Bestalde, zenbait desiatzen egongo ziren jai hauek noiz bukatu, barruan zeramaten nahigabea areagotu egiten baita. Dena den, joan dira eta orain ezaguna den urtarrileko aldapa gogor horretan gaude. Barne sentimendu eta arazoei ez badiegu entzuten eta bide egokia ematen, gaizki goaz. Gure barne munduarekin, esan nahi baita gure sentimenduekin, ezin dugu parentesirik egin. Egun batzuetarako baztertuz gero, indar gehiagoz ateratzen baitira. Dena den, bakoitzak jakingo du barne motxila nola kudeatu sufrimendu iturri izan ez dadin.

Norbanakoak izaki sozialak ere bagara, eta urte luzea igaro ondoren, balantzea egiteko parada izaten da; gizarte bateko bizitzaren partaide garen neurrian daramagun motxila hori aztertu, garbitu eta txukuntzeko aukera alegia. Horretarako zein hobe urtean maila honetan izan ditugun gertakari nagusienak aztertzea baino. Nik, neuk, eta Aiurrik aukera ematen didanez, honako hauek  gogoratu eta aztertuko nituzke.

KATALUNIA
Zabal eta luze hitz egin dugu 2014an. Tirabira askoren  gibelean egin zen kontsulta. Azkenean justiziak ere muturra sartu zuen eta, badirudi, Mas presidentea  epaitegira eraman nahi dutela. Askotan esan dut: Nire irudiko Erabakitzeko Eskubidea, erabat errebindikazio demokratikoa, Independentziarekin nahasi dutela; eta nahasketa horrek zaildu egin duela subiranotasunaren alde zeuden edo dauden asko eta askok lehengo galderari bai baina bigarrenari ez  eman ziotela. Nire ustean, hasieratik jarri behar ziren gauzak garbi. Eta ondo  bereiztu Erabakitzeko Eskubidea eta Independentzia. Baina horrela igaro zen eta gaur inoiz baino ilunago ikusten dut  arazoa. Hor dabiltza CIU eta ERC adostasun batera iritsi gabe eta bitartean, eskuinak jaso nahi ditu desadostasun horiek.

Nire itxaropena da herriak, populazioak mugimendu horren gidaritza hartuko duela eta ea 2015ean gauzak zuzenduko direla.

PODEMOS
Europar hauteskundeetan indar berri honek hainbeste urtetako bipartidismoa hautsi zuen eta ordutik indartuz joan da, eta inkesta guztien arabera indartsu datoz. Nire irudiko, politika mailan 2014ko gertakari garrantzitsua izan da. Hainbeste ustelkeriaren ondoren herriak arnas berri bat bailitzan jaso du. Eta gu bezala, orain Grezian hil honen 25ean zer gertatu zain daude han ere ez baitaude gauzak ondo. Lotsagarriena da han eta hemen boterean dauden indarrak, hala nola, Alemaniako anderea zer nolako xantaiak erabiltzen ari diren greziarrak beldurtzeko.

Presioak ez datoz goi mailako politikoengandik soilik, Podemosekoak sasoi honetan gogor erasotzen dituzte kazetariek eta beste. Oraindik, eta nik dakidala, eratze prozesuan daude. Otsailerako espero da erkidego mailan idazkaria eta zuzendaritza aukeratzea. Hor eztabaidatuko dituzte herri honi dagozkion gai nagusiak. Bitartean errespeta ditzagun!

Aiurritarroi Podemos Ahal Duguko ordezkari batekin eginiko elkarrizketa agintzen dizuet. Bitartean ongi etorriak izan daitezela; ea politika denen artean eraberritzen den!

PRESOAK
Presoen, bakearen eta bizikidetzaren inguruan ere asko hitz egin da 2014an. Eusko Jaurlaritzak ere jarri du martxan presoak birgizarteratzeko egitasmo berria. Bilbon, urtero bezala, aurten ere izan da manifestazio erraldoia. Baina bere horretan ikusten dut egoera. Hor zerbait falta da eta, presoen giza eskubideen alde nago. Nola ez! Guk ere zazpi urteko kartzela pairatu baikenuen eta badakigu zer den hori, neurri batean.

Ea abiatu dugun urte berriak zerbait berria ekartzen digun sufrikario hori ere gainditzeko.

PARIS ERABAT ASTINDUTA
Ezin bukatu gaurko zutabe hau Pariskoa aipatu gabe. Agian beste batean luzatuko naiz baina hauxe esan nahi nuke hausnarketa gisa: bizitza defendatzen dut eta hilketa horien kontra nago. Nola ez! Baina hau esanik, eta manifestazio eta aldarrikapenak bukatu ondoren, pentsa dezagun ea askatasun adierazpenak ez ote duen mugaren bat. Edo, ez al ditugu gorde behar gorrotoa sortzen duten adierazpenak.

Zer hausnartu badago, eta patsadaz. Gauzak argi eta garbi utziz.

Gaurkoz, dolumina hor hil diren langile guztiei, eta horren ondoren, hausnarketarako mezua Mendebaldeko eta Ekialdeko guztiei.

In Memorian Paris!!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!