Giza eskubideen eguna

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2014ko abe. 19a, 13:24

Ohituta gaude honelako edo halako egunak ospatzera: Euskararen eguna; Giza eskubideen eguna eta hainbat eta hainbat egun berezi. Ongi ikusten ditut baldin eta egun berezi horiek gaiaren kontzientzia hartzeko laguntzen badute, folklore hutsean gera baitaitezke. Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideen zerrenda zabal luzea egiten du: zer ikusi eta ikasi badugu. Giza Eskubideak norbanako zein herri gisa pertsona orok bi dimentsio horiek baititugu; biak elkar osatzen dira eta ezin da bata bestea gabe ulertu.

Duela gutxi, Giza Eskubideen eguna ospatu da eta, gure herri honek pairatu duelako edo, sentsibilitate apartekoa du. Giza eskubideen urraketa oroitu, aitortu eta guztiaren egia aurkitu eta aldarrikatzeko eskaera bere bidea egiten ari da. Egun horren harira, han-hemenka puzzle gisako mosaiko bat osatu da, non ikusi ahal den urraketa horien ondorioak badoazela poliki-poliki sendatzen eta zauriak ixten. Jakina, beti daude kontrapuntuak eta aipagarriak, noski, baina beste irudiek ere merezi dute aipatzea. Eta eredu gisa bisualizatzea.

Esaterako, egun horretan Eusko Jaurlaritzan sari bat jaso zuten bateko eta besteko biktimak bizikidetza bidean hainbat urrats ematen saiatu direlako. Historiarako argazki ederra iritzi nion. Jakina, indar politiko guztiak ez ziren bertan egon betiko aitzakia justifikaezinak erabiliz, hots, biktima guztiak ezin direla zaku berdinean sartu etab. Ez dut errepikatuko beti erabili izan dudan argudioa, sufrimenduak ez duela ñabardurarik eta nork bizi izan duen esperientzia bat dela, alegia. Iraganaren kontaketa behar da baina izan dadila kontaketa osoa eta sufrimendu guztiak errespetatuz.

Niri irudiko, esparru honetan aurrerapauso handiak eman dira eta, merezi du horrelako egunak ospatzea gizarteak kontzientzia hartu eta berritu dezan.

FRANKISMOA ETA GIZA ESKUBIDEAK
Izenburu berezia jarri diot ez eskubideak, sufrimendua eta gainontzekoak desberdinak direlako, baizik azken aldi honetan Frankismoaren krimenak eta ekintzak ere ugarituz doazelako eta metodologia bezala egokia iruditzen zaidalako. 1997tik ETAren zein Estatuaren aldetik eman diren giza eskubideen urraketak tratamendu konplexuagoa behar dutela deritzot. Bestalde, ni neu ere, 1977koaren aurretik nago eta garai horri izenburu berezia eman nahi izan diot.

1936ko Gerra zibilak eta gure garaikoak, frankismoaren azken urteak alegia, denbora gutxian dimentsio zabal luzea hartzen ari da. Oroimen talde ugari dago Euskal Herrian eta lanean fin ari dira.

Asteburuko Berria egunkariak orrialdeak eskaintzen dizkio gai honi eta memoriaren arkeologia izenpean informazio sakona dakar. Nire edo gure kasuan, Frankismoaren azken urtetako errepresioa jasan genuenok geroztikakoak gara eta honen inguruan sortu dira oroimen talde berriak, eta elkarrekin lan ederra egiten ari direla deritzot. Lekuko Argentinan jarritako kereila, 1936koak eta gerokoak elkartu baikinen kereila jartzeko.

Argentina. Duela urtebete jarritako kereila aurrera doa. Inputatuak ere ugarituz doaz nahiz eta Espainiako Gobernuak mila oztopo jarri. Jakina, kereila irekia da eta oraindik badira Euskal Herrian hainbat pertsona familiartekoren bat fusilatua edo desagertua dutenak. Osasungarria da behar diren urratsak eman zauri hori sendatzeko. Badirudi urtarrilean Servini epailea berriro Espainian izango dela. Duela egun gutxi bildu ziren Espainiako Kongresuan kereilante eta abokatuak zenbait kongresistekin. Ez denekin, jakina PPk eta PSOEk ez baitute entzun ere egin nahi.

Andoaingo ekitaldia. Ez nuke zutabe hau itxi nahi hil honen 9an Andoainen egin zen ekitaldiari buruz aipamentxo bat egin gabe. Frankismoaren krimenen inguruan eta Andoaingo oroimen taldeak antolatua. Zorionak antolatzaileei! Jarri zituzten argazkiak niri behintzat inpresio sakona egin zidaten. Familiartean izan zen baina oroimen xume bezain hunkigarria egin genien Andoainen 36ko Gerran fusilatuei. Eta beren familiei, noski. Horrelako ekitaldiak eta taldeak merezi du han-hemenka sortzea. Orain, talde hauen lanari erakundeek heldu behari diote, batik bat, Udalek. Taldeek egiten ari diren lan horri gorputza eman, gune txukun bat prestatu eta errekonozimendu publikoa egin. Ea egia den!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!