Izenburu erakargarria, esango du norbaitek; eta, halaxe da. Eusko Jaurlaritzako Jonan Fernandezek Bake eta Elkarbizitza idazkari nagusiak eman du argitara azken egunotan. Hainbat bider jorratu dudan testuinguruan dator, herri honek bake bidean daraman testuinguruan, alegia. Ohituta gaude hainbeste eta modu askotako ekimenetara. Baina, agian, garrantzitsuenak geldirik daude, hala nola Legebiltzarreko Bake Ponentzia ezen gisa honetako ekimenak beti aurkitzen dute zenbait alderdi politikoen kontrako jarrera. Dena den, ongi deritzot etengabe arlo honetan lan egiteari, nahiz eta esperientziak esan ekimen horietako asko eta asko etorri ahala desagertzen direla. Osotasun bat falta zaie, nire irudiko, esan nahi baita presoen arazoa aipatzen denean ETAri ez zaiola desagertzea eskatzen. Eta, hori, egoera dagoen bezala, garrantzitsua da. Horregatik diot ekimenak osotasunean egitea garrantzitsua dela.
Irakurri ahal izan dudanez, ekimen honek presoen arazoa konpondu nahi du, bergizarteratu alegia. Idatziak baditu hogei bat proposamen, denak gai honen ingurukoak. Batzuk aipatzekotan honako hauek aipatuko nituzke:
• Espetxe politikaren transferentzia. Horrela, beste modu batera joanen lirateke gauzak.
• Hurbilketa. Esperientziak dio bide horrek eman dituela fruituak. Orain ere, Frantzia eta Espainia hor dabiltza Frantzian igarotako espetxe urteak ez direla kontabilizatu behar esanez, nahiz eta Europatik beste aholku batzuk datozen. Baina, gaurko Espainiako Gobernuak berean jarraitzen du, eta sortuko du trikimailuren bat hori eragozteko. Politika krudela!
• Gaixorik dauden presoen arazoa. Batetik adina, erraz esaten da 70 urte; bestetik, senda ezinezko gaixotasuna. Kartzelan 7 urte egindakoa naiz eta egia, garai hartako eta gaurko egoera ez dela berdina, baina askatasun falta berdina da. Berez, horrelako gaixotasun bat onartzea zaila bada, zer esan han barruan! Gizatasun falta!
• Espetxean egoteak daramatzan onurak. Ez da erraza barruan zaudelarik injustiziak bizi eta onurak borroka hipotekatzea. Barruan borroka tresnak ez dira ugariak; gose grebarena ez da txantxetakoa, baina askotan ez dago besterik.
• Ilegalizazioa zela eta espetxeratuak. Arnaldo eta berarekin espetxeratutakoei dagokie puntu hori, noski.
• Nanklares bidea. Aukera on bat bergizarteratzeko: injustizia onartu, erreparazioa eta bizikidetzan abiatzeko egokia.
Ondoren, aipatu dokumentuak lege aldaketa batzuk eskatzen ditu: hala nola, atxilotuen inkomunikazioa saihesteko, eta horrela torturak eta tratu txarrak ekiditeko. Izan ere, arlo honetan badago zereginik. Hemen, niri dagokidan berri on bat aipatu nahi nizueke: abenduak 2 hitzordua dut Bilbon Eusko Legebiltzarrak 2011n onartutako dekretu baten arabera nire torturak eta tratu txarrak aitortzeko. Esan nahi dizuet emozio baikor bat sortzen didala, besterik ez bada, libreki eta batzorde baten aurrean garai hartako bizipenak aitortzeak. Oso garrantzitsua da psikologia aldetik.
Argentinara joan ginenean hango epaile baten aurrean lasai eta libreki aitortzeak emozio berezia sorrarazi zidan. Gutxienez onartuta sentitzen zara, zu ere biktima izan zarela sentitzea. Eta aipatu izan dut 88 urteko emakumeak aitortu zuenean 36ko Gerra zibilean aita hil ziotela, zer nolako emozio negar eta lasaitasuna sentitu zuen. Zer esanik ez Puig Antichen arrebak. Horregatik, biharko aitorpenak ere nire lasaitasun emozioa areagotuko du, dudarik ez!
Nire irudiko, Eusko Legebiltzarreko Bake Ponentzian, sortuko balitz, noski, bateko eta besteko biktimak pasa beharko lukete bere testigantzak aitortzera eta, gisa honetan, ponentzia oso bat egin bizikidetza abiapuntu izan dadin.