Azaroaren bederatzia izan zen Kataluniako Parlamentuak hautatutako eguna katalanek bozka eman zezaten. Hasieran kontsulta, erreferenduma deitu zioten. Ondoren Espainiako Gobernuaren errekurtsoak zirela eta izenez aldatuz joan ziren, eta, azkenean, populazioaren parte hartzea deitu zioten eta mila buruhauste izan zituzten han hemengo legeak saihesteko. Jakina, politikoek bi mugimendu zibil indartsuak zituzten lagungarri: ANC (Kataluniako Asanblea Nazionala) eta Omnium. Eta hauei eta bolondresen lanari eta borondate onari esker lortu zuten Parlamentuak ezarritako egunean nahi zutenek bozka ematea. Abileziaz jokatu zuten eta, nahiz eta ez izan kontsulta edo erreferendum ofiziala ,han joan ziren bozka ematera. Informazioen arabera, bi milioi eta´erdi izan ziren bozka eman zutenak. Eta baldintza horietan ez da gutxi.
Izan ere, zailtasunak ez dira izan nolanahikoak. Beldurra ere erabili dute jendeak bozka eman ez zezan eta medio guztiak erabili dituzte eragozteko. Baina, hainbat herritarren frustrazioa saihestu dute eta ez da gutxi. Helegiteak hor daude eta horien inguruko eztabaida ere bai Kataluniako eta Espainiako epaile eta fiskalak ez baitira nonbait ados jartzen. Ikusi egin behar zertan geratzen den. Gaur entzun dut Rajoy Kataluniara joatekoa dela, bere alderdian nonbait ez daude oso konforme Kataluniarekiko izan duen jarrerarekin. Ez du lan erraza! Honen haritik, bestalde, badirudi Kataluniako PPko buruzagi den Alicia Camachok Estatuko Fiskaltzaren demandari aurre hartu ziola, azaroaren 9ko igande gauean bertan adierazi baitzuen Fiskaltzak demanda jarriko zuela. Hori da Estatuko botereak nahastea. Orain, berriz, badirudi, Kataluniako Fiskalek ez dutela arrazoirik ikusten demanda jartzeko, eta Estatuko Fiskala hor dabil Gobernuarekin batera behartu nahian.
Azaroaren 9an eginiko galderari buruz ere zertxobait esan nahi nuke; alegia, boto-txartelak bi galdera zituen. Bata: Nahi al duzu Katalunia Estatu Subiranoa izan dadin: bestea, berriz, baietz badiozu nahi al duzu Estatu hori Independientea izatea? Beti esan dut, nire irudiko, Erabakitzeko Eskubidea independentziarekin estuegi lotu dela eta gauzak bereizi egin behar direla uste dut, ez baitira berdinak. Behin eta berriz diot garrantzitsua delako: Erabakitzeko Eskubidea errebindikazio demokratikoa da erabakitzeko aukeren artean bat baino gehiago egon daitezke: hala nola, independentzia, federalismoa, autonomismoa, subiranotasun partekatua etab...
Horregatik, Katalunian izan ziren, asko ez, noski, lehenengo galderari baiezkoa eman eta bigarrenari ez baina, beste aukerarik ezean, batek baino gehiagok pentsa dezake bigarrenari ezezkoa eman zionak hemen esaten den bezala Unionista edo Espainolista zela. Eta hori ez da horrela. Jo dezagun ni Katalunian nagoela eta seguru emango niokeela lehenengoari baiezkoa, nola ez! Baina agian bigarrenari Federalismoa emango nioke eta ez da ezer pasatzen. Gehiengoz irabazten duena bedi ongi etorria! Baina ez ditzagun gauzak nahastu, eta bozka-txartelean aukera hori alegia ez da agertzen.
Eta orain?
Orain dirudienez Kontsulta edo defendatu duten indarrak ez datoz ados geroarekin; batik bat, CIU eta ERC bien artean baitago lehia. Seguruenik Mas presidentea azaroaren 9aren ondoren indartua atera da zuhurtasunez jokatu baitzuen kontsulta egin zedin eta gustukoa luke hauteskunde plebiszitario batzuetara zerrenda buru bezala aurkeztea. Baina, jakina. Ezkerra Errepublikanoari ez. Horregatik defendatzen du alderdi bakoitza joan dadila bere aldetik eta , ondoren, Koalizio gobernu bat osatu ahal izateko. Bestalde, Mas presidentea eta bere alderdiak erritmo lasaiago batean joan nahi dute. Dena den, nola edo hala hauteskundeak eman, emango dira eta ikusi egin behar gora-behera hauen guztien ondoren Kataluniako populazioak zer aukeratzen duen. Guk, hemendik errespetuz hartu behar dugu beraien erabakia eta bidea.
Hemengoari buruz, bestalde oraindik ezer gutxi esan genezake. Alderdietatik haratago, Erabakitzeko Eskubideren herri mugimendua aurrera doala eta hori txalotu behar da; zenbat eta zabalagoa eta anitzagoa izan hainbat eta indar gehiago izango baitu alderdi Politikoen erabakietan. Baina nago EAJk abisua eman diela nabigatzaileei: Guk alderdi guztien kontsentsua nahi dugu, Estu Zentralarekin adostua eta subiranotasun partekatua.
PROPOSAMENA
Azken ohartxo bat: Harrituta nago nola Urnieta Andoainek AIURRI bezalako astekari bat edukita Erabakitzeko Eskubidearen inguruan dabilen jendeak nola ez duen idazten gai honi buruz eta iritzi desberdinak kontrastatu iritzi publikoa sortuz.
Zeren nago, askotan, inpultsoz jokatzen dugula gauza behar bezala ezagutu gabe. Horregatik dei bat: Aprobetxa dezagun AIURRI, beste berri askoren artean horrelako iritziek ere leku izan dezaten. Pentsatzen dut, astekari osatuagoa izanen litzatekeela. Nire iritzia da.