Oroimenak ez du ñabardurarik
Filma jada ikusi dut. Zinemaldian ez nuen ikusi nahi izan; zarata eta itxurakeria asko horrelako filma bat ikusteko. Bakarrik ikusi nahi nuen, isiltasunean bai bainekien barne barnean sentitu nahi nuela. Eta horrela izan zen. Aretoan apenas zegoen jenderik, zaratarik ez eta isiltasunean.
Egitura eta teknika aldetik, nahiz eta ez naizen aditua. Ederra, ongi egina iruditu zitzaidan, ongi dokumentatua eta bere gordintasunean ederra. Dokumentu bezala, gertakizuna bere krudeltasun osoz azaltzen da eta bazen ordua horrelako filma oroimen historikoan gordetzeko. Hainbat krudelkeria ezkutatu dira gure herri honetan! Ikuslearentzat gogorra da baina merezi du benetan gure oroimena astindu eta gure herri honetan gertatu diren krudelkeria hauek guztiak ezagutzera eman ahal izateko. Aitortu behar dut kolpe handia eman zidala, esaterako Tolosako kanposantuan gertaturikoen lekuko izan bainintzen. Sentimenduak, askotakoak alegia, pil pilean azalarazten zaizkizu filma ikusi ahala, baina sentimenduak ere bagara eta, ondoren, hori dena integratzeak aberastasun bat ematen dio bizitzari. Beraz, alde honetatik, gomendagarria da filma.
Halere, eta normala denez, erreakzioak, eta ez sentimenduetatik ideologiatik sortutakoak baizik, ugariak eta mota guztietakoak izan dira. Zenbaiti ez zaie asko gustatu, kontzientzia txarra berpiztu zaielako edo, eta argudio guztiak erabiliko dituzte filmari meritua kentzeko, baina ideologia kontua da eta ideologiaren izenean dena erabiltzen dugu, ñabardurak jartzen dizkiogu. Oroimenari barne.
Beste zenbaitek ere, kontrako ideiak dituzenak alegia, erabili dute. Nik, oroimen talde bateko kide gisa eta biktima ere izan naizen aldetik, uste dut filmak berez asko balio duela gertatutakoaren oroimen bizi bat sentitzeko eta, aspalditik eskatzen ari garen bezala oroimenak berarekin egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dituelako. Eta hori edozein dela biktima. Beti esan dut, eta hori Argentina aldean ibili ginenean garbiago ikusi nuen, herri honetako oroimena Frankismoaren bitartez errazagoa dela egitea, jakina bere zailtasunekin, noski. Gerokoa ere, biktima guztiena egin beharko litzateke. Hori defendatzen jarraituko dugu, baina zailtasun aldetik zailagoa deritzot.
Legebiltzarrean aurreko legealdian sortu zen memoria ponentzia. Hor ibili dira bata besteari zoru etikoa dela eta jarrera eskatuz, baina besteari eskatzea errazagoa da norberarena aitortzea baino. Eta hor tartean ere entzun dut zerbait filmari buruz. Zabalaren arrebak Fernando Buesa Fundazioak antolatutako ekitaldian ozenki adierazi zuen bai batzuk zein besteak beste aldera begiratu izan zutela. Ez banago oker esan zuen hasieran bahiketa gertatu ondoren Ezker Abertzalearen aldetik laguntza izan zutela baina gero ikusiz hauek ez zituztela gaitzesten ETAren zenbait ekintza, babes hori hor geratu zela. Filmak gertakizun gogor eta krudel bat, inoiz gertatu behar ez zuena azalarazten du. Hori aitortu zidan filmean parte hartu zuen batek. Beraiek filmaren bidez, gertaera hori azaldu nahi izan dute eta, benetan, dokumentu bikaina da. Egia, justizia eta erreparazioa behar dira. Baina hor dago koxka, oroimenak ere ñabardurak dituela eta biktima oro ez direla maila berean jartzen.
Argentinatik datoz notiziak
Argentinan Servini epaileak hasitako Frankismoaren aurkako prozesu judizialak aurrera darrai. Oraingoan Martin Villa ministro ohiaren estradizioa eskatu du eta honekin batera beste hogeiren batena ere bai. Martin Villa Gasteizen martxoaren 3ko hildakoen erantzulea da. Ondotxo dakit ezen Argentinan ezagutu bainuen Andoni Txasko kereila eman zuena alegia. Honekin batera ezaguna: martin Villarekin batera Utrera Molina, Gallardon Justizia ministro ohiaren aitaginarreba, Salvador Antig anarkista kataluniarraren heriotzan inplikatua. Haren arrebarekin ere Argentinan aurkitu nintzen. Izanen dugu aukera honetaz hitz egiteko. Neu ere guztiz pozik nago Fiskaltzak parte hartu duelako, Argentinakoak alegia. Pozik nago ere Zamorako kartzela irekitzerakoan izan zuten ardura aztertzeko Elizari informazio guztia jaso dezaten eskatu diolako. Neuk eraman nuen kereila hori eta pozik nago gure bidaiak ondorioak izan dituelako. Badoaz garai hartako ekintzak argituz.
Bejondeiela Argentinako epaile eta Fiskaltzari.