Pozez irakurri dut Urnietako udalak herritarrei zer nolako plaza nahi duten aukeratzeko eskubidea eman dienaren albistea. Teorian erabakitzeko eskubidea denek onartzen dute baina praxian eskubide hori ez da maiz gauzatzen. Beraz, alderdi horretatik, zorionak Udalari eta herritarren parte hartzea paper hutsean gera ez dadin bide horri jarrai diezaiola.
Berri honek iraganera eraman nau, nire haurtzarora alegia. Garai hartan ez zen gaurkoa, noski. Ez zuen gaur adinako porlanik, gune zabala zen. Eskolak plazatik hurbil zeuden eta jolas denboran plazara joaten ginen jolastera. Batera eta bestera ibiltzeko gunea zen, Kontsejupea pilotari lotuta baitzegoen. Plazan bizikletan ibiltzeko ere gune aproposa zen. Nik han ikasi nuen bizikletan ibiltzen, Lourdes Iriondo zenaren laguntzarekin. Gaurkoa ez dut ikusten hain zabala, porlanarekin batera eserlekuak, zuhaitzak..., horrek guztiak jolasteko aukerarik ez du eskaintzen.
Plaza, bestalde, herritarrak biltzeko gune aproposa da. Herriaren gunea, antzinatik datorren ohitura da. Greziarrek bazuten bere bilgunea, zeinean herriari zegozkion arazoak eztabaidatzen zituzten. Herriko festetan ere plaza ospakizunen gunea zen.
Gure haurtzaro garaian lekurik bazen erroskila, tonbola eta hainbat postuentzat. Terexak bazuen horrelako bat eta han ibiltzen ginen jende tartean, ea erroskila edo zerbait lapurtzen genion. Dantza lekurako ere aproposa zen eta leku ilunagoa nahi zuenak hurbil zeukan Kontsejupea, han errezagoa baitzen dantza lotuan egitea. Puntu honetan badut pasadizo xelebre bat. Guk orduan 13-14 urteko mutikoak hasiak ginen dantza kontuan, eta Don Emilio maisuak ez zuen hori begi onez ikusten.
Hurrengo egunetan eskolan mila aldiz kopiarazi egiten zigun ez ginela neskekin dantza lotuan ibiliko. Orduko kontuak!
Irakurri eta ikusi ahal izan dudanez hiru proiektu aurkeztu dira. Eta, hiru horietatik herritarrek erabaki dutena argazkian ikusi dut eta gustatu zait. Egileak dioenez gainera, plazak hasieran zuen egiturara itzuli nahi izan du. Nik berak diseinatu duenari estilo minimalista deituko nioke eta horrelako guneak oso gustuko ditut. Gune zabalak eta apainketa gutxi. Eta horrek, gure txikitako plazara garamatza. Gune librea, adin guztietako herritarrek tokia izan dezaten. Adin bakoitzari dagokiona garatzeko.
Ekitaldi ofizialak aurrera eramateko ere. Hori da, hain zuzen, nire irudiko, tradizioa eta modernitatea elkar lotzeko biderik egokiena. Lehengoa baina berritua, gaurkotua. Hori arlo guztietara eraman beharko litzateke. Hori da, nolabait, pertsonok ere gazte mantentzen gaituena, hots, gaurkotzeko, garaian garaikoari egokitzen jakitea. Beraz, pentsatzen dut urnietarrek aukera ona egin dutela eta jakin dutela zaharberriak uztartzen. Bejondeiela!