Kataluniatik Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2014ko urr. 10a, 18:53

Aurreko zutabean Eskoziatik abiatu eta Kataluniatik igaroz, Euskal Herrira iristekoa nintzen une honetan ezen momentu honetan hirurek baitute komunean zerbait, erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dutela alegia. Zutabearen parterik zabalena Eskoziak eraman zuen. Eskoziatik Kataluniara pasa nintzen, han prozesua pil-pilean eta gori-gori baitago. Hemengoari ere eskaini nahi nion zertxobait nahiz eta oraindik ez dakidan hastear ere ote dagoen; baina beti da interesgarria errespetuz hausnarketak egin eta azaltzea. Baina, zutabeak ez du askorako ematen eta azkenekoan gogoz geratu nintzen. Dena den, Kataluniakoak hemendik azaroaren 9ra arte zeresana emango du, data hori baitago jarrita herri galdeketa egiteko.

KataluniAkoa
Nire azken zutabetik hona hainbat berri eman dira Katalunian eta, konkretuki, Kataluniako parlamentuan. Mas presidenteak sinatu zuen gehiengoz onartutako kontsulta legea; batzorde bat ere sortu dute kontsulta hori  behar den moduan garatzeko eta aldeko diren alderdiek goi mailako bilera bat egin dute guzti hori zer nola kudeatu aztertzeko. Ez baitaukate batere erraz. Masen sinadurari berehala erantzun dio Gobernuak Konstituzionalean helegitea aurkeztuz. Eta, bitxia bada ere, harrigarria da berez inpartziala izan behar lukeen Tribunala Gobernuaren esku nola jarri den ikustea. Gobernuak helegitea aurkeztu eta berehala parlamentuko erabakia bertan behera uzten du.

Badirudi Kataluniako parlamentuak bere aldetik Konstituzionalaren erabakiari helegitea aurkeztuko diola. Zer gutxiago! Govern delakoak hasiera batean uko egin zion azaroaren 9ko propaganda instituzionala egiteari.

Alderdi formal horien azpian, ordea, nire irudiko, nahaste handia dago. Urak oso nahasiak datoz. Galdera asko aireratu da, esaterako, debekuaren gainetik gauzatuko al da kontsulta? Erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdien artean ba al dago adostasunik data hori gauzatu eta mamitzeko? Irakurrita dudanez, alderdi batzuk, tartean ERC eta CUP desobedientziaren aldekoak dira. Ez da hain garbi ikusten CIU, Masen alderdiak zer nolako jarrera defendatzen duen. Nire irudiko, Kataluniako Gobernuak ez du ozen eta garbi esan nahi zein jarrera hartuko duen Espainiako Gobernuaren baimenik gabe; beste alderdiek defendatutako jarrerari, desobedientziarena alegia, arriskutsua deritzo. Ulergarria, bestalde, gobernuan dagoen alderdi batengan. Honen haritik, hil honen hiruan kontsulta defendatzen duten alderdiek goi mailako bilera ospatu zuten zer nolako jarrera hartu erabakitzeko, Espaniako Gobernuaren oztopoak ikusita. Dirudienez, bilera ez da erraza izan nahiz eta kanpora begira batasun itxura eman nahi izan. ERC ez da gehiegi fio Masen gobernuaren jarrerarekin. Epela, hotza deritzo. Convergencian, bestalde, nahaspila nabarmena dago. Nik ez dut batere garbi ikusten, baina denborak esango du batasun itxura hori mantentzen den ala ez.

Alderdien arteko gorabeherak, halere, ez du eraginik herri mugimenduan, luzea eta zabala baita. Izan ere, nire irudiko, mugimendu zibil hori da ekimena gauzatzeko bermerik garrantzitsuena. Zaila izanen da, mugimendu hori dena geldiaraztea.

Euskal Herria
Hemengoa oraindik hastapenetan dago, baina Eskoziakoa aipatzerakoan esaten nuen hiru herrialde hauetako mugimenduak badituela puntu asko komunean. Hemen parlamentuan ponentzia bat sortu dute estatus berri hori eztabaidatu eta ahal den neurrian adosteko. Urkullu lehendakariak subiranotasuna partekatuaz, erabakitzeko eskubideaz hitz egin du, Konstituzioa aldatzeko beharraz ere bai.  Baina ponentzia horretan oraindik alde nabarmenak daude. Ponentziak ponentzia nire irudiko herri mugimendua zabaldu, sendotu, eta bermatu behar dela erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren bidetik. Hori izango da bermerik garrantzitsuena. Mugimendu honek pedagogia lana eskaini behar die herritarrei, edozein dela beren ideologia, erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa dela adierazteko. Pedagogia horrek ponentzian eragina izanen du eta  Espaniako Gobernuaren jarrera ere alda dezake. Eta hori horrela ez bada orduan desobedientzia izan daiteke erantzuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!