Udako argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2014ko ira. 11a, 10:35

Uda joatear, eta udazkena prest dago Sanmieletan dotore jantzi eta bere aroari hasiera emateko. Udak berekin ditu oporrak: eguzkia, beroa, itsasoa... Txinatar kulturak Yang garaia gisa hartu ohi dute. Udan, Yang, esan nahi baita, ordutegiak eta eguraldiak lagunduta, gorputza zabaldu egiten dela, beste energia bat sortzen dela: arropa arinagoak eta elikadura ere leuna, freskoagoa ez negukoa bezain beroa. Oporrek, bestalde, arin dute soinean gainean genuen motxila: ezbeharrak, beldurrak, kezkak, arazoak -eta ez gutxi- krisia dela medio; harremanak ere agian ukituak eta hainbat eta hainbat sentimendu eta sentsazio ilun. Horretarako izan bada uda, bejondeigula!
Gizarteak, halaber, udan bere bidea egin du. Herri, elkarte, bizi garen tribuak ez du geldialdirik; dena doa aurrera; gaur badena bihar ez da, eta horrela etengabe.

Gizarteari dagokionez gertakari anitz gertatu dira. Nork bere ikuspegi propioa du, eta nik ere komunikabideek irakurri eta entzuterakoan hau edo beste hura pentsatzen dut. Udan handik eta hemendik jaso ditudanei, alegia, Udako argazkiak izenburua jarri diet.

PALESTINA
Niretzat Palestinakoa izan da udako berririk edo argazkirik gogorrena eta krudelena. Israelen erasoak ez du gupidarik izan. Dena txikitu dute eta pertsonei dagokionez, ez dute kontuan hartu ezta jaioberri bat ere. Haurren irudiak, hilak zein bakardadean negarra zerienenak, benetan hunkigarriak izan dira. Udan egin diren zenbait manifestazioetan honako kontsigna oihukatzen zen: "ez da gerra, genozidioa baizik". Israel armamentu gehien duen herrialdea izanik, zaila da palestinar gizajoen aurka, zeintzuk ez duten armarik, gerra bat bilatzea bere herri nahia defendatzeko. Garai baten biktima zirenak egun borrero bilakatu dira. Historiaren ironiak! Genozidio honen aurrean jende ugarik hartu du parte egin diren protestetan. Baina, nik, egin esan, gehiago espero nuen. Alderdi politiko gehienak, salbuespen batzuk kenduta, ez dute ezer asko egin jendeak masiboki parte har zezan. Esaterako, EH  Bilduk jendea mugiarazteko duen gaitasuna hutsean geratu da, nire irudiko jakina.

Udalak ere, mozio gutxi aurkeztu dituzte eraso hori gaitzesteko. Hainbat eta hainbat ekimen egin zitezkeen baina... Dena den, nire zutabe honetatik elkartasuna eta esker ona agertu nahi nizkieke israeldar ez sionista direnei. Alegia, biak, Israelek nahiz Palestinak estatu propioa izan dezaten defendatzen dutenei. Hori da bidea eta Israelek, hainbeste sufritutako herriak aspaldi ikasi behar zuen ikasgaia. Aurrera Palestina!

ARGENTINARI BEGIRA
Asko gara Argentinan itxaropena jarrita dugunok. Hara joan ginen oroimena, justizia eta erreparazio eske eta esku zabalik hartu gintuzten. Ez da lortu torturatzaile eta 1936ko gerran hilik eroritakoen oroimena berreskuratzerik baina, agian, egunen batean zertxobait lortuko da. Muñecas kapitainak, torturatzailea eta Zarautzen egondakoak agian deklaratu beharko du Azpeitiko epaitegian. Baina, udako argazkia zera izan da: Argentinako Maiatzaren Plazan biltzen diren amen eta amonen presidentearen  desagertutako biloba agertu dela. A zer nolako poza! Gogoan dut plaza hark zer nolako inpresio sortu zidan. Poztu nintzen, albistea irakurtzerakoan.

HONDARRIBIKO ALARDEA
Oraindik udan gara eta gaur komunikabideetan ikusitakoak lotsarazi egin nau. Urtero gertatzen da, baina halere gezurra dirudi urteak joan ahala, eta XXI. mendean horrelako irudi eta argazkiak ikusi beharra. Lotsagarria da bi alarde egonik,  Jaizkibelekoek hainbeste irain jasan behar izatea. Ez dut esaten alarde bakarra izan behar duenik, baina, gutxienez errespetua eta herri agintariek biak onar ditzatela eta babestu ditzatela. Gezurra dirudi Eusko Jaurlaritzak berdintasuna hainbeste oihukatzen duenean, ondoren, alderdi bereko alkateak beste zerbait defendatzea. Lotsagarria!

Uda honetan argazki gehiago ere izan dira, baina nik neuk hauek aukeratu ditut. Eta bukatu aurretik katalanei Diada egunean zorterik onena opa diet. Izanen dugu aukera hortaz hitz egiteko.
Izan ongi etorriak Aiurriren orrialdeetara!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!