Europara begira

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2014ko mai. 22a, 13:22

Europara begira jarri gaituzte eta denak prest Europan egotearen bertuteak goraipatzeko. Europan erabakitzen direla gai nagusiak, laguntzak ere, asko eta asko, handik datozela; giza eskubideak ere askotan han bermatzen direla, edo behintzat, Estatuek hartutako zenbait erabaki han aztertu eta zenbait atzera bota ere bai. Adibide garbia dugu Parot doktrinarekin gertaturikoa.

Nik, egia esan, nahiz eta dugun Europarekin ados ez egon, gero eta garbiago ikusten dut Europan  kokatzeak abantaila asko dakartzala. Ekonomian ez naiz iaioa, baina ez da oso aditua izan behar  egunerokoan, gure ekonomian gertatzen dena Europatik eta nazioko gobernutik datozen murrizketa, langabezia eta gainontzeko miseriak gurean pairatu, gurean eta gure inguruan eta, beraz, horretaz jabetzeko. Baina, ekonomiatik haratago gustatu zaizkit giza eskubideei dagozkien zenbait ebazpen, hala nola, Parot doktrinarena eta beste zenbaitena. Jakina, Europan kokatzeak eta Europari begira egoteak ez du esan nahi gurea, gure arazoetatik ihes egin behar dugunik; alderantziz, hor maila batzuk daude, eta, noski, lehenenegoa gure herria da, bizi garen herria eta komunitatea. Eta galdera da: Nolako Europa nahi dugu? Hor dago koska.

Hor ditugu alderdiak, nork bere produktua saldu nahian. Aukerak asko eta kolore guztietakoak. Askok errepikatzen dute, eta, beste zenbait lehen aldiz abiatu dira Europara. Hor daude bi handi, bipartidismoa deitzen dena eta aspalditik hor dabiltzanak: PP eta PSOE. Jakina, alderdi hauek Europan badituzte kideak eta denen artean multzo handi bat egiten dute. Eraiki duten Europak eraman gaitu gauden egoerara; ez dute, beraz, ahalegin asko egin gure ongizartea hobetzeko. Hor dago Ezker Anitza Estatuko Izquierda Unidan kokatua eta, horiek ere badituzte beren kideak baina, gutxi izanik, ezer gutxi egin dute. EH Bildu ere lehengo aldiz doa. Agintzen digunez, subironatasunaren arazoa Europara eraman nahi du, ea Europak eskua luzatzen digun gaia behar bezala konpontzeko. Kontua da, eta kanpainan ikus daitekeenez, jendeak, herritarrek, ez dutela interes gehiegi agertzen, eta denak ere beldur direla abstenzio kopurua handia izanen ote den. Eta seguruenik izanen da, zalantzarik gabe, ez baikaude Europara begiratzera ohituta. Lehen esan bezala, bakoitzak du Europaren bere irudia. Beste kontua: PPk eta PSOEk sartu nahi digute beraiek direla Europa sozial bat eraiki dezaketenak eta alderdi txikiek ez dutela eraginik izanen, eta, beraz, edonon direla beraiei bozka emateko esango digute. Egia da, nahiz eta alderdiek beren programa azaldu, zaila egiten zaigula aukera egitea baina, hor dago, norberaren hautua eta azkenean horrek balio du.

Halere, eta  Aiurrik ematen didan aukera aprobetxatuz talde berri baten berri eman nahi dizuet: alderdi gisa aurkeztu da halabeharrez, noski, baina beraien barne funtzionamendua ez da ohikoa. Horrez gain, beraien jendea gizarte mugimenduetatik dator eta funtzionamendua erabat horizontala eta demokratikoa da. Eta, garbi eta argi gera bedi ez naizela propaganda egiten ari, baizik eta talde berri honen berri ematen. Alderdi berri horrek Ahal dugu (Podemos) du izena eta zerrendaburu Pablo Iglesias unibertsitateko irakaslea da. Gipuzkoatik 18 urteko neska euskaldun bat doa, benetan freskoa eta azkarra. Aiurri irakurtzen dutenen artean izanen dira gizarte mugimenduetan parte hartu dutenak eta agian interesatzen zaie honen berri izatea.

Hemendik aurrera norberak har beza bere erabakia ezen edozein dela ere errespetu handia behar baitu. Inkestak ordezkari bat ematen diote eta, EH Bilduri ere zortea opa diodan heinean, Ahal Duguri ere gauza bera opa diot. Talde txikiak eta ezkertiarrak elkartuz, handien eragina oztopa dezaten.

Eta bukatu aurretik gaurko berri batek sorrarazi didan emozioa azaldu nahi nuke:

ARGENTINA EUSKAL HERRIRA
Abenduan Euskal Herritik Argentinara joan ginen Frankismoaren krimenak salatzera. Oraingoan, guztion harridurarako, Servini epailea bera etorri da Euskal Herria hurbiletik ezagutzera eta zenbaiten adierazpenak entzutera, besteak beste, Julen Kalzada Zamorako kartzelan egonikoa eta  bere arreba, aita Busturiako zinegotzia zela hil baitzuten frankistek. Serviniren bidaiak poztu egin nau ezen Argentinan egon ginenean horixe eskatzen genion, etor zedila bera gertatutakoa ikustera. Ziur nago emakume honek ahaleginak eta bi eginen dituela Frankismoa epaitu eta memoria erreparatzeko. Ongi etorria Servini anderea!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!