Joan den asteko Aiurrin “Gure esku dago” ekimenaren inguruko nire hausnarketa guztiz pertsonalak plazaratu nituen. Bukaeran Aberri Eguneko EAJren nahiz Eh bilduren adierazpenak aipatzen nituen. Jakin, badakit, egun horietako adierazpenak egun eta momentuko berotasunaren ondorio direla, baina eman dute, asko eman ere, hizpiderako. Eta horrez aparte, nik idatzi eta gero egon dira hainbat ekimen gai horren inguruan. Eta bigarren honetan aurrekoa borobildu nahi nuke.
Nire tesia garbia zen: “Erabakitzeko eskubidea” ez da independentzia, ezta ere federalismoa eta beste edozein estatu forma edo egitura ere. Hori zen behintzat joan zeneko Aiurrirn argi utzi nahi nuena. Eta lehen aipaturiko ekimenei buruz denetarik, baina gaia, hots, erabakitzeko eskubidea, txukun landu dutenak izan dira.
Ostegunetan, eta ETB 1ean Debatea izeneko programan, hil honen 24an, gai hori jorratu zuten. Eta programako gidoilariak edo eztabaidagai proposamen konkretu batzuk aurkeztu zituen Aberri Eguneko egunean alderdi politikoek esandakoaren arabera:
1. Aurkezleak, nik ez dakit nondik aterata, EAJ-PNVk Konfederazioa defendatzen zuela zion; Urkullu lehendakariak subiranotasun partekatua-edo deitzen duena izanen da.
2. Independentzia. EH Bilduk defendatzen duena.
3. Federalismoa (PSOE).
4. Autonomia (Alderdi Popularra izan behar du).
Eztabaidan, noski, alderdi politiko guztietakoak zeuden; baina horrelako eztabaidatan gertatu ohi denez, asko hitz egin eta gutxi entzun elkarri. Ondorioa: argitasun gutxi eta eztabaida erabakitzeko eskubidean jarri beharrean Independentziaren onura eta kalteak aipatzen egin zuten gau osoa. Katalunia ere mila aldiz aipatzen zuten baina, beti, independentziaren alde ala kontrako jarrerak alderatuz. Nire irudiko, eztabaida hura ikus-entzun zutenek ez dakit ideia garbirik aterako zuten.
Airean izeneko programan, Jaime Otamendik zuzentzen duena, hor ere gai berbera jorratu zuten eta galdera interesgarria jaurti zien mahi-ingurua osatzen zutenei: lortuko al da ekimen honetan sentsibilitate desberdinak elkartzea? Esan bezala, galdera gustatu zitzaidan ezen aurreko zutabean deabruaren abokatu egin nuenean zalantza hori azaleratu nuen. Erantzuna ez zuten denek garbi, baina tira, garbi dago hori dela helburua eta lortuko dela neurri zabal batean.
Halere, eztabaidarik serioena, argiena Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, Floren Aoizek eta Gemma Zabaletak eskaini zutena izan da. Bilbon izan zen. Hango kronika irakurri nuen eta gustatu egin zitzaidan, batik bat, Gemma Zabaletaren jarrera. Sozialista izanik, are gehiago. Bidenabar, eman du zer esanik Gemmaren jarrerak.
Ez legoke gaizki herrietan horrelako mahi-inguruak antolatuko balira, alegia, sentsibilitate desberdinetako jendea eta ahal bada politikoengandik haratago.
Herritarrari pentsarazteko aukera eman behar diogula uste dut. Baina, tira, alderdi baikorra ere ikusi behar da eta itxura osoa du antolakuntza ona dela eta horrek emanen du bere fruitua.
Anttoni Kaxetakoari:
“In memoriam”
Azken zatitxoa aprobetxatu nahi nuke Anttoniri bi hitz eskaintzeko. Ibilbide luzea egin duzu, mende oso bat. Eta kalitatez. Hori da garrantzitsua eta, ondo zainduta. Bejondeizula!
Oroimen asko ekarri dizkiguzu Kaxetan bizitzeko suertea izan genuenoi. Guretzat, niretzat, amaordeko bat izan zinen. Lan isila,beti zerbitzuan. Baina Kaxeta zu gabe ez zen Kaxeta izanen. Zuk egin duzu poetak kantatzen zuen lurraren gaineko pasartea. Hori baita denon ilusioa.
Errespetuz diot gorputz fisikoa Ama Lurrak hartzen duela bere magalean, eta gainerakooi oroimen unibertsal hori geratzen zaigula.
Horregatik gustatzen zait gure artean zabalduta dagoen esaldi hori: Anttoni, adiorik ez! Oroimenean izango zaitugu.