Gure esku hainbat eskubide daude! Hala nola, etxe bat edukitzeko eskubidea; gure iritziak izan eta adierazteko eskubidea; lanerako, hiltzeko eta duintasunez hiltzeko eskubidea; emakumeek duten amatasuna libreki aukeratzeko eskubidea, eta, beraz, abortatzeko eskubidea ama izan nahi ez badute; gure esku dago, zalantzarik gabe, gu bizi garen elkarteari, komunitateari, herriari eman nahi diogun egitura ekonomikoa, politikoa eta kulturala erabakitzeko. Etengabe jo genezake Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak jasotzen dituen eskubideak aipatzen. Baina ez da kasua. Gure herrian “Gure Esku Dago” lelopean sortu den mugimendua herriz herri zabaltzen ari da, zeinak datorren ekainaren 8an Durangotik Iruñeraino giza-katea antolatu nahi duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz eta eskatuz.
Gaia, ordea, ez da berria. Oroimen Historikoa aztertuz, eta oroimena ez da inoiz baztertu behar, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazio eskubidea deitzen zena, 1969. urtean defendatzen genuen eta kartzelatik irten ondoren, eskubide hori defendatzeagatik batek baino gehiagok jipoiak ere pairatu genituen. Marxismo-Leninismotik ikasi genuen, 1919ko Errusiako iraultza ondoren planteatu baitzen eskubide hori Sobiet Errepublikentzat. Nola diren gauzak! Bada, kontuan izan dezagun historia akats berdinean ez erortzeko. Baina, ongi etorri! Ez legoke gaizki orduko sektakeriak ere zenbaitzuk aitortuko balituzte! Baina beti esan dut: hobe berandu, inoiz baino.
Herriz herri zabalduz doan ekimenak, Durangotik Iruñeraino eginen duen giza-kateak alegia, Katalunian du etorria, han egin baitzen iazko irailean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen zuen giza-kate ikusgarria. Hemengoari Euskal Bidea deitzen zaio, bereizteko nolabait bata eta bestearen bereizgarriak. Eta oso ongi deritzot bereizgarritasun honi. Izan ere, Kataluniako Asanblada 70eko hamarkadan ezagutu nuen eta beti izan da mugimendu zibila eta oso anitza. Eta hortik sortu da erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua eta, horren ondoren, alderdi politikoak sartu dira eskenatokian. Hemen, nik dakidala, ez da egon horrelako mugimendu zibilik, ezta ETAren esku hartzerik ere. Beraz, ondorioak ere ez dituzte jasan. Dena den, erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa izanik, berez ez luke oztopo izan behar indarrak metatzeko, zibilak nahiz politikoak izan. Esan beharrik ez dut, duela ia 40 urte bezala errebindikazio demokratiko hori defendatzen jarraituko dudala; horrez gain, interes handia dut eskubide hori nik, neuk, garatu eta erabakitzeko.
Baina, behingoz, deabruaren abokatuarena egin nahi dut zenbait arrisku ikusten baitizkiet Kataluniako eta hemengo prozesuei. Nire irudiko Katalunian hasieratik ez ziren gauzak garbi azaldu, esan nahi baita erabakitzeko eskubidea gauza bat dela, eta independentzia beste bat; independentzia erabakitzeko eskubidea gauzatzerakoan hautatu daiteke, federalismoa, autonomismoa edo beste edozein egitura forma bezala. Eta erabakitzeko eskubidea eta independentzia nahasiz, kalte egiten ari zaio aldarrikapen demokratikoari. Horrez gain, jakina, estatuko indarrek, Gobernuan dagoena barne, interes handia izan dute nahasmen horretan. Zer esanik ez, Kataluniako erabakitzeko eskubidearen kontra dauden alderdiek ere: PP eta gainontzekoak. PSC bera bide horretatik doala dirudi. Katalunian mugimendua sortu zenetik ez dut inoiz hainbeste aldiz entzun Independentzia hitza. Kataluniak urrats asko eman ditu. Azkenekoa, Madrilgo Kongresuan Kataluniako Parlamentuak Kongresuari kontsulta egin ahal izateko eskaera. Bada, Kongresuko eztabaidan interes hori zuten alderdiek, baita konstituzioaren erreforma eskatzen zutenek ere, independentzia eztabaidaren muinean kokatzea lortu zuten. Eztabaida faltsua iritzi nion. Baina nahasmen horren erdian Ezker anitzeko Kataluniako diputatu batek jarri zuen eztabaida bere lekuan. Diputatu honen irudiko, bera katalana izanik, ez dela independentista, baina bai erabakitzeko eskubidearen aldekoa. Eta PPri nahiz Rubalcabari aurpegiratu zien eztabaida antzuan ari zirela. Erabakitzeko eskubidea denen gainetik dagoela eta, ondoren, alderdi bakoitzak aurkeztu dezala egokia deritzon estatu egitura forma. Luzatu egin naiz, baina garbi utzi nahi nuen. Hemen, Aberri eguna ospatu berri dugu. Bi jarrera garbi bereizi dira: EAJ-PNVrena, subiranotasun partekatua. EH Bildurena: Independentzia. Ongi dago, eta erabat demokratikoa da nork berea defendatzea; baina kontxo, nola metatu sentsibilitate desberdinak erabakitzeko eskubidearen inguruan, aurretik bakoitzak berea defendatuz nahasmen hori sortzen bada. Kontraesan asko ikusten ditut.
Kontu handiarekin ibiltzen ez bagara, sentsibilitate asko kanpo geratuko dira. Erabakitzeko eskubidearekin ere, pedagogiaz eta zuhurtasunez jokatu behar da. Izanen dugu aukera honetaz luze zabalago hitz egiteko! Hauexek nire hausnarketa pertsonalak.