Otsailak 23: Estatu kolpea

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2014ko api. 2a, 20:37

Tejero aitak: “Geldi denok”
Semeak: “Mahaira, paella hoztuko da eta”

Egun hauetan ospatu dira ponpa handiz bi hileta: Adolfo Suarez eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatearena. Komunikabideek etengabe egon dira irudi jario batean. Nire ustez, gehiegi. Badirudi pertsona bat hiltzen denean dena dela goraipamena; dena ongi egin balu bezala,eta ez hezur-haragiz egindako pertsona. Pertsona orok ditugu argi-ilunak. Suarezek asko egin zuela trantsizio garaian, eta Euskal Herriari dagokionez ere bai, bere argietariko bat izan daiteke. Trantsizioa hala-moduzkoa izan zela, eta orain pairatzen ari garen zenbait gauza orduan gaizki egindakoaren ondorio direla, ba, baita ere. Azkuna gizon irekia, laikoa alkate gisa, eta Bilbori modernitate kutsua eman diona, bai; baina burugogorkeria asko ere bai. Beraz, niri gustatzen zait norbait hiltzen denean argi-ilunak aipatzea eta naturalki, ez hainbeste ponpa eta zeremonia. Ez al gara ba, gizaki guztiak funtsean berdinak?

Kontua da aste honetako Aiurriko zutabearen izenburuari ohore eginaz, Suarezen garaian eman zela otsailaren 23ko Estatu kolpea. Gizajoak pasa zituen estutasun galantak! Eta kolpistak ez ziren ezkertiarrak, edota aurrerakoiak; bai zera! Frankistak, Francorengan eta gerra zibilean amesten zutenak. Dakizuenez, Tejero guztien buru. Eta, horra hor, aurtengo otsailaren 23an bururatzen zaien egun hori ospatzea Tejeroren semeak, berau ere militarra, antolatuta. Badirudi, Francoren garaian bezala, “Nazional Katolizismo”aren ildotik Tejeroren semeak, apaiza bera, han bildu ziren Frankista guztiei bedeinkapena eman ziela, bazkalorduko paella bedeinkatzeaz gain. Gertaera hori isilean iragan da. Tejeroren seme, militarra, lekuz aldatu dute eta hemen ez da ezertxo ere pasa. Horiek ere terroristak izan ziren, terrorismoa goraipatu zuten, terrorismoaren apologia egin zuten, baina, nahiz eta Kongresuko zenbait taldek eskatu zuten, barne ministroak hankazpitik pasa zuen. Justizia denontzat berdina deneko adibide argia! Eta, gertaera hori, han baitziren, besteak beste, Muñecas kapitaina, Argentinan torturatzaile gisa akusatua aipatu nahi izan dut, jarraian Argentinako kereila nondik nora doan azaldu nahi bainuke.

Argentinako kereila
Argentinara joan ginen, itzuli ere bai. Joan ginenok ez ginen asko, baina talde hori zabalduz eta ugarituz doa. Madrilgo Kontsulatuan, hots, Argentinara joan gabe, posible izan dute Francoren garaian torturatuek eta epaituek deklaratu eta, jakina, deklarazio horietan inputatu berri asko agertu dira: Muñecas, Billy el Niño, Martin Villa, Suarez ministro ohia, eta beste zenbaiti izen berriak atxikitu zaizkie. Jon Etxabe, Burgosko epaiketan epaituak ere deklaratu du. Carlos Slepoy argentinarra, abokatua, baina Madrilen bizi dena, Argentinara joatekoa da egun hauetan eta Servini epaileari emanen dizkio inputatu berrien izenak. Adibidez, Burgosko prozesu famatuko bi magistratu: Troncoso eta Carlos Rey. Horrez gain, kartzelero pare bat ere badaude, Sorian egondakoak. Ni ere horren menpe egondakoa naiz; eta ongi ezagutzen ditut Soriako kartzelako hainbat eskubide urraketa. Beraz, Argentinako bideak aurrera jarrai. Bestalde, apirilaren 3an eta 10ean ikusiko dira Epaitegi Gorenean ea Muñecas kapitaina eta Billy torturatzaileak Argentinara estraditatzen dituzten hango epaileak eskatuta. Egia esan, nik ez dut itxaropen handirik, baina, tira, utopia pittin bat ongi dator gure bizitzan. Honen haritik, Hernando, PPko buruzagiaren aurkako kereila abian da. Kereila Oroimen Historikoaren errekuperazioaren aldeko elkarteak jarri zuen. Gizon honek, maila baxukoa, noski, esan baitzuen frankismoko biktimak beraien senitartekoez diru laguntzak jasotzerakoan bakarrik oroitzen direla. Esan egin behar da hori!

AITORTZA EKITALDIA
Villabonan izan da. 36ko Gerraz geroztik lurpean egon diren fusilatu batzuen gorpuak atera dituzte eta bere senideei itzuli. Eta, hain zuzen, emozioz beterik lurperatze duina eman ahal izan diote. Irudiak telebistaz ikusi nituen eta benetan hunkigarriak. A zer nolako atsedena senitartekoentzat. Zorionak Aiurritik; ikus ahal ditzagula horrelako ekintza eta irudi asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!