Duela gutxi, hil honen 8an ospatu zen Emakumearen eguna, eta milaka ospakizun izan ziren egun hori gogorarazteko. Poztu naiz, eta asko poztu ere, Aiurrik joan den asteko zenbakian eskaini dizkion orrialdeak eta han eta hemengo herrietan eman diren manifestazio eta ekitaldien berri eman digulako. Aurtengoak abortua zuen, abortatzeko eskubidea, alegia, aldarrikapen oihua. Ni, Donostian nintzen eta, manifestazio jendetsua iritzi nion. Emakumeak gehienak, noski, baina, gizonezkoak ere ez ziren falta. Izan ere, errebindikazio hori zuzenean emakumeari dagokio, baina gizaki eta gizarte osoari ere badagokio eskubide mailan ari baikara. Manifestazioari, gainera, horrelako ñabardura berezi bat eman zioten alegia, musikarena, alaitasunarena, ez baita ohikoa gizonezkoak antolatzen dituztenean; sentsibilitate gutxiago dute seguruenik. Emakumeak beren gorputzaren jabe direla oihukatzen zuten eta, beraiek erabakitzen dutela eta aurreko Gobernuak egindakoa ez dagoela zergatik aldatu behar. Horrez gain, ez gara ba europarrak?
Estatu espainiarrean, ordea, elizak zuzendu nahi du gizartea eta, baditu zenbait ministro horretan ari direnak, esaterako, Hezkuntzakoa Wert bere LOMCE lege berriarekin; Gallardon abortu legearekin eta, nola ez, Barne ministroa aukera duen guztietan elizarekin, paliopean ez baina bai eskutik agertzea gustatzen zaiona. Egun hauetan ikusi ahal izan ditugu bi argazki esanguratsuak: bata Fiteron, Nafarroan, kuartel berriaren eraikuntzan Barcina, Barne ministroa eta Iruñeko Artzapezpikua ibili dira lurra astindu eta zulatzen. Eta bigarren argazkia, hemen Donostian, Poliziaren kuartel berriaren inaugurazioan Barne ministroa eta Munilla gotzaina ur bedeinkatuarekin onespena ematen. Norbera izan dadila nahi duena baina, bereiz ditzala arloak. Abortu legean, esaterako, ongi dago elizak bere kristauei adieraztea zer pentsatzen duen, baina gizarteak bere legeak ditu eta denentzat egiten ditu legeak. Duela gutxi Montserrateko abadeak gai honen inguruan hitz hauek esan zituen: “Kristauok ezin dugu gure ikuspegi antropologikoa anitza den gizartean ezarri, ezin dugu moral kristaua Estatu lege bilakatu”. Hitz ezin egokiagoak aipatu dugun egoera aztertzeko, eta Rouco eta Munilla eta gainontzekoekin alderatuz badu beste itxura bat.
Izenburura itzuliz, beste eskubide baten urraketan sartzen gara. Emakumeak bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubidea badu, seme bati, hala nahi izan duelako, bizitza eman dion emakumeak, amak, badu eskubidea seme-alaba hori, berea delako, ideologia eta guztien gainetik berea egin eta nahi duen bidetik eramateko. Eta seme lapurtuen egoeran, eskubide baten urraketaz ari gara; berea den zerbait ukatzen zaio, bere eskubidea ukatzen zaio.
Frankismoak, halaxe da, krudelkeria asko eta era askotakoak garatu zituen. Hori garbi ikusi nuen Argentinara kereila jartzera joan ginenean: haur lapurtuak, bide bazterrean lurperatutakoak, torturatuak, hildakoak. Eta guztiz normala da, bere garaian amek lortu ez zutena, ondorengoak ahalegintzea hori lortzen.
Izenburuan aipatutako filmak: Fhilomena alegia, haur lapurtutakoen gaia garatzen du. Historia Irlandan kokatzen da. Mojen erakunde bat non haurdun geratu diren neska gazteei haurra kendu, eta bekatua deneko errua hezurretaraino sartu ondoren, bekatua ordaintzera behartzen dituzte, eguneko ordu gehienak semearengandik aparte beste lan batzuk eginaz. Pasarte tristeak baditu: amak negar batean ikusten duenean mojek bere semea familia aberats bati eman diotela. Filmean, ordea, bere bizitza guztian zauri horrekin bizi izan den emakumea abokatu batekin bere seme horren bila hasten da: benetako gurutze-bidea. Bere semea tratatu zuen adineko moja batekin aurkitzen da, baina honek, erasokor, ez dio argibiderik ematen baina, azkenean bilatzen ditu bere laguna izandakoa eta... Dirudienez, ospetsua izan zen, baina HIESak eraman zuen. Eta, hain zuzen, aipatu mojen erakunde horretako lorategian dago lurperatuta. Ama katolikoa da eta nik uste, filman agertzen denez, barkamen sentimendua sortzen zaio; baina, azpimarratu nahi nukeena zera da: bilatu ondoren, egia jakin ondoren, bakean geratzen dela. Hor ere beharko zen erreparazioa eskatu, bana bai zera! Mojak ez zeuden horretarako. Ikusteko aukera baduzue ez utzi, ederra baita.
Emakumearekiko injustizia bi argazkitan azaldu nahi izan dut, oroimenak, egiak, justiziak eta erreparazioak izan dezaten lekua martxoaren 8an.