Eta, txikiz, ez larriz. Denok ulertuko duzue zergatik. Eta honek erantzun edo ondorio asko izan ditu. Esan dezadan, ordea, aurretik, 16tik 22ra bitarteko astea itxaropenez eta ikusminez beteriko astea izan dela. Komunikabideek ez dira isildu eta postre berdina eskaini digute jatorduetan, alegia, ostiralean 14:00etan kristoren notizia datorrela ETArengandik: ikaragarria, guztia aldatuko duena, inork espero ez duena, eta, komunikabideek lehian nork notiziaren xehetasunak azalduko ikusmina areagotu dadin. Jo zuten 14:00ak erlojuan eta parafernalia eta liturgia ederrean han azaldu ziren eszenatokian egiaztatzaileak, bideoak ere lagundu zien agerpenean, zeinean bi ETAkide beltzez estalirik bi egiaztatzaileei dokumentua eskuratzen agertzen baitziren. Horrela bukatu zen agerraldia.
Agerraldi ondoren, eta...?, galderari erantzunak: ikuspuntuak, iritziak, analisiak. Galdera horiek mila eratakoak, noski, egun askotan iraun dute nahiz eta batzuk behin eta berriz errepikatu diren. Batzuentzat jauzi kualitatibo bat izan da, ez ordea kuantitatiboa baina jauzitxo bat, urrastxoa alegia; balorazio baikorra beraz. Beste Batzuentzat ETAk aldebakarreko urrats garrantzitsua eman du eta, orain, Espainiako Gobernuari dagokio urratsak ematea. Beste zenbaitentzat, hala nola eskuinarentzat, biktimen zenbait elkarte barne, ETA barregarri geratu da ‘mercadillo’ eta kanpineko mahaian bere tresnak jarriz. Egiaztatzaileen aurka ere gogor aritu dira PPren Gobernukoak. Zer ez duten esan! Esan bakarrik ez, Auzitegira ere eraman dituzte. Nire irudiko, gure gizartea eta zer esanik egiaztatzaileak txundituta geratu dira Espainiako Gobernuaren jokabidearekin. Auzitegi Nazionalarekin jarraituz, Baionan asteburu honetan egindako Forumera etorritako bitartekariak ere Frantziako Auzitegi Nazionalera deitu dituzte. Honek, Frantziakoak, alegia, gehiago harritu nau Frantzia beti ikusi izan baitut ezkerrekoagoa, baina horrelako ustekabeak zalantzan jartzen dizute ezker hori benetako ezkerra ote den.
Nire irudiko, eta orain nirea emanen dut, urrats txikia izan da eta ados nago kualitatiboa izan deneko iritziarekin. Dirudienez, eta agerraldi hartatik zortzi egunera, beste agiri bat argitara eman du bere asmoa azkenerainokoa dela esanaz. Jakina, alderdi gehienek azkar jokatzeko eskatu diote, herritarrak aspertu ez daitezen faszikuluka emateaz. Dena den ongi etorriak faszikuluak onerako badira!
Asteburu honetan Baionan eginiko Forumean ere desarmeari buruz hitz egin da eta egiaztatzaile edo bitartekariek esan dute Gobernuak ez badira konprometitzen zaila dela erakunde armatu batentzat horrelako urratsak ematea. Gobernuen aldetik, batik bat, Espainakoarengandik ez da mugimendurik ikusten. Berean daude. ETAk desagertu eta armak entregatu behar dituela eta, horrez gain, ez dute egiaztatzaileengan konfiantzarik.
Duela gutxi izan da Espainiako Kongresuan Nazio eztabaida. Gai hau apenas aipatu den Euskal Herriko ordezkariek aipatu arte. Gobernuak ez dio eman garrantzirik eta betikoan jarraitu du. Dirudienez, Baionako Forumak herri presioa eta aldebakartasuna aipatu ditu: presioa ETAk lehenbailehen armak utz ditzan, entrega ditzan eta disolba dadin. Halaber, presioa Espainiako Gobernuak mugimenduren bat egin dezan.
Zaila egiten zait imaginatzen erakunde armatu batek, klandestinitatean mugitzen denak, nola egin ditzakeen horrelakoak. Jo dezagun, disolbatzen dela; armak entregatzen dituela eta beraiek zer? Justizia hor egongo da beraien zain, 300 hilketa oraindik argiturik baldin badaude behintzat. Nik, egia esan, iluna ikusten dut. “Memoria, Egia, Justizia, Erreparazioa” badira edozein gatazketan eskatzen diren hitzak... Jakina, ez ETAren kasuan bakarrik. Ez noski! Gerra zibilekoak, Frankismo garaian motibazio politikoengatik hildakoen senitartekoek..., denok ari gara hitz horiei zentzu bat ematen. Ni Francoren garaiko biktima naiz beste asko bezala eta Argentinara horretarako joan gara: Justizia, Memoria, Egia, Erreparazioa eskatzera. Lasa eta Zabalaren senitartekoek, Urnietako Yanzitarrak eta beste hainbat eta hainbat ere eskubide osoz ari dira hitz potolo horiek eskatzen. Nik uste osotasunean gauzatu beharko litzatekeela. Bestela, ez da Justizia.
Bukatu aurretik, zera esan nahi nuke: egoera hau, egoera iluna, gogorra benetan, kudeatzen ikasi beharko dugula eguneroko bizitzan eragina izan dezan, egunero oreka hori desorekatu ez dezan eta barne bakea eta elkarkidetza pozoindu ez ditzan. Urnietan izandako topaketetara itzuliz, oroimen orokor bat egin beharko da herriz herri. ETAk zer egingo duen, Gobernuak zer jarrera hartuko duen eta Legebiltzarrak zer egingo duen... Neronek neure bizitza kudeatu nahi dut eta bizi eta, ahal badut, toxikoa dena nire bizitzatik kanpo jaurtiz. Jakina, ETAk zer egiten duen itxaron itxarongo dut, baina saiatuko naiz etortzen direnak etortzen direla, ikusmin gehiegi ez sortzen. Itxaropenak ikusmina sortzen du eta ez bada betetzen frustrazioa dator. Eta frustrazioak agresibitatea sortzen du. Datorrena hartu, ahaleginak egin Egia, Justizia, Memoria, Erreparazioa denentzat egon dadin eta aurrera. Ongi izan!