Infanta Cristinak, oroimenik ez omen
Ustelkeriaz inguraturik gaude. Gaur ez bada, bihar, eta hemen ez bada han ustelkeria nonahi. Duela gutxi Gurtel izeneko ustelkeriaren inguruko inbestigazio lan sakona irakurtzeko aukera izan nuen, eta benetan, harriturik geratu nintzen diruaren erabilpenaz: hango orgiak, festak, jaiak, handinahikeriak...Egun hauetan Nafarroako Parlamentua asaldatuta dabil ikerketa batzordea sortu baita kontuetan eta irregulartasunen bat egon deneko susmopean. Eta honi lotuta, balizko zentsura mozioa. Eta, behin berriro EHBildu tartean Estatuko PP eta PSOEren eztabaidan. Noiz demontre konturatuko ote dira Bildu jada legala dela eta itunak honekin edo harekin egiteko eskubide guztia duela. Dena den, eta ustelkeriara itzuliz, gezurra dirudi nola jolastu daitekeen diru publikoarekin, batik bat, dagoen krisia kontutan harturik.
Ustelkeria mundu honetan, Urdangarin kasua pil- pilean dago. Badirudi berea eta berarekin ustelkeria munduan ibilitako golfo jendearen sumarioa aurrera doala. Castro Mallorcako epailea ausarta izan da eta da ezen oztopo asko gainditu behar izan ditu, baina azkenean lortu du zailtasun guztien gainetik aurrez aurre Infanta Cristina esertzea eta bere susmoak argi eta garbi galdeketa bidez agertzea, susmo asko baititu Infantak ere eskuak zikinduta dituela bere senarraren ustelkerietan. Oztopoak anitz eta era askotakoak izan dira: ez dagoela susmorik Infanta inputatzeko birjina bailitzan, baina azkenean, nahiz eta epaitegirako ranpatxoa ez ibili, joan da eta, esan bezala, ia egun osoz epaileak aurrean izan du. Gaur irakurtzen nuen Mallorkako ustelkeriaren aurkako fiskalak, jakina goikoen aginduz, estrategia antolatu zuela, zeina jarraitu duten: Gobernuak, Estatuko Fiskalak, Erregearen Etxeak. Eta are gehiago Infantaren abokatuek. Estrategia honen arabera, egokiago zen Infantaren abokatuek helegitea ez jartzea eta, bere kabuz, epaitegira joan eta deklaratzea. Eta denek, isil-isilik, horrela egin dute. Gero esan dezatela boterea, alegia, judiziala, exekutiboa eta legegilea indepiendenteak direla!
Hor koska , ordea. Infantak ez du oroimenik, ez da oroitzen. Zer ote du, bada, Infantak? Epailearengana ez baina Neurologo batengana eraman beharko ote dute? Epailearen galderei: ez naiz oroitzen, ez dakit eta hori dena, seguruenik, aingeru aurpegiarekin. Aingeruarena ala deabruarena, baina, bai galanta! Ezezkoak ez ezik beste esaldi hau: nik nire senarrarengan konfiantza dut, eta aurrean jartzen zizkidaten orriak itsu itsuan sinatzen nituen. Nola ez , bada, epaile jauna, oso maitemindurik baikaude. Eta, hor, gure abokatuek karreran ikasi ez zutena, Infantaren teoria oraindanik bezeroen defentsan erabil dezaten: bikotea maiteminduta dagoenean, besteak esaten diona egiten du zalantzan jarri gabe, diruaren etorrera zerutik ala lurretik datorreneko zalantzarik gabe alegia Senarrak basura poltsa batekin datorrela? Ba, basurara ez patrikara baizik baina ez da oroitzen. Ez ohiko gastuak zituztela? Ba, senarrak esaten ziona, Urdangarin jaunak alegia, sinatu eta aurrera...
Ustelkeria hau ez da ekonomikoa soilik, etika eta moral falta ikaragarria ere bai. Ez dakit Castro epaileak Infantaren deklarazio egunean hartu zuen haserrea jaurti duen, eta ikusi egin behar zertan gertatzen den. Baina ustelkeria ekonomiko, politiko eta moral honek behar du erantzun bat, eta herritarroi hauteskundeak geratzen zaizkigunez, bada, erabil ditzagun.
Bi kontrapuntu:
In memoriam:
Duela 33 urte Joxe Arregi zizurkildarra, torturapean Madrilen komisarian hila. Bere azken hitzak: “Latza, oso latza izan da”. Justizia, memoria, egia, erreparazioa. Eta, zuri, Joxe, oroimen bero bat.
Hiazintori:
Hiazinto, eta errespetu guztiz, niretzat eta belaunaldi hartako Urnietarrontzat Jaxinto haiz. Beraz, Jaxinto. Izan ninduan Andoaingo omenaldian. Hunkigarria. Eta bukatu ondoren, hitzez ez baina bai irribarrez, eskertu huen eta ezagutu ere bai izagirretarrok. Gu, kaletarrak Arantzubiko baserrian ibiltzen gintuan mutil koskor ginela. Gure etxe aurreko zuon zelaian arto egiten ere bai. Gero hi seminariora, ni, berriz, pobreagoa noski, Arantzazura. Francoren garaian topo egin genian han hemengo saltsetan. Aiurrin ere, hire zutabea eta nirea, desberdinak baian osagarriak hituen. Omenaldietan dena duk argia, baina gizakiak gaituk, gure izaera, pasio eta ilunekin. Ez gaituk ez Jainko ez abere, gizakiak argi ilunekin. Dena den Jaxinto, beno nahi baduk, Hiazinto, Aiurritik besarkada bat nire eta nire anaien izenean.