Politikaz ari garenean eskuina-ezkerra erabiltzen ditugu alderdi bakoitzak garatzen duen programaren arabera. Nire irudiko, zenbaitetan erraza da zein alderdi den eskuina eta zein ezkerra; baina, beste zenbaitetan ez da hain erraza ñabardurak izaten baitira. Nazionalistei edo abertzaleei gagozkielarik [nahiz eta niretzat abertzale hitzak beste zentzu bat duen] eskuin-ezkerra ere erabiltzen da. Halere, gero eta zailagoa da banaketa hori klase sozialak ere ez baitira XIX. edo XX. mendean bezain argi eta garbiak.
Baina gizartea ez da soilik egitura ekonomikoa. Azpiegitura izan daiteke ekonomikoa eta honek baldintza dezake marxismoak goi egitura deitzen duen hori, esan nahi baita gizakiaren beste zenbait arlo: giza balioetan adibidez. Eta, hemen bai, hemen garbi bereizten dira eskuina eta erdi ezkerrean edo ezkerrean kokatzen diren alderdi edo indar politikoak. Aski da, esaterako, osasuna, hezkuntza, gizakiaren askatasun politiko eta zibilak aztertzea eta nabarmen agertuko da eskuinaren eta gainontzeko indarren desberdintasuna. Zenbait erkidego, Madrilekoa kasu, hor dabil osasun zerbitzua pribatizatu nahian. Publikoaren kalte. Osasuna da gizakiaren eskubide oinarrizkoena eta ezin da botere pribatuaren esku utzi. Marea zuria deitu diote Madrilen osasun publikoaren alde egin diren mobilizazioei. Itxuraz lortu dute Justizia Gorenaren bidez pribatizazioa geldiaraztea. Honekin loturik, hor dago PPko Gobernua, eskuinekoa, paperik gabeko inmigranteei osasun zerbitzua jasotzeko eskubidea ukatu nahian. Xenofobia Europako zenbait herrialdeetan bizirik, joera hori eskuina edo ultraeskuinaren eskutik doa. Jarrai dezagun Hezkuntzarekin. Onartu berria da LOMCE legea. Orain onartu denean,eta erkidegoetako hezkuntza kontseilariak Madrilen izan diren honetan, zarata gutxiago izan da gure herri honetan. Hemengo kontseilariari entzun diogu Madrilen esan duena: alegia, ez dagoela denbora materialik legea martxan jartzeko. Adierazpen honi ez diot antzik ikusten hasieran eman zen erreakzioarekin. Lehendakariak esan du LOMCEk aurrez aurre izanen gaituela, baina, hori esatea, ezer gutxi esatea da. Gai honek, gutxienez, zutabe berezia eskatzen du eta izanen da denborarik hori aztertzeko. Oraingoz eskuinak eskaintzen dituen balioen adierazgarri gisa gera bedi. Arrosarioa luze joan daiteke. Pil-pilean abortuaren legea. PP Valladoliden Urbi eta Orbi bere eskuin programa aldarrikatzen eta emakume andana abortuaren lege berria baztertu eta emakumearen askatasuna oihukatzen. Hori jaiotzari buruz. Gizakiok gure heriotzaren jabe izateko dugun eskubideari dagokionez zer esan: eutanasiari buruz, ezertxo ere ez. Kontua da askatasun zibil guzti hauetan Elizaren hierarkiaren eztena gainean duela eta eskuina beti Elizaren botere horrekin bat eginik doala. Grazia egin didan berri bitxi bat irakurri nuen duela gutxi: Amaiur taldeko Kongresuko kide batek interpelazio bat aurkeztu duela Kongresuan Gobernuak argi dezan ea zein harreman edo zein sinismen duen santu, santa eta Birjinekin: Zenbait ministrok Santa Teresa, Rocioko Ama Birjinarekin eta horien laguntza dutela esan baitute, hala nola, Barne ministroak, euskaldunok hain gogor astintzen gaituen horrek, alegia. Santa Teresa baitu nonbait patrikako estanpatxoa. Nire aitak ezagutu izan balu!
Hau, bada, eskuinaren bizi filosofia. Baina, horra hor non sortzen den eskuinaren eskuina. Denean ados egonen dira eskuina eta eskuinaren eskuina batean izan ezik: Euskal Herrian bizi dugun bake inguruko egoeran alegia. Biktimak, behin eta berriro, ikuskizun negargarri eta penagarria eman zuten Gregorio Ordoñezen hilobian. Ordurako eskuinaren eskuina sortua zen VOX izenarekin; eta lehia biktimen artean nork ordezkatu Gregorio Ordonez, ETAk hildako zinegotzia. Lotsagarria! Garbi dago biktima batzuk alderdi berrira joanen direla. Eskuinaren eskuinaren esanetan, hemen ez da ezer aldatu. Dena da ETA eta horren arabera ETA ari da hartzen nagusitasuna. Beraz,...
Honi denari aurre egiteko beharko dira bake ponentziak, bake planak eta ekimen ugari, eta ETAk eta presoek ere gin beharko dute hausnarketaren bat eta alde bateko erabakiak hartzen joan egoera bertan usteldu ez dadin. Nik behintzat, lehen eskuina ikusita, eta orain eskuinaren eskuina, etorkizun iluna ikusten dut.