Aiurriri, etenalditik atera eta berragertu ondoren, hamabosteroko zutabetxoa idazten jarraituko nuela agindu nion, eta hitza betetzera nator. Etenaldi horretan, eta, halaber, azken aste hauetan mila gertakari egon dira zutabegai izan zitezkeenak; baina, zerbaiti heldu behar eta azken egunotan Urnietan eman diren bakea eta bizikidetzari buruzko jardunaldiak aukera ezin hobea eskaini didate Urte Berriko lehen zutabe hau idazteko. Lehen ere, duela denboralditxo bat, alegia, Udalak Baketik-ekoekin akordioa sinatu zuenean, zertxobait idatzi nuen. Baina, oraingo honetan parte-hartzaile izan naiz, eta informazioa emateaz gain nire sentsazio eta sentipenen berri ere eman nahi nuke, merezi duela uste baitut. Bidezkoa eta justua deritzot Urnietako udalari eskerrak ematea gisa honetako jardunaldiak antolatzeagatik. Agian asperturik gaude goi-mailako politikoen liskar eta elkar-ulertze ezinaz. Parlamentura begiratu besterik ez dago. Horregatik, herri bakoitzetik abiatzea eta herri bakoitzean bizikidetzaren alde lan egitea bide aproposa izan daiteke. Partaidetza aldetik ongi; jende konprometitua eta kezkatua. Eta metodologia aldetik ere txukuna eta emankorra. “Bakea eta bizikidetza” izenburupean, jardunaldia hirutan banatu da:
Iragana.
Oraina.
Etorkizuna.
Iragana
Iragana, gerra zibilari dagokiona, alegia, Urnietak egin du lanik ikerketa mailan, eta antzerki bat ere eskaini zen non Urnietako fusilatuen zerrenda eta agertzen ziren. Lan horretatik abiatuta gerra zibilean eroritako horien Oroimen edo Memoria publiko bat egin behar litzatekeela uste dut.
Hitzaldian esan zen bezala: sufrimenduaren errekonozimendua. Biktima horien familiartekoek errekonozimendu hori beharrezkoa dute benetako barne bakea lortzeko. Beste askorekin batera Argentinara egindako bidaian argi eta garbi ikusi nuen barnean daramagun sufrimendua norbaiti adierazten diogunean eta entzunak garenean horrek askapen sentimendua sortzen duela. Gerra denborako biktimak isilduak, ahaztuak izan dira eta ez legoke gaizki Oroimen gune bat non agertzen diren fusilatuak, desagertuak sufrimenduaren errekonozimendua izan dezaten. Nafarroako Parlamentuak onartu du lege bat, oposizioaren baiezkoarekin, noski, UPN eta PPk ez baitute entzun ere egin nahi. Lege horren arabera urrats ofizial asko emanen dira gerra denborako Oroimen hori gauzatzen eta sufrimenduaren errekonozimendua onartzen. Erkidegoan ere, eta gerra zibilari gagozkiolarik, horrelako lege bat aurrerapauso litzateke aipatu Oroimen edo Memoria hori lortzeko. Baditu Urnietak Oroimen gune egokiak egiteko lekuak.
Oraina
Orainari eskainitako egunean Carlos Martin Beristainek hitz egin zuen. Ideia multzoa jaurti zuen baina, zenbait interesgarriak eta garrantzitsuak. Sufrimenduaren politizazioa. Nork ukatu egungo egoera ikusita. Zeinek eta nork esaten duen hori sinesten dugu. Nork esaten duen da garrantzitsua, ez zer esaten duen. Hainbeste aipatzen den, batik bat, zenbait biktimen aldetik, garaile eta garaituak Bake ereduaren ordez. Lehen aipatu sufrimenduaren errekonozimendua. Orainarekin ezagutzen dugun denboraldian ere Urnietan badira sufrimenduak, biktimei buruz ari garenean biktima guztiei buruz ari baikara. Eta oraina, guztiok ezagutzen dugu. Niretzat, oraina deitzen den garaia askoz ere konplexuagoa da gerra garaikoa baino, gerra garaikoa eta oraindik frankismo garaian eman ziren sufrimenduak baino, 1977. artekoak alegia nolabait datak jartzekotan.
Etorkizuna
Etorkizunari buruz ikastetxeek eskaini zuten egiten ari diren lanari buruzko txostena. Lan bikaina eta garrantzitsua. Dena den, nik uste dut ikastetxeetako lana ere beti iraganaren proiekzioarekin jorratu behar dela. Ondoren, taldeka zenbait gairen inguruan ondorioak atera ziren: bizikidetza eta honen inguruan Memoria, Egia, Justizia eta Erreparazioa. Memoria guneak, ikastetxeetarako gai didaktikoak etab. Urnietako gizarteko bizikidetza nolakoa behar duenari buruz ere hitz egin zen. Hizkuntzak ere izan zuen aipamena: egoera diglosikoa alegia. Eta, noski, hizkuntzak ere badu bizikidetzan garrantzia eta, arlo honetan ere, izan dira giza eskubideen urraketak.
Bukatzeko esan nahi dut, ni barne sentsazio onarekin itzuli nintzela eta Urnietan memoriaren bidea hasia delako sentsazioarekin iritsi nintzen. Ibilbideak izanen al du helmuga!!!