Etena adierazi zenuen eta hainbat familia, kultur gune eta berri eta hausnarketak isilean utzi zenituen. Seguruenik, hausnarketa egin nahi zenuen. Diru laguntzak, gabeziak eta hainbat buruhaustek bultzarazi zintuzten isilaldi horretara. Herritar askok sentitu dute, noski, zure falta. Jose Ramon Berrondok idatzitako iritzi artikulua gustatu zitzaidan. Oxigenoa bermatzen duen odolarekin irudikatzen zintuen. Baina, gizarteak ez ditu zu bezalako kultur aldizkariak askotan gehiegi estimatzen, eta nahiz eta hitzetik hortzera kultura hitza erabili gero laguntza gutxi ematen diote.
Gizakioi ere horrelakoak gertatzen zaizkigu. Gure bizitzako bira honetan askotan egiten dugu etena, gauden egoeran ez baikara eroso sentitzen: kezkak, zerbait aldatu nahia,... Eta lekuz aldatu eta bidaiari ekiten diogu berriro baina aldatuz eta gauzak garbiago ditugularik.
Halere, itzuli zara. Indarberrituta, baina oinak lurrean dituzula. Arazo larriena, seguruenik, ekonomia izan da eta izango da. Krisiak bazterrak asko astindu ditu eta kulturan ere izan du bere eragina. Baina, bestalde, eta zuri, Aiurri gagozkiolarik, ez da hain garestia harpidetza, eta, horrek, astero astero etxean zu jasotzea dakar: albisteak, informazioa, arnasa. Entzuna dut borondatez ordaintzen duten urnietar gutxi batzuk salbuetsita, gainerakoek asterokoa jasotzen dutela bai, baina dohain. Esan nahi baita ez direla harpidedunak. Erosoegia deritzot. Urtekoa ordaintzeko herritar gehiengo batek ez du arazorik izango eta, horrela, zu ere lasaiago eta jantziagoa, aberatsagoa aurkez zaitzakete. Nik, horregatik, urnietar guztiak animatu nahiko nituzke ahalegintxo bat egitera. Harpidetza egin eta zure iraupenean parte har dezaten.
Bestalde, astekari bat aurrera ateratzeko jendea behar da eta, dudarik ez, gaur horretan ari direnak mila ahalegin egiten ari direla astekari txukun eta on bat argitaratzen. Gainera, horrelako astekari bat hurbilagoa da, bertako berriez jabetzen laguntzen digutelako. Beraz, guztiok egin behar dugu ahalegin bat, langileak nola irakurleak astekaria aurrera ateratzeko.
Etenak iraun duen artean, gure herri honetan, mila gertakari berri gertatu dira. Eta ez dugu horien inguruan gure hausnarketatxoa egiteko aukera izan, eta guri bezala, kirolariei edo Aiurrin gauzatzen dituzten beste zenbait talderi, horixe bera gertatu zaie. Horregatik, haien poza nirea eginaz, prest gaude gure laguntzatxoa eskaintzeko. Niri dagokionean, ea urteberriarekin batera nire zutabetxoa idazten hasten naizen. Pozgarria litzateke, halaber, jende gehiagok idatziko balu honetaz edo hartaz. Beti da aberasgarri besteen iritziak irakurri eta alderatzea. Sintesia horrek norberari ere aberasgarri suertatzen baitzaio. Parte hartzea beti da aberasgarria.
Beraz, gaurko nire asmoa zuri ongi etorria egin eta herritarrak animatzea izan da. Ez dezazula beste etenik egin. Eta egiten baduzu, izan dadila onerako.
Ongi etorria Aiurri, eta laster arte.