Asko maite dut Katalunia. Mediterraneo itsasoak besarkatu eta laztantzen duen herria; herri dotorea non biltzen diren kolore eta kultur anitzetako pertsona ugari; gure olerkari Xabier Letek nostalgiaz abestutako lurraldea; irakaskuntzan eta hezkuntza ereduetan, batik bat hizkuntzan, hainbeste erakutsi digun herrialdea; urte osoan handik eta hemendik etorritako turistak hartzen dituena, irekitasuna, freskura, aniztasuna eta zabaltasuna bereizgarritzat dituen Katalunia. Bai, asko maite dut Katalunia.
Halere, jakin, badakit azalean ikusten ez diren zenbait ilun ere berekin dituela. Krisia dela eta, autofinantzaketaren faltaz, miseria gorrian dagoen herritarrak ere badirela, leku guztietan bezalaxe, bestalde. Urteak daramatza subiranotasuna lortu nahian; oztopo guztien gainetik herri bat direneko aldarrikapena egiten. Baina, bai zera! Espainiako Erreinuak kolpea hor eta kolpea han! Adibide gisa 2010ean Estatutu berriari, hots, Kataluniako Parlamentuak aho batez adostutako Estatutuari, Madrilgo kongresuak garbiketa ederra eman eta Tribunal Gorenak ezezko gogorra eman zion. Hor, piztutzen da kataluniarren haserrea, eta haserre hori urtez urte biziagotu eta herritar askorengana zabaldu da. Aurtengo Diada egunean, giza kate ikaragarria ikusi dugu herri eta herrialdeak lotzen zituen katea, alegia, denek aho batez Katalunia Herri bat dela adieraziz. Niri pozgarri suertatu zait ezen politikoengandik haratago herri zibila izan delako protagonista nagusia. Jakina, Katalunian Asanblada Nazionalak, beti izan du indarra nahiz orain nahiz Frankismoaren garaian.
Frankismoaren garaian ezagutu nituen bertatik klandestinitatean egiten zituzten bilkurak. Han ez zegoen borroka armaturik; han hitza eta bide baketsua ziren borroka tresnak. Zamorako kartzelan nengoelarik ezagutu nuen aipatu asanblada horietan parte hartutako apaizaren bat ere. Eta, oraindik indarrean dirau orduko jende zibilaren adorea eta kemena. Gero, indar hori dena, politikoek jaso eta gorputza eman nahi izan diote; ez dakit, ordea, lortu duten bide onetik eramatea. Hor dabiltza egunak etorri eta egunak joan Kataluniako Parlamentuan urratsak aurrera urratsak atzera. Azken berriek diotenez, Kataluniako Parlamentuak Madrilgo Gorteetara eramango du kontsulta legea onar dezan, dirudienez, nahiz eta honetan denak ados egon ez, 2014. urtean kontsulta egin ahal izateko. Beraz, hiru hilabete dituzte Rajoyrekin kontsulta adosteko. Gutxitxo nire irudiko. Nik egia esan, beti defendatu izan dut herriaren “erabakitzeko eskubidea”; hori erabat demokratikoa baita. Hain garbi ikusten ez dudana da kontsulta horretan aukera bat eman behar den ala bat baino gehiago eskaini behar zaizkion herriari erabaki dezan, esan nahi baita, independentzia, federalismoa, autonomismoa etab. Dena den, orain Madrilgo teilatuan dago arazoa eta nik, egia esan, ez dut itxaropen askorik. Dena den, datorren hilabeteak erabakigarriak izango dira. Nik nire ikuspegia dut, eta prest nengoke afari bat jokatzeko nire ikuspegiaren defentsan. “Ver venir” gaztelaniaz esan ohi den bezala.
EUSKAL BIDEA
Euskal Herria Katalunia aldera begira jarri da eta hango adorea eta kemenaren lekuko izan ondoren, sortu da hitz konposatua: “Euskal Bidea” badugu esamolde berri bat, zeinaren inguruan eztabaidatu. Han hemengo bideak beti dituzte komunean zenbait ezaugarri, nola ez, baina desberdintasunak ere bai. Moztu eta atxiki erraza da, baina errealitatea ez bada kontutan hartzen arriskutsua ere bai.
Lehen aipatu dut Katalunian Frankismoaren garaitik irauten duela Asanblada Nazional horrek biltzen duen mugimendu zibila. Nik, egia esan, hemengo egoera desberdina ikusten dut. Mugimendu zibila oraindik sortzear dagoela uste dut ETAk urte askotan, batik bat, 77. urtetik aurrera bere esku hartu du justizia, eta ez nolanahikoa, eta horrek herri mugimendu zibilari protagonismoa kendu dio. Eta, zoritxarrez, oraindik lastre asko ikusten dut herri erakundeetan zein herrian. Zauri asko, denetarikoak noski, itxi beharko dira. Baina, lehen ere esan dut, Katalunia eta Euskal Herriaren artean berdintasunak eta desberdintasunak daude. Ea Eusko Legebiltzarra gai den mahai gainean proposamen bat jarri eta horren inguruan adostasun batzuk lortu eta Herriak erabakitzeko. Dena den, ea EAJk gaur Aberri Egunean esandakoak mahai gainean jartzen dituen eta ea alderdi guztiek eztabaida txukun bat egiteko gai diren. Izanen da denbora gai hau jorratzeko. Oraindik bide hori ez baita hasi ere egin.
TXIKI ETA OTAEGI “IN MEMORIAM”
Gogoan zaituztet Txiki eta Otaegi. Frankoren garaia zen. Gu ere kartzelan geunden. Gose grebaren ondorioz, zigor gelan. Ahal zen moduan pasatzen genituen berriak. Zuek ere, gaur Frankismoaren aurkako talde memorialisten barruan zaudete, guk ere, justizia, egia eta erreparazioa eskatzen baitugu. Jakin ezazue Argentinako epaile batek sumarioa ireki duela eta, jada, badirela bi polizia, lautik bi hilik baitaude, akusatuak... Izango al du biderik. Ez zaituztet ikusten inoren eta ezeren jarraitzaile gisa. Hain ziren desberdinak Frankoren garaiko egoerak. Memoria eternoa da. Horregatik: Txiki eta Otaegi adiorik ez!!!