Krisia dela eta askotan entzun izan diogu Euskal Gobernuari, lehengoari nahiz oraingoari, marra gorri batzuk badaudela inolaz ere gaindi edo iragan ezin daitezkeenak; eta bi aipatu izan ohi dira: osasuna eta hezkuntza. Ba PPk eta bere gobernuko Hezkuntza Ministroak marra horiek gainditu ditu, luze gainditu ere. Lege berri hori LOMCE izenarekin bataiatu dute, aurreko hezkuntza berrikuntzetatik desberdintzeko. Halere esan behar da krisiaren murrizketengandik haratago doala, Hezkuntza sistema bihotz bihotzean kolpatu baitu.
Izan ere, legea, euskarari dagokionean, atzera pauso ikaragarria da eta herri honek egindako ahalegin eta lan guztiak dekretuz lurperatuko lituzke. Beste garai batzuk ezagutu ditugunok, badakigu eginiko bidea ez dela erraza izan, baina,halere, gaur egun dugun hezkuntza sistema, hobetu badaiteke ere, nahiko txukuna dela deritzot eta emaitzak ere onak,oso onak izaten ari dira. Berriki unibertsitatean sartzeko selektibitate azterketak egin dira, eta euskaraz egin dituztenetatik %98ak- edo gainditu ditu. Horrek esan nahi du,zalantzarik gabe, nahiz eta harremanetan euskara gutxi egiten den, idazterakoan menderatzen dutela. Beraz, gaurko D ereduak, hau da, euskara bidez transmititzen den irakaspenak ez du inongo konplexurik beste edozein hizkuntzatan transmititzen denarekin. Betor Wert ministroa eta ikus beza!! Euskal Gobernuak eta irakaskuntza munduko irakasle,sindikatu, guraso elkarte eta hainbatek errotik kritikatu dute legea, eta esan ere esan dute Euskal Erkidegoko konpetentziak dekretuz ezabatu nahi dituela eta horretarako ez daudela prest. Madrilgo kongresuan ere PPk izan ezik gainontzeko indarrek bat egin dute legea bere osotasunean arbuiatzerakoan. Zutabe hau idazten ari naizenean jakin dut EAJk Madrilen hezkuntzako ministroarekin izandako topaketan desberdintasunak nabari geratu direla eta, dirudienez, akordiorako aukera gutxi dagoela. Ikusi egin behar zein jarrera hartzen duen Euskal Gobernuak!
Nik, bi puntu nabarmenduko nituzke Wert izenez bataiatu den lege honetan. Bat: Hizkuntza, Euskara eta horren ingurukoak. Bi: Erlijioak hartzen duen garrantzia.
- 1. Hizkuntza. Frankismoa eta honen ondorengo urteetan euskarak izan duen ibilbidearen lekuko gara. Frankismoan euskarak ez zuen presentziarik gizartean. Isilpean eta ezkutuan ibili ohi ginen euskarazko klaseak emateko. Franco hil ondoren eta Euskal Gobernua sortu zenean, Eskola Nazionaletan, ordukoak, noski, euskara nola edo hala sartu zen asignatura bat gisa. Nahikoa zen garai hartako EGA titulua izatea klase horiek emateko. Han ibiltzen ginen gelaz gela inongo motibaziorik ez zuten ikasleei euskara irakasten. Ondoren, eta poliki poliki, Euskal Eskola publiko bilakatuko ziren eta ereduak sortu ere bai: A, B, D. Eta, zorionez, denboraren poderioz, D eredua nagusitu zen,hau da, euskara irakaspenak transmititzeko eredu bezala. Bk ere nahiko arrakasta izan du, zenbait arlo euskaraz,beste zenbait gaztelaniaz uztartuz. A eredua, berriz, galduz joan da eta momentu honetan inork gutxik aukeratzen du. Ereduez hitz egin daiteke eta nik badut nire teoria, askotan aipatu dudana, baina esan dezadan gaur gaurkoz eta Espainiako ministroaren aurrean defendagarria dela: Erreforma honekin euskarak ez luke indarrik transmisio mailan eta atzerakada ikaragarria litzateke gaztelania bailitzateke transmisio hizkuntza. Euskara, lehen aipatu garaietan bezala, asignatura huts bihurtuko litzateke. A ze atzerakada!
- 2. Erlijioa. Oraindik gai hau gure artean eztabaidagai denean –hor baitabil Munilla eskoletan erlijioa eskaini behar dela aldarrikatuz– horra non datorren Wert ministroa eta dekretuz erlijioa sartu nahi duen asignatura gisa, gainera beste edozein gai bezala ebaluatu nahi du. Gainditzen ez duenak errepikatu egin beharko du eta bekak eta beste zenbait laguntza lortzeko ere beharrezkoak izanen dira. Hori bai dela atzera pauso izugarria! Estatu akonfesional deitzen den batean ulertezina da erlijioa asignatura gisa ezarri nahi izatea. Nik ondo ikusten dut Erlijioen historia ikasleei ematea eta balio etikoetan hezitzea. Nola ez! Erlijioa arlo pribatuan ikusten dut, familiak bere gain hartu behar lukeena. Aurreko Gobernuak ezarri zuen Hiritartasunerako Asignatura bertan behera jaurti du ministroak. Bertan agerzen ziren gai asko ez zirelako Elizako hierarkiaren gogoko. Eliza eta Estatuaren arteko harremanei beste norabide bat eman behar zaie; banandu egin behar dira eta horrek, elizari berari, on asko eginen lioke. Hau guztia Estatua eta Elizaren arteko ezkontza fidelaren ezaugarrietako bat da, baina badira beste adierazpen asko ezkontza hori agerian uzten dutenak.
Oraingo honetan Euskal Gobernuak badu erronka gauzak garbi jarri eta dagokiguna defendatzen: euskaldunak garela eta gizarte anitz batean, besteak beste, eskola euskalduna eta anitza nahi dugula, hau da, akonfesionala.