Eguraldiari dagokionean, udaberri iluna eta hotza daramagu. Argi eta berotasun faltak Natura ere ilun eta kolore ezean ikustarazten digu nahiz eta zuhaitzen berdetasuna bizirik sentitzen den. Gure Gizarte bizitzari dagokionean ere gorabehera askorekin aurrera goaz. Batzuetan argi izpiek itxaropena eta baikortasuna sentiarazten dizkigute; besteetan, aldiz, laino ilun beltzak atzera bidean goazeneko sentsazioa biztuarazten digu eta, horrekin, ezkortasuna; esan nahi baita adostasunean, bake bidean, elkarkidetzan, krisian etab... Ez da erraza oreka. Erraz jotzen dugu batera eta bestera.
Udaberriak, halere, argia eta kolorea ditu bereizgarri. Naturak ez digu traiziorik egingo eta zeruko laino beltzak joan bezain laster mila koloretako jantzi dotoreaz agertuko zaigu. Gizartean ere, gure eguneroko bizitzan, laino beltz eta ezkortasunaren artean han-hemenka agertzen dira ostarteak eta mila kolore argia eta baikortasuna sortarazten dizkigutenak. Eta kolorearekin batera musika, elkartasuna, zenbait balio pozgarri eta itxaropentsua.
“Euskal Herria 11 kolore” horietako ekimen pozgarrienetako bat dugu. Ekimena herritar talde batengandik dator. Helburua: eztabaida sortzea etorkin anitzari buruz, ezen ikusten baita euskal gizarte eta kulturarentzat aberasgarria dela. Ekimenak ez du harresi eta mugarik, edonork parte har baitezake. Helburu orokor hau zehazturik honako puntu hauetan bana dezakegu:
• Euskal Herriko hiritar guztien, edozein dela jatorria, berdintasun eskubide, betebehar eta aukerak defendatzea; beti ere, jatorri edota identitateagatik ematen diren diskriminazio egoerak arbuiatu eta gaindituz.
• Euskal kulturaren aniztasuna bultzatu eta zaindu bere baitan duen balioagatik, zenbaitetan eman ohi diren jarrera uniformatzaile eta bereganatzaileak gaindituz.
• Jatorri ezberdinetako euskal hiritarren arteko lankidetza eta elkarrekintza landuko dituen guneak sortzea, modu horretan gure aniztasuna ikustarazi eta elkar errespetu eta onarpena lortu ahal izateko.
• Euskal gizarte osoan hausnarketa, elkarrizketa eta etengabeko eztabaida sortzea Euskal Herria aniztasunean oinarritutako elkarkidetza eredu bilakatzeko, zeinaz guztiok harro senti gaitezen.
Kontua da joan den larunbatean, ekainaren 1ean, egin zutela festa, besteak beste, jendaurrean ezagutzera emateko. Banatutako agiriak lehen aipatutako helburuak laburbiltzen ditu. Bestalde, Donostiako Alde Zaharreko zenbait tabernetan han hemengo pintxoak jarri zituzten, non posible zen bi eurorekin Afrikako pintxo bat dastatzea, edota Senegal, Ukrania, Galizia, Kuba, Sahara, Ekuador, Pakistan, Txina eta Mexikokoak. Arratsaldeko danbor martxan eta musika jaialdian bat egin zuten musika eta erritmo desberdinek, hemengoek barne.
Honenbestez norbaitek galde dezake aniztasun honen barnean nola geratzen diren euskara eta euskal identitatea edo Euskal Herriaren eraikuntza. Lehen aipatu agirian bost arrazoi jartzen dituzte EH11 kolore ekimenean parte hartzeko:
• Edozein lekutik gatozela ere Euskal Herrian bizi garen guztiak euskaldunak garelako.
• Guztiok eskubide, betebehar eta aukera berak izan behar ditugula aldarrikatu nahi dugulako.
• Euskal Herritar askorentzat garai zaila izaten ari den honetan herri euskaldunaren izaera irekia, abegitsua eta solidarioa azaldu nahi dugulako.
• Badelako garaia Euskal Herriak lehen aldiz ozen eta argi adieraz dezan baietz, herri anitza garela, hizkuntzen, kulturen eta jatorrien aldetik, baina, aldi berean, euskararen eta etorkizun komunaren konpromisoa dugulako.
• Gure herria aniztasunean elkarbizitza-eredu egin nahi dugula.
Aberatsa eta bitxia deritzot ekimenari eta testuari. Gurea ardatz gisa hartuta gure artean ditugun hainbat kultura eta hizkuntza ere onartu eta elkarkidetza onean bizi.
Aniztasuna, nork berea galdu gabe, XXI. mendeko bereizgarria. Ongi etorriak honelako ekimenak!!