Historian zehar herri zapalduek eta giza klase kaltetuenek presio eta borroka tresna asko eta desberdinak erabili izan dituzte gizarte justu eta askea lortzeko; garaian garaikoak eta zapalkuntzaren araberakoak. Guk geuk berrogei urtetako diktaduraren esperientzia gogorra eta latza izan dugu oraintsu Urnietako antzezlanak azaldu duen 36ko gerraren ondorioz. Gaurko borroka edo presio tresnak ez dira diktaduraren garaikoak nahiz eta dugun demokrazia perfektua ez izan; beti dago zerbait hobetu beharra gizartea zein gizakiok aldatuz goazelako.
Gaur sufritzen dugun krisi ekonomiko basati honetan, besteak beste, etxe kanporatzeak hartu du lehentasuna, izan ere, etxebizitza baita oinarrizko eskubideetariko bat. Bere buruaz beste egin dutenak ere asko izan dira arazo hori dela eta. Jakina, ezin ditugu ahantzi langabezia eta gainontzeko krisiaren ondorioak. Eta arestian aipatu tresna borroken artean, Etxe kanporatzeak Stop osatzen duten taldeek alegia, protestak ugaritu eta modu berriak aurkitzen joan dira egoera gogorrari aurre egiteko. Tresna horien artean escrache-ak ditugu. Esan ohi da gizarteak ez duela gauza berri askorik sortzen, eta escrachea ere ez dira berriak. Argentinara garamatza hitz honen sorrerak. 90eko hamarkadan Argentinak diktadura militar basatia pairatzen zuen. Hilak, torturatuak eta desagertuak asko izan ziren eta gainera, lotsa gutxiz, egoera horri gero azken puntua jarri eta eta oroimen historikoa ere lurperatu nahi izan zuten. Baina oroimena ez da hain erraz desagertzen gure barnean daramagun zerbait baita. Eta oroimen hori ez desagertzeko eta horien egileei gogorarazteko bake protestak egiten zituzten militarren garaiko kargu ohien etxe aurrean. Geroago ere, Peronen garaian eta egun ere, eltze edo lapiko hotsak eta zaratak egin ohi dituzte oroimena gaurkotzeko. Horretan Argentinak badu meritua!
Horrela bada, hemen ere etxe kanporatzeen aurkakoek tresna hori berreskuratu dute protesta azaldu eta lehen aipatu ondorio latz horiek eman ez daitezen. Hor hasi dira politikoei jarraitzen eta bere etxebizitzetan protestak, escratxeak egiten. Jakina, eta normala denez, agintean dagoen PPri zuzendu zaizkie legeak aldatu eta etxe kanporatze horiek eman ez daitezen. Hemen ere Euskal Herrian eman dira, batik bat, Bizkaian eta Gipuzkoan eta PPko karguen etxebizitzan. Eta, hor hasi dira istiluak eta salaketak. Gehiegikeria eta lotsagabekeria asko entzun dugu, hala nola: ETArekin zerikusia duen mugimendua dela; iraganeko kale borrokaren antzekoa dela, naziek egiten zutenaren antzekoa dela etab. Garbi dago, eta giza mugimendu honen antolatzaileek esana da, mugimendu horiek erabat anitzak direla eta ez duela zerikusirik hor parte hartzen duen jende askok presoen aldeko manifestazioetan parte hartzea. Eta zer? Aginteak bere lege atzerakoiekin pertsonen bizitzarekin erraz jolasten du eta, agintariei aurre egitea eta egiten ari direna ez dela bidezkoa gogoraraztea nazia edo ETAkoa izatea al da? Aitzakia errazegiak, zalantzarik gabe. Eta honek guztiak eztabaida sortu du gizartean, epaileengana iritsi arteraino. Eztabaidaren muina hauxe litzateke: nola orekatu protesta eta bizitza pertsonala. Zilegi da pertsona publiko bati escrachea egitea bere etxebizitzaren aurrean non, bizi diren agintari horien semak, familiartekoak? Ertzainak escracheen kasuetan distantzia bat errespetatzera behartu izan ditu protesta egiten ari zirenak.
Epaile Gorenak ere biak kontuan hartu behar direla esan du, batetik, protesta agertzeko eskubidea eta, bestetik, gizakion pribatutasuna.
Nire irudiko, oreka hori ongi dago baina Etxe kanporatzeak Stop ekimenekoek egin dituzten protestak ez dut uste gehiegikeria direnik. Nik uste dut protesta horiek oreka hori errespetatuz beharrezkoak direla eta aurrera egin behar dutela egoera latza eta gorria baita familia askorentzat. Egun hauetan, Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren barruan, “Libre te quiero” izeneko filma ikusi dut, non Madrileko 15Mko protesta eta mobilizazioak agertzen diren. Hunkigarria filma; negar ere egin nuen baina itxaropentsua ere bada. Gazteago ez izatearen inbidia sentitu nuen.
Eta bukatzeko, honen harira, zera aipatu nahi nuke: Etxe kanporatzeak Stop milioia eta erdi sinadura bildu zituela Kongresuan lege berri bat aurkezteko, funtsean “dación en pago” delakoa onartzeko. Hitz gutxitan, etxetik kanporatzen zaituztenean etxe hori bankuari eman, horri dagokion hipoteka ordaintzen jarraitu behar izan gabe. Baina bai zera! PPk, gehiengo absolutuarekin atzera bota du herri ekimena. Lotsagarria!
Etor dadila Amancio Prada galiziar abeslaria eta 15M filmean bezala abestu diezagula: “Aske nahi zaitut, aske nahi dugu, aske...”.