Anttoni Kaxetakoari zorionak!

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Izagirre 2012ko abe. 14a, 09:27

Anttoni, ehun urte bete dituzu, mende bat alegia. Erraz esaten da baina unez une, egunez egun, urtez urte bizitakoa denean beste garrantzitsu bat hartzen du. Bizitza orok bezala, ehun urtekoak ere izango ditu poztasunak zein tristeziak; argitasunak nahiz iluntasunak; baketsuak zein kezkatiak. Nola ez! Izan ere, bizitzaren handitasuna eta aberastasuna unez uneko sentsazio, emozio eta sentimenduak egiten baitute. Jaiotzen garenetik bide baten aurrean jartzen gaituzte eta hortik abiatzen gara gure heldutasuna egunez egun lantzan. Heldutasuna aipatzen dudanean zera esan nahi dut: gure gorputz fisikoak eta izpirituak, non gure emozioak eta sentimenduak kokatzen diren, gaitasuna lortzen dutela gure bizitza kudeatu eta zuzentzeko. Azken batean hori da bizitzaren zentzua.

Nik eta nire senideak haur ginela ezagutu zintuztegun. Aita imigrantea izan genuen, eta ama ere bai, berak hainbeste maite zuen gizona imigrantea baitzen. Zure garaikoak,alegia. Xuxekatik ez ziren hain urruti bizi, Oiarbi eta Enbutegi baserrian alegia,eta zu ere, Maizulokoa izanik, Xuxekatarra. Lau senideok, ni gazteena, Kaxeta ondoan jarri ginen bizitzen, eta hurbiltasunak eta zure seme alabak, Agurne, Josebe eta Juan Mari gure adinekoak izanik, erraz sartu ginen zeuon etxean. Garai hartan etxebizitzak ez ziren gaurkoak bezain itxiak kanpotik zein barrutik; ateak irekita zeuden eta auzokideen artean bazegoen horrelako harreman erraza. Josebe zen nire adinekoa,eta askotan esan ohi zuen bezala hitz-egiten berarekin ikasi nuen. Zoritxarrez, 11 urterekin geratu nintzen amarik gabe eta aitortu behar dut ama ordezkoa Kaxetan aurkitu nuela. Niretzat eta guretzat Kaxeta nire etxea zen, eta oraindik haur ginela han biltzen ginen igande gauetan jolas giroan.

Marizulo da zu jaio zinen baserria eta kobazulo horrek badu bere mitologia kutsua. Izan ere, Euskal Herrian sorginen historiak eta ipuinak ugariak dira. Eta, zuk egia esan, bazenuen sorgin kutsu hori. Gogoratzen naiz gu sukaldean eta argiak itzali eta sorginez edo mozorrotuta jaisten zinen goiko solairutik gu beldurtu edo xaxatzera. Trebezia handia zenuen haurrak jolasean jartzeko. Halaber, artoa aletzen edota gaztaina jaten geundela historiak eta xelebrekeriak kontatzen zenituen algara franko eraginaraziz.

Jakina zurekin bizi ziren beste bi emakume haiek, ez dakit sorginak ziren, xarmagarriak bai: Maria eta Margarita; biak jostunak eta Urnietari zenbait arlotan modernitate kutsua eman zioten emakumeak. Haiek ematen zioten,noski, Kaxetari aire berezia. Jostun asko etortzen ziren eta bisitariak ere ugari. Baina zu gabe, Kaxeta motz geratzen zen, han ere, eta ez diot mesprezioz, nolabait neskame lanak egiten baitzenituen. Gogoan dut Margarita eta Maria meriendara jaisten zirenean, zuk dena prest zeneukan. Jakin dugu Madrilen markesaren etxean ere neskametzan ibilia zarela. Irudikatzen zaitut markesaren etxean soineko beltza, mantal zuria eta buruan apaingarriren batekin harat honat etxe handi eta dotore batean. Ba, Kaxetan ere, soineko beltza eta mantal zuririk ez, baina, gainontzekoan, trebeziaz eta txukun asko egiten zenitun zerbitzu lanak. Beraz, Margarita eta Maria bai, baina zu, Anttoni, ere hain garrantzitsua izan zinen Kaxetan, pertsonaren handitasuna ez baita neurtzen kanpoko itxuragatik barneko izaera eta balioengatik baizik.

Askotan esan ohi da: bizitzari zentzua eman behar zaio, norabidea alegia, baina, nire irudiko, bizitzak badu berez norabidea. Eta bizitzari ari garelarik Bernardo Atxagaren poema baten zatia datorkit burura:”bizitza bizitza da eta ez bere emaitzak. Ez mendi baten gailurrean eraikitako etxe sendoa, edo etxe horretako apaletan kokaturiko koroa eta dominak,urrezkoak edo urre itxurakoak. Ez hori bakarrik bizitza, bizitza bizitza da, handiena, kentzen duenak kentzen du dena”. Bizi garenok, denok gara handiak eta bizitzak berez du zentzua :”Bizitza bizitza baita”.

Mila zorion Anttoni hainbeste eman zenigulako; Kaxeta magiaz eta alaitasunez, hitz batean, bizitzaz jantzi zenuelako eta posible egin zenuelako gure haurtzaro bizitza zoriontsuago egitea. Eta bizitza bizitza bada eskerrak eman bizitzari.

Zorionak Anttoni!

Felipe, Angelita, Asuncion eta Ramonen izenean.

Post-data:
Badator negua: Olentzero, jaiotzak, kontsumoa hotza eta iluntasuna. Krisiak ere berean jarraitzen du. Ni muntai honen guztiaren erdian neguarekin geratzen naiz hori baita naturak bizi duena eta hori baitzen antzinakoek bizi zutena: “Neguko solstizioa”. Beraz, Aiurritar guztioi negu ona opa dizuet naturaren antzera barneratu eta bizi isiltasuna, eta bakea. Paga extra bai ala ez, Naturak eskainiko dizkizue porru eta beste neguko zenbait barazki. Eta aurrera! Udaberria datorrenean energia berriarekin atera eta bizitza loretsua eta fruituz betea zabal dezazuela. Negu on!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!