Amaia Egañaren heriotzak Euskal Herria zein estatu osoa hunkitu du. Guk, agian, are gehiago hurbiletik bizi izan dugulako. Bere buruaz beste egin zuen etxea utzi eta kale gorrira joan behar zuela agindua ematera zetozen une berean. Aurretik ere estatu osoan izan dira bere buruaz beste egin dutenak. Pertsona orok du eskubidea, diote legeek, etxe bat izateko. Izan ere, etxea da babeslekua, non seguru sentitzen zaren zure eguneroko bizitza duintasunez garatzeko. Baina, Amaiari, beste askori bezala, eskubide hori kendu egin diote bankuen jokabide neurrigabea dela medio. Eta bere buruaz beste egin zuen. Horrelako egoeran eta modu horretan ematen den heriotza hunkigarria da, noski. Baina, halaber, eta ez dakit zergatik, horrelako heriotzaren, bere buruaz beste egiten denean alegia,orokorrean berehala sortzen dira esamesak eta murmurioak, niretzat, errespetu falta adierazten dutenak: batak esango dizu halako eta bestelako arazo fisikoak zituela; beste batek arazo ekonomiko larriak ere bazituela; bere bizitza pertsonalean ere sartuko zaizkizu bakarren batzuk, inongo gupidarik gabe.
Bai, arazoak omen zituen bere familian, bere bikotearekin, anai arrebekin etab. txismorreo merkea. Bizi denean inork gutxik eskainiko dio bere laguntza baina bere buruaz beste egiten duenean, orduan herri osoa prest gaitzesaka aritzeko.Aiurri aldizkaritik oroimenean izango dugula adierazi nahi nioke Amaiari, eta errespetu osoa merezi duela bere buruaz beste egiten duen edonork. Amaia gogoan zaitugu!
Hau esanik, oso garrantzitsua ikusten dut heriotza hau eta beste asko eman diren testuingurua aztertzea eta salatzea. Bankuek eta talde finantzariek sortu duten krisi basati eta larri honetan etxe kanporatzeak izan dute alderdi gogorrena, besteak beste, noski. Langabezian geratu eta etxea ezin ordaindu izanak familia osoak, guraso eta haurrak, kale gorrira utzi dituzte inongo etika eta inongo gupidarik gabe. Eta, etxea kentzeaz gain, bankuari etxea ordaintzen jarraitu behar nahiz eta etxearen jabe ez izan! Trapu zaharrak bailiran hor utzi dituzte kale gorrian. Jakina, honek gizarteko hainbat eta hainbat talde mugiarazi ditu, hala nola, epaile, zenbait banketxe, legegizon, politiko eta eliza bera ere bai. Baina, altxamendu garrantzitsuena herriarena da, noski. Elkartasun luze zabala sortu du gertakari honek, hainbat unetan etxe kanporatze hori galarazteraino. Indar errepresiboek ezin izan dute etxe kanporatzea sufritu behar zuen familiaren defentsan sortu den jende andanarekin. Eta, lortu ere, lortu dute hainbat kasutan atzeratzea eta familiak bere etxean jarraitu ahal izatea. Dena den, etxe kanporatzearen kontrako mugimendua handituz bazihoan, Amaiaren heriotzak mugimendu hori areagotu egin du. Politikoak ere esnatu direla dirudi, baina ez behar hainbeste, ezen, PP eta PSOE ez dira ados jarri hipoteka lege berri batean. PPk berea atera du, erabat ahula eta eskasa. Europak esan diena, elegia, Espainiako legea ez dela zuzena arlo honetan, hankapetik pasa dute eta ezer gutxi berritu dute edo itxaropen gutxi sorrarazi dute gizartean. Beraz, borrokak aurrera egin beharko du guztiontzat etxe duin bat lortu arte.
AZAROAK 14
Etxe kanporatzeak, langabezia, murrizketak eta krisi honek sortu dituen hainbeste ondorio txarrek eraginda, azaroaren 14rako greba orokorrera deitu zuten Estatu osoan Langile Komisioek-UGTk. Euskal Herrira ere zabaldu zuten deia. Aurretik, irailean 26an ELAk eta LABek greba orokorra deitu zuten. Orduan hemengoak bakarrik. Oraingoan, aldiz estatu osokoak.
Dakidana da, oraingoak, azaroaren 14koak, hemen, Euskal Herrian oihartzun gutxi izan duela nahiz eta eguerdiko eta gaueko manifestazioan jende dezentek parte hartu. Ez naiz sartuko zergatik ez ziren denek ados jarri, hala irailaren 26an nola azaroaren 24an. Bakoitzak bere iritzia eta arrazoiak emango ditu, baina herritarrek ulertzen ez dutena zera da: horrelako egoera larri batean bizi, greba baten kostua kontuan hartuta, sindikatu bakoitzak bere aldetik ibiltzea. Horrez gain, badirudi greba Europako Sindikatuen Konfederazioak deitu zela. Horko kide da ELA. Arrazoiak asko izango dira, baina ulergarriak bakar bat ere ez, seguruenik. Denek gin beharko dute hausnarketa grebaren inguruan eta izan duten jarreraren inguruan. Bestalde, ikusi da, greba, patronala presionatzeko lanabes gisa ezin daitekeela hain arin erabili. Hor dago soldaten murrizketa. Nire irudiko, mobilizazio eta beste zenbait metodori garrantzia gehiago emango nieke. Ikustekoa izan zen egun horretan Madrilen eman zen manifestazio jendetsua!
Ari dira sortzen han eta hemen giza mugimendu ugari eta horiek izango dira datorrenean agian sindikatuen ordezkaritza hartuko dutenak edo jarreraz aldaraziko dituenak.
Dena den, edozein motatako elkartasuna ongi etorria izan bedi!!