Aiurriko azken zutabean hauteskundeak igaro arte agurtu zintuztedan. Kataluniako lurrikara politikotik abiatu nintzen eta, esan ere, esan nuen hemengo hauteskundeetan izango zuela eraginik. Eta halaxe izan da. Bai horixe!! Jakina, derrigorrezkoa zen bizi dugun egoeran ekonomi arazoa aipatzea, baina, halere, Euskal Herriak behar duen egitura berri bati buruz ere asko eta luze hitz egin zen. Kataluniako lurrikarak, gaur, politika astintzen jarraitzen du. Horren lekuko zenbait intelektualek Kataluniako independentziaren aurka idatzitako agiria. Kataluniak zortea izango ahal du labirinto honetatik itxuraz ateratzen. Mas presidenteak berak, alabaina, izan du errurik nahaste-borraste honen sorreran. Hauteskundeak jarriko ditu gauzak bere tokian.
Gurera itzuliz, jada ahazturik ditugu mitinak, gezur-egiak, propaganda, papera eta hain erraz gastatu duten dirutza. Hor ibili dira bi astetan bata bestea iraintzen: “zu baino hobeak gara”; “ez duzue ezertxo ere egin eta egin duzuena gaizki”, “gu gara onenak”;... beti gure gabeziak besteari jaurtitzen psikologia munduan proiekzioa deitzen dioten horretan eroriz. Azkenean lehia EAJk irabazi du; oposizio garaitik bila zebilen boterea lortu du. Boterea edo zama? Orain ikusi behar hainbeste kritikatu duena zuzentzeko gai izanen den. Zama aipatu dut, eta galanta gainera. Gaur bertan aipatu dute langabeziak Euskal Herrian gora egin duela inon baino gorago. Baina tira! Hauteskundeak beti dira aukera bat. Jakina, boterea lortu eta ez badira gai egoera hobetzeko, nire ustez, agintea utzi beharko lukete. Baina, aginduak agindu, zintzotasun maila horretara inor gutxi ailegatzen da.
Bestalde, Urkullu jauna lehendakaritzara iristen bada jakinen ahal du gure herria anitza dela eta aniztasun horren ordezkari dela, eta bere sinismen eta usteak esparru pribatura mugatu eta publikoan guztion ordezkari izan behar duela. Ez nituzke ikusi nahi aginte publikoa eta erlijiosoa, edozein koloretako dela, bide berdinetik. Halaber, poztu nau gehiengo absolutua lortu ez izanak, ezen horrela gobernatzeko zeharkako adostasunak bilatu beharko baititu, eta hori beti da aberasgarria. Bigarren irabazlea EH Bildu izan da, eta, espero zitekeenez, emaitza onak lortu ditu. Nago espero zuen baino gutxiago lortu duela. Dena den, emaitza onak lortu ditu. Aralarrek, agian, ez du gehiegi gehitu aurreko legealdiko krisia medio. Beste biak, PSEk eta PPk behera egin dute. PSEk katarsiaren beharra ikusi du; horren kontzientzia hartu badu ez da gutxi.
Krisia estatu osora hedatzen da Katalunia barne, nahiz eta orain hasi diren erabakitzeko eskubidea defendatzen. Euskal sozialismoari dagokionean “sozialista baskista” deitzen den korrontea ahuldu egin dela deritzot. Hor daude nahiko bazterturik Egiguren, Zabaleta etab. Nire irudiko, nahiz eta Estatu osoko mailakoak izan eta, jarraipenkerian erori gabe, lekuan lekuko politika beharrezkoa da. PP uste dut beldurra sartzen ibili dela eta estrategia hori gaizki atera zaio. Ikasiko al dute! Eta UPyDk ere baztertze politikarekin ez dut uste ibilbide luzea duenik.
Gobernu berria osatzearen aurretikakoak
Eta orain, denok zain ea kulebroi berria nola bukatzen den. EAJk hiru multzo nagusi aurkeztu dizkie gainontzeko partiduei: 1. Ekonomikoa; 2. Bakea eta elkarkidetza, 3. Euskal Herriarentzat estatus berria. Ez da txantxetarako aztergai multzoa. Eta hor dabiltza kinielak ea norbaitekin ezkonduko ote den; bakarrik abiatuko ote den ondoren adostasunak bilatzeko. Nork daki!! Ekonomian badirudi EH Bilduk alde handiak dituela Gobernu berri osatu nahi duen EAJrekin. PSEk dio dokumentua definitu gabea dela. Agian, PPkoekin?. Baina, jakina, hiru aztergai dira koalizio Gobernua osatzeko eta hirurak onartu beharko lirateke. Hor dago koska.
Bigarrenak (bakea eta elkarbizitza) ere badu mamirik. Aurreko Legealdian Aintzane Ezenarrori esker eman ziren urrats batzuk bake bidean. Ordea, EH Bildukoak ez ziren han egon eta nolabait parte hartu beharko dute. Ea denon artean oinarri trinko batzuk eraikitzen dituzten bakea, memoria, kontakizuna eta abar lortu ahal izateko.
Eta hirugarrenean esan nahi dut, nire irudiko, EAJ ez dela garbia izan; esan nahi baita, mahai gainean erabakitzeko eskubide demokratikoa jarri behar dela. Eta alderdi politiko guztien artean aurretik adostasuna lortzen bada herriak erabaki dezala hori nahi duen ala ez. Eta, bestela, herriari eman erabakitzeko eskubidea eta aukera guztiak mahai gainean jarrita: independentzia, federalismoa, autonomia, etab... libreki aukeratu ahal izateko. Hain da sinplea, erraza eta garbia. Nire irudiko Katalunian dena kakaztu da eta hortik sortu dira hainbeste katramila. Jakina, Parlamentua jarriko al da ados honetan? Zail ikusten dut benetan baina hori litzateke demokratikoena. Dena den, hurrengo Aiurriko zutaberako uxatuko dira zalantzak.
Eta bukatzeko bi hitz bidean geratu direnei, batik bat, Ezker Anitzari. Lagunok, ez etsi eta jarrai ezker-eskubia defendatzen, gizartearen bi eredu desberdinak baitira. Utopia pittin bat ongi dago, osasungarria baita.