Lurrikarak gune bat izaten du eta hortik zabaltzen da bidean harrapatzen duen guztia irentsiz; zenbat eta zabalagoa hainbat eta kalte gogorragoak, fisikoak nahiz pertsonalak. Konturatu zara, noski, irakurle, Kataluniako lurrikara izenburutzat aukeratzerakoan lurrikara politikoari nagokiola. Izan ere, noizbehinka ematen dira politikan ere lurrikarak, eskema eta molde zaharrak hankaz gora jartzen dituen horietako lurrikarak. Kontua da, Kataluniak duen, beste herrialde askok bezala, Herri bat deneko sentimenduak gainezka egin duela, eta hasera batean ekonomi itxura zuen arazoa politikara zabaldu dela eta, momentu honetan Kataluniaren Independentzia eskatzerainoko arazo bilakatu dela. Haserako gunea, Diadan, Kataluniako Egunean izan zuen, eta, bolbora gisa, Kataluniako Parlamenturaino iritsi zen. Presidentea, lehenik, Madrilera joan zen laguntza eske, alegia, zerga gaia aldatu behar zela eskatuz baldin eta gainean zituen zorrak ordainduko bazituen. Baina, Madrilen atearekin muturrean eman zioten eta berehala deitu zituen hauteskunde berriak, horrela herri kontsulta bat antolatzeko asmotan.
Kataluniako lurrikara honen ondorioz nire irudiko, hitz eta kontzeptu asko nahastu dira: autodeterminazioa, independentzia, erabakitzeko eskubidea eta independentzia aldeko referenduma etab... Nahaste-borraste gehiegi. Halere, Autodeterminazio hitza gustukoa dut, ezen Frankismoaren garaiko gure borrokan hitz hori hitzetik hortzera generabilkin eta. Gure garaiko borroka taldeetan, hain zuzen, hitz hori, Errusian eman zen iraultzatik gaurkotu eta gure egoerari, Euskal Herriari alegia, egokitzen genion. Eta, gogoan dut, autodeterminazioa, hau da, Euskal Herriak berak nahi duena izateko eskubidea defendatzen genuenok espainolistak ginen, “benetako” euskaldunak independentzia defendatzen zutenak ziren. Hori zela eta, Frankismo ondorengo urteetan, trantsizioa deitzen den garaian, alegia, hitzezko erasoak zein fisikoak jasan behar izan genituen. Baina, historiak gauzak bere lekuan jartzen ditu eta, hara nondik, orain denek defendatzen dute autodeterminazioko eskubidea. Bejondeiela! Hobe, berandu bada ere.
Autodeterminazioa bi mailatan ulertzen dut: gizabanakoan eta gizartean, esan nahi baita, pertsona orok duela bere bizitzari dagokionean, autodeterminatzeko eskubidea: bere bizitza nola antolatu eta, nola ez, bere heriotza ere bai. Bizitzaren jabe gara eta nor bera autodeterminatu daiteke, heriotzari dagokionean ere bai. Gizarteari dagokionez, Herri orok du autodeterminatzeko eskubidea; independentzia, federalismoa, autogobernua, etab... Horregatik, Kataluniakoaren ondoren sortu den hitz eta kontzeptu nahasketa hori askoz ere xinpleagoa da nire irudiko: eman diezaiogun Herriari hitza eta herriak erabakiko du zer-nolako egitura nahi duen bere Herriarentzat. Kataluniak, azken aldiko gorabeheratatik haratago, eta hauteskundeak ematen direnean, erabakitzeko eskubide hori gauzatzen saiatu beharko da, baina ez independentzia bai ala ez, baizik parlamentuan ez badira adostasun zabal batera iristen, herriak erabaki beharko du eskaintzen zaizkion aukera guztiak aurrean dituela, independentziatik aparte beste aukerak ere badaude eta denak, noski, errespetagarriak.
Hemen ere hauteskundeak
Altxa da oihala. Eta alderdi bakoitza hasi da bere promesak aletzen. Eta ondokoa baino hobeagoa dela frogatzeko mila gezur bota ditzake ez baitakit dagoen egoera konponduko duenik izango den. Baina tira. Gezurrak gezur eta egiak egi, bi aste jasan beharko ditugu gezurrak, egiak, erdi egiak eta erdi gezurrak entzuten. Lau omen dira politikoki zuzenak: hiru gizonezko eta emakume bat. Agian, emakumeak mirariak egin ditzake. Baina, bada beste alderdi bat ere, problema beste erabatera planteatzen duena: abertzale-konstituzionalista baino ezker-eskuina. Txikia da eta inork gutxik egiten dio jaramon baina interesgarria litatzeke ezker-eskuina parlamentuan planteatzea. Beti izan naiz politikoki ez zuzena, utopiko xamarra eta horregatik opa diot euskal parlamentuan jesarlekua, eta zenbat eta gehiago hobe, ezkerrak indarra izan dezan.
Bukatu aurretik, eta Kataluniakoarekin hasi naizenez, eta autodeterminazioari gagozkiolarik zera: iritsi daitezela Parlamentua adostasun zabal batera gure herri honek izan behar duenari buruz eta, jakina ondoren, niri behintzat galde diezadatela nik zer nahi dudan eta ez dezatela herria nahasi autodeterminazioa gora autodeterminazioa bera. Hitza herriari eman eta kito!!!
Azken aholku bat: ahal baduzue hauteskunde antzerkia urrutitik ikusi; eta ez liluratu esaten dituzten hitz potoloekin, kontuan hartu beraien jarrerak, beraien duintasuna, beraien bestearekiko errespetua, balio horiek ere garrantzitsuak baitira. Hilaren 21ean elkar ikusiko dugu zorte on!!!!