Hamabostaldiko zutabea idazterakoan zalantza asko izaten dut gaia aukeratzerakoan. Izan ere, luma edo ordenagailuaren aurrean eseri eta berriak kolpean etortzen dira, onak zein txarrak. Ez da erraza gai bati heldu eta garatzea. Azken aldi honetakoak aipatzerakoan honako hauek aipatuko nituzke: ETA, GAL eta poliziaren gehiegikeriaren biktimek bat egiten dute justizia eta memoria eskatzeko. Jokabide honi bide egokia deritzot, ea urratsez urrats bizikidetzan aurrera egiten den. Honekin loturik, beste hau ere azpimarragarria: Bartzelonako Hipercorren izandako atentatu krudel hartatik bizirik irtendako pertsona batek eta parte hartu zuen ETAko buruak aurrez aurre ikusteko aukera izan dute. Gertakari hauek guztiak bide beretik doaz. Badirudi, Ordoñezek, Donostian hil zuten zinegotziaren arrebak, atentatuaren egile Lasarterekin aurrez aurre hitz egin nahi duela. Baina ez dakit asmo onarekin ote doan, alegia, ez ote doan beste asmoren batzuekin.
Azken berrien inguruan, Erreskatea ere hor dago pipilean, eta hortik etorriko dena ere ez da txantxetakoa izango. Auzitegi Goreneko buru den Divar jauna ere hor ibili da Marbella aldetik diru publikoa barra barra gastatuz. Auskalo non eta nola! Horiek dira gizarte ereduak. Ea gutxienez kargua uzten duen. Zer gutxiago!
Baina, agian, Gipuzkoan behintzat, azken aldi honetan nagusitu den berria zaborren birziklatzeari dagokio. Hitzetik hortzera ibili da, eta dabil; ondorioak luzatuko dira kulebroi bat bailitzan. Jakin badakit, neurri handi batean politikoen arazoa dela; herritarrek ez dugula horrela bizi eta sentitzen, baina komunikabideek eragina dute eta, azken batean, hizpide nagusia bihurtzen da. Hala ere, erabileraren poderioz, beste gai asko bezala, kakaztu eta nahastu egiten da eta, tristeena dena, politikoen maila kaskarra islatzen duela. Badirudi, aurreko legealdian onartu zena Bilduk ez duela bete nahi, baina gobernuan denez, eskubidea izanen du bere politika egin eta gauzak aldatzeko. Ikuspegi horretatik, ez diot eragozpenik ikusten. Ez dudana hain garbi ikusten da zergatik ez duten beraien proiektua Batzar Nagusietara eramaten, han baitaude ordezkari guztiak. Kontua da neurri batean zabor kontua Gipuzkoako gai nagusi bilakatu dela.
EAJk dio Bilduri eskua luzatu ziola aurrekontuak aurrera atera zitzan, baina hozka egin diola eta ez dagoela prest beste eskua eskaintzeko. Kontua da, oposizioko indarrak zentsura mozioa aurkeztekotan direla, eta ikusten denez, akordioak ez du lekurik. Berean jarraitzen dute jarrerek: atez atekoa, besteak bosgarren edukiontzia, erraustegia...
Egoera kaxkar eta ilun honetan, ordea, bada zorionez argirik, heldutasuna, elkarbizitza eta bakea islatzen duena alegia. Berri bitxiak dira eta ez dute egunkarietako lehen orririk betetzen. Baina, gehienetan bitxitasunak ematen dioten garrantzia duten horietakoak. Zestoan egin den kontsultaz ari naiz. Herrian eta herriko festetan zezenketak egiten dira eta, elkarbizitzan gerta ohi den bezala, talde bat ez dago ados eta zezen jai hori kendu nahi zuten. Beraz, batzuk alde, besteak berriz, aurka. Agintariek kontsulta egin dute eta, dirudienez, zezenen aldekoak irabazi dute,eta, alkateak ongi zionez, kontsultaren emaitza errespetatuko da. Horrela, herrian arazoak konpontzeko modu demokratiko honek elkarbizitza sendotuko du eta elkar errespetuan bizitzeko aukera izanen dute zestoarrek. Ahoa betetzen zaie politikoei herritarren partaidetzaz mintzo direnean, baina momentua iristerakoan, bereari eusten diote eta, azken batean, ez dakit noren ordezkaritzan oinarrituta, berea egiten dute. Herri batean horrelako gatazka sortzen denean, eta herritarren arteko elkarbizitza arriskuan dagoenean, ongi deritzot eta erabat demokratikoa kontsulta egiteari. Ez bada egiten elkarbizitza gaiztotuz joaten da eta, askotan, huskeria bategatik, elkarbizitza pikutara joan ohi da.
Lehengora itzuliz, zabor kontuetara alegia, politikoen joera dela eta, birziklatzeko moduak erabat absoluto bilakatu dira. Eta horrelako zerbait absoluto ibilkatzea, nire irudiko, oso arriskugarria da. Ez dago absolutorik. Herri bakoitzak ikusi eta herritar guztien artean erabaki beharko litzateke zein den modurik egokiena zabor gutxien sortzeko. Eta horretarako behar lukete herri kontsultak; hori litzateke demokratikoena. Ikusten denez, zenbait herritan bi talde sortu dira; atez atekoaren aldekoak eta aurkakoak. Hori ez bada ongi kudeatzen lehen aipatuko elkarbizitzaren kalterako izango da. Hainbeste aipatzen den “erabakitzeko eskubidea” herrietako elkarbizitzan ere praktikan jarri beharko litzateke.
Zestoarrek eskaini dute eredua. Ikastekoa litzateke!