Bakeari buruzko azken zutabeak “Bakea emakume ibilkatu zen” zeraman izenburutzat. Emakume hori Aintzane Ezenarro zen, eta izenburua, Legebiltzarreko bake ponentziaren eragileetariko bat bera izan zelako sortu zitzaidan. Azken berrien arabera ordea, bakearen sinboloaren emakumea Aralar alderdiak berak desagerrarazi nahi izan du Alderditik kanporatuz; baina, badirudi berak eta bi lagunek lanean jarraitzeko asmoa dutela zenbait ekimen burutu nahian. Uste nuen alderdiek, guk garai batean metodo stalinistak deitzen genituen horiek ez zituztela erabiltzen, baina bai zera! Oker nengoen. Azken batean, despertsonalizatu egiten dute eta aukera gutxi dauzkazu: alderdiak agintzen duena betetzen duzu ala kanpora zoaz. Horixe bera gerta zitzaidan fraide nengoela, ditxosozko obedientzia eta gainontzeko botoekin: nagusiek agintzen zuenari itsu-itsuan baiezkoa esan behar zenion edo, bestela, kanpora. Despertsonalizazio hutsa eta pertsonak duen baliorik handienaren ukapena: libertatea. Aintzaneri buruz beste apuntetxo bat. Gaur, igandea, “Noticias de Gipuzkoa”n elkarrizketa egiten diote eta, behin berriro, garbi mintzo ohi da... Legebiltzarrean diharduten lanari buruz, hiru asmo edo desira azaltzen ditu. Lehena: poliziaren gehiegikeriaren ondorioz emandako biktimak onartuak eta ordainduak izan daitezela; bigarrena: bakearen eta bizikidetzarako ponentzian, nahi duten guztiek parte hartuz, oinarri gisa gutxiengo batzuk lortzea; eta hirugarrenik: Memoria Institutua sortzea, non oroimen politika guztiak egin ahal daitezen eta giza eskubideen sustapena garatu ahal dadin. Presoei buruz ere hitz egiten du eta bere ustez presoen irteera bidea Nanclares bidea izango da, eta okertzat ematen du Gernikako Itunean Nanclareseko presoak ez onartzea. Lerro hauek zor nizkien, eta, benetan, historia honek ondorio batera eraman nau, alegia, alderdiak orokorrean baino pertsonak nahiago dituela, lehen esan bezala, alderdiek pertsonaren libertatea ito egiten baitute. Horregatik, hauteskunde zerrendek irekiak behar lukete izan.
Sarrera luze xamarra, baina niri ere gure irakasle bati gertatutakoa egin zait: ikasgai berria hasi aurretik aurrekoa ongi istea gustatzen zitzaion. Eta beti dago ongi aurrekoak garbi uztea eta beharrezko azalpenak ematea.
Hel diezaiodan, beraz, oraingo zutabeari. Honenbestez, batek baino gehiagok asmatu du zer nahi dudan adierazi izenburuarekin: Bakearen inguruan Bilbon ospatu den Biltzarra edo Kongresuari nagokio. Alderdien artean guztiz ohikoa da batak egiten duena ukatzea printzipioz, entzun ere entzun gabe. Nik, jakin badakit, gauzak ez direla denen gustukoak, baina, benetako bizikidetza lortu nahi badugu ikasi beharko dugu errespetatzen eta kritika baikorrak egiten eta gure alea jartzen. Kongresuak “bakea, memoria eta bizikidetza” zuen izenburutzat. Berez erakargarria eta parte hartu dutenen artean jende ospetsua, esperientzia handikoa eta testigantza hunkigarriak entzun dira. Guztiak bezala, eta normala denez, argi ilunak izan ditu bizitza berak bezala. Halere, nire irudiko argi baino ilun gehiago. Eta, izenburuan esan bezala Bakeak gehiago merezi zukeen.
Faltan bota ditudanak
Biktima guztiak ez dira egon eta horri larria deritzot. Gustatuko litzaidake, esaterako, Lasa eta Zabalaren familiartekoek han ikustea eta beraien testigantza ere entzutea. Bozgorailu egokia Estatuaren terrorismoak eraginiko biktimen testigantza mundu osoan entzuteko. ETAk eragindako biktimak ere, bai, noski. Ez zeuden Oroimenaren inguruan lanean diharduten taldeak. Eta orain aipatutakoa azken zutabearekin loturik legoke. Oker ez banago, Salvador Allenderen alabak esan zuen hemen trantsizioa deitzen diogun denboraldia ez zela ongi egin eta hor izanen lukete leku aurreko zutabean aipatutako taldeak, Francoren garaiko errepresaliatuen Goldatu talde berria barne. Memoriari dagokionean, Isabel Piper txiletarrak oroimen politikan adituak esan zuena gustatu zait, alegia, ez da zuzena talde memoria edo memoria kolektibo homogeneoa izango dela pentsatzea. Memoriak, beraz, partzialak izanen dira –eta Aintzanek aipatzen zuen Memorian Institutuak Memoriaren aniztasuna errespetatu beharko du–.
Testigantza hunkigarria
Italiako Brigada Gorrietako Adriana Faranda eta hauen biktima baten besarkada beroa. Eta beraiek ziotenez, biktima eta terroristen arteko elkarrizketa da biderik egokiena bizikidetza egoki bat eraikitzeko. “Ez da beharrezko barkamena elkarren artean hitz egiteko eta elkarrekin bizitzeko”. Besarkadaren irudiari eta hitzei ezin egokiagoak deritzot. Gorka Landaburuk zuzendu zuen eta esan ere, esan zuen: Gisasola, Nanclaresen dagoen presoari hitza ez ematea oker larria deritzola.
Dena den, izanen ahal dugu aukerarik kongresu anitzagoak ikusteko eta kontaketa guztiak irakurri ahal izateko.